NAIZ

Euskaraz jarduteko gai den robot industriala garatu dute Tecnaliak eta Orai zentroek

Tecnalia I+G+Bo ikerketa aplikatuko zentroak eta Orai adimen artifizialeko zentroak robot industrial aitzindaria garatu dute. Langileekin euskaraz jarduteko gai da eta, horren arabera, bere burua modu autonomoan konfiguratu dezake.

Tecnaliak Orairekin garatutako robot industriala, astearte honetako aurkezpenean.
Tecnaliak Orairekin garatutako robot industriala, astearte honetako aurkezpenean. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Tecnaliak, Orai zentroarekin elkarlanean, euskaraz eta beste hizkuntza batzuetan elkarreraginean jarduteko gai den robot industrial aitzindari bat ezagutarazi du astearte honetan BECen erakustaldi batean.

Azaldu dutenez, langileekin jarduteko eta, horretan oinarrituta bere burua modu autonomoan konfiguratazeko gai den robot honen euskarako bertsiorako Orai NLP Teknologiak-ek garatutako bi teknologiaren laguntza izan du: ASR (‘Automatic Speech Recognition’ edo transkripzio automatikoko teknologia) eta TTS (‘Text To Speech’ edo hizketaren sintesia).

Tecnalia roboten, kontrol industrialen, makina-erreminten eta beste plataforma batzuetn arteko interakzio naturalagoa ahalbidetzen duten teknologiak garatzeko lanean ari da. Kasu honetan, Oraik garatutako teknologia inplementatu du bere robot industrial batean.

Horrela, edozein langilek, baita ezagutza teknikorik eta programazio esperientziari ez dutenek ere, robota konfigura dezake askotariko zereginak egin ditzan, azaldu dutenez.

Tecnaliak eta Oraik nabarmendu dutenez, hizketa teknologiak eta teknologia sortzaileak konbinatuz, eraldatu egin daiteke makinen eta gizakien arteko interakzioa eta makinak gure beharretara egokitzeko modua. Aurrerapen horiek interakzio modu berriak sortzen dituzte; adibidez, ahots bidezko elkarrizketa naturala. Horrek goitik behera aldatzen du makinekin eta sistema automatizatuekin komunikatzeko dugun modua eta makinek erreakzionatzeko eta erantzuteko duten modua.

Honela adierazi du Unai Anterok, Tecnaliako Interakzio Areagotuko Fokuko arduradunak: «Enpresa teknologiko handiek hizkuntza nagusietako —hala nola ingelesezko— adimen artifizialeko sistemak entrenatzeko erabiltzen dituzte baliabide gehienak, eta horrek desabantaila nabarmena dakar hizkuntza gutxituentzat, hala nola euskararentzat. Hortaz, transkripzio automatikoa egin behar dutenean edo euskarazko galderei erantzun behar dietenean, adimen artifizialek erantzun generikoak, desegokiak edo are okerrak eskaintzen dituzte, datu gutxi dituztelako hizkuntza horietan entrenatzeko. Horrek erakusten du ahalegin berezia egin behar dela euskara adimen artifizialean eta etorkizuneko teknologian txertatzeko». Horregatik, erantsi du, da garrantzitsua robot industrial hau.

Oraiko Hizketa Teknologien arduradun Igor Leturiak adierazi duenez, «guretzat harro egotekoa da robot industrial aitzindari honek gure teknologia erabiltzea. Eta, gainera, garrantzitsua da gure teknologia azoka horretan ezagutaraztea, fabrikazio adimendunari eskainitako Estatuko topagunerik handiena baita; hantxe erakusten dira automatizazioaren eta robotika industrialaren arloetako azken aurrerapenak».