NAIZ

Gora egin du bapeagailuen kontsumoak gazteen artean, «erretzeko ohituran sartzeko atea»

Lakuako Osasun Sailak eta Osakidetzak ohartarazi dutenez, zigarreta elektronikoen kontsumoa etengabe handitzen ari da, batez ere 15-35 urteko gazteen artean, kontsumoaren prebalentzia %34ra iristen baita batez beste.

Informazio mahaiak jarri ditu Osakidetzak osasun zentroetan.
Informazio mahaiak jarri ditu Osakidetzak osasun zentroetan. (IREKIA)

Gora egin du bapeagailuen kontsumoak 15-35 urteko gazteen artean, eta kontsumoaren prebalentzia %34ra iristen da adin tarte horretan. Lakuako Osasun Publikoko Zuzendaritzak adikzioei buruzko inkestan bildutako datuek erakusten dutenez, joera hori bereziki nabarmena da 15 eta 35 urte bitarteko gazteen artean; izan ere, zigarreta elektronikoen kontsumoaren prebalentzia %34ra iristen da batez beste, eta gizonen kasuan, ia %40ra, ohiko tabako kontsumoaren aldean. Azterlanaren arabera, halaber, 14 urtetik gorako biztanleen %13,8k zigarreta elektronikoak erre ditu noizbait. 

Zigarreta elektronikoetan erabilitako kartutxo motari dagokionez, erabiltzaileen %47k nikotinazko kargak erabili ohi ditu. Horien kontsumoa ohikoagoa da helduen, 34 urtetik gorakoen eta jada erretzaileak direnen artean. Zigarreta elektronikoaren erabileraren eta beste droga batzuen kontsumoaren arteko harremanari dagokionez, zigarreta elektronikoak erabili dituzten 15-34 urteko pertsonen %76k ere kontsumitu izan du kalamua noizbait.

Igande honetan hasitako Kerik Gabeko Astearen harira bidalitako ohar batean Osasun Sailak eta Osakidetzak azaldu dutenez, Osasunaren Mundu Erakundeak (OME) 2025eko Tabakorik Gabeko Munduko Egunaren inguruan egingo duen kanpainak ardatz izango du tabako eta nikotina industriek beren produktu kaltegarriak erakargarriak izan daitezen, bereziki gazteen artean, erabiltzen dituzten taktikak ezagutaraztea,  ‘Agerian utz dezagun haien erakargarritasuna: industriak tabako eta nikotina produktuekin dituen taktikak agerian’ lelopean.

Testuinguru horren ildora, Osasun Sailak ‘Euskadiko Adikzioen VIII. Plana’ du, 2027ra arte indarrean egongo dena. Plan horretan jasotzen dira adingabeek tabakorako duten irisgarritasuna murrizteko neurriak zein tabakoaren kontsumoa ez normalizatzeko ekintzak, bereziki nerabe eta gazteentzat. Gainera, bapeagailuak erabiltzeak osasunean dituen arrisku larriez ohartarazteko kanpaina abian jarri du, ‘Bapeatzea ez da broma: Bizitza izorratzen dizu’ lelopean.

Erabiltzaileek bapeagailuak erabiltzeko duten motibazioetako bat tabakoaren kontsumoa murriztea edo erretzeari uztea da, askotan uste baita baliagarriak direla horretarako. Inkestatutako helduen %67k aitortu du hori dela beren arrazoia, baina inolako ebidentziarik ez du erakusten zigarreta elektronikoak helburu horretarako erabilgarriak direla.

Kerik Gabeko estrategia

Lakuaren ‘Kerik Gabeko Euskadi’ estrategiaren esparruan, tabakismoa prebenitzeko eta bizi-ohitura osasungarriak sustatzeko programak sustatzen jarraitzen da.

Hala, duela hiru urte sortutako Kerik Gabeko Guneen Sareak (Osasun Sailak sortutakoa, foru aldundiekin eta udalekin batera) kerik gabeko gune kopurua bikoiztu egin du urtebetean: tabakorik gabeko 706 gune izatera iritsi da, eta 65 udalerri atxiki dira sare horretara.

Osasun Sailak eta EAEko udalek beste alor batean hartzen dute esku baita ere, tabakoari dagokionez: hezkuntza inguruneko kontzientziazioan eta sentsibilizazioan, hain zuzen. 2024an, EAEko 57 ikastetxetako 4.457 ikaslek parte hartu zuten Kerik Gabeko Gazteak programan, zeinaren helburua baita ikasleen (Lehen Hezkuntzako 6. maila, DBHko 1. eta 2. mailak) tabako kontsumoa prebenitzea.

Erretzeari uzteko laguntza

Osakidetzak, tabakismoaren aurkako borrokan, hamar urte baino gehiago daramatza tabakoa erretzeari uzteko ikastaroak ematen, eta 64.217 erabiltzaileri eman die arreta, banaka zein taldeka. 2024an soilik, 12.062 pertsonak utzi dute tabakoa ikastaro horiei esker; %58,73 45 eta 64 urte bitarteko pertsonak izanik.

Tabakoa kontsumitzeari uzteko bi ikastaro mota eskaintzen ditu Osakidetzak erretzeari utzi nahi dioten pertsonentzat. Lehenengoa aurrez aurrekoa da, eta bere baitan hartzen ditu banakako arreta (erretzaileen %88k aukeratzen du hori), taldeko arreta, ‘Bizi tabakorik gabe’ aplikazioa eta osasun profesional batekin jarraipena egitea. Bigarrena, berriz, modalitate ez-presentziala da, eta barne hartzen ditu telefono bidezko banakako arreta, online taldeko arreta eta Osasun Aholkuaren telefono bidezko etengabeko arreta.

Gainera, Osakidetzaren webgunean, Osasun Eskola bidez, Osakidetzak tabakismoaren prebentzioari buruz duen informazio guztia eskura daiteke.