
Ura Bere Bidean kontzertuak urriaren 24an eta 25ean ospatuko dira BECen, baina talde batzuk ahotsa berotzen hasi dira. Hori da, hain zuzen, Gatiburen kasua: Alex Sardui abeslariak eta Haimar Arejita gitarra-jotzaileak Bilboko Orkestra Sinfonikoarekin batera grabatu dute ‘Ura 25’ proiekturako kanta bat.
Sarduik eta Arejitak bat egin dute astearte honetan BOSeko 40 bat musikarirekin Euskalduna jauregian ‘Agur Kapitaina’ abestia grabatzeko. Aukeraketa horri buruz, Sarduik adierazi dio NAIZi aprobetxatu nahi izan dutela «dena batera egiteko: kanta hori atera eta gure publikoaz agurtu». Zentzu honetan, Arejitak gaineratu du «abestia egokia» dela orkestrarekin jotzeko: «Oso akustikoa da, eta beraz haizeekin oso ondo moldatzen da. Formatu honetara eramateko nahiko naturala zela uste dugu».
Urriaren 24an eta 25ean BECen, artistek BOS eta Bilboko Koral Elkartearekin jardungo dute. Horren aurretik, irailaren 20an, ‘Ura Bere Bidean Korala’-ren hirugarren kontzertua izango da, eta Gatiburen azkena Araban. «Oso polita izan da. Guretzat luxu bat da holako musikarirekin jotzea. Nik nahiko nuke hiru edo lau aldiz gehiago jo», azaldu du Arejitak orkestrarekin jotzeko aukeraz.
Izan ere, 25 urteko ibilbidearen ostean, taldekideek Gatiburen agurra iragarri zuten 2025erako, eta azken kontzertuetako bat ‘Ura 25’ proiektuarena izango da. «Tramua oso berezia izaten ari da. Azken kontzertuak aprobetxatu nahi ditugu disfrutatzeko», esan du Gatiburen gitarra-jotzaileak.
Aste honetan zehar, Fernando Velazquez konpositoreak moldatutako beste 25 abesti joko eta grabatuko ditu BOSek proiektuan parte hartuko duten artistekin. Ura Bere Bideanen edizio honetan, 23 artista eta taldek parte hartuko dute, estilo eta belaunaldi askotarikoak ordezkatuz. Guztira, 100 euskal abesti baino gehiago berreskuratu eta moldatu dira, Velazquezen zuzendaritzapean. 2025ean zehar Ura Bere Bidean proiektuan azken urteetan estreinatu diren abestiak formatu digitalean argitaratuko dira.

Libertad bajo fianza para Mo Chara, rapero de Kneecap, acusado de «apoyar el terrorismo»

«Debido al calentamiento, el sirimiri está más en peligro de extinción que los linces»

El asador Etxebarri de Axpe, segundo mejor restaurante del mundo

Multiverse Computing, el «unicornio» vasco que aspira a liderar la IA europea
