Aktualitateko erredaktorea

Mario Larrinaga, garaile hirugarrengoz Bilboko Aste Nagusiko kartel lehiaketan

Bilboko Aste Nagusiak badu irudia aurtengo ediziorako. Mario Larrinaga bilbotarrak sortu duen ‘Camino a Bilbao’ kartela izan da irabazlea botoen %43,77 eskuratuta. Aurretik, 2019ko eta 2024ko lehiaketak irabazi zituen. Ikurrinaren koloreak nahastu arren, zuzendu egingo dute.

Bilboko jaietako kartel saritua eta bere egilea Mario Larrinaga Bilboko udaletxean.
Bilboko jaietako kartel saritua eta bere egilea Mario Larrinaga Bilboko udaletxean. (OSKAR MATXIN EDESA | FOKU)

Bilboko Aste Nagusirako bi hilabete eskas geratzen diren honetan, Aste Nagusiak badu kartela aurtengo ediziorako. Mario Larrinaga Mochales (Bilbo, 1999) garaile atera da kartel lehiaketan ‘Camino a Bilbao’ izeneko obrarekin. Artista bilbotarrak sortu duen kartelak Bilboko kaleak hartuko ditu abuztuaren 16tik 24ra.

Kartel irabazlearen aurkezpena astearte goizean ezagutu da Bilboko udaletxean egindako prentsaurreko batean. Artista bilbotarra hirugarrengoz gailendu da Udalak antolatzen duen lehiaketan, 2019ko eta 2024ko edizioetan irabazi ostean. Guztira, 222 proposamen aurkeztu dituzte: 72 Bilbokoak, 72 Euskal Herriko beste herrietakoak, 59 espainiar Estatukoak, eta 19 beste herrialdetakoak.

Ehunka proposamenetatik, epaimahaiak sei finalista aukeratu zituen eta Mario Larrinagaren kartela gailendu da botoen %43,77 eskuratuz. «Gure Aste Nagusiaren espirituarekin bat datorren kartela da: inklusiboa, anitza eta munduari irekia», nabarmendu du Itziar Urtasun Jai Batzorde Mistoaren presidentea eta Berdintasun eta Jaietako zinegotziak.

Epaimahaikideek «ikuspegi tekniko eta artistikoa» balioetsi dute erabakian. Aurten, hainbat esparrutako pertsonek osatu dute: Itziar Urtasun, Jai Batzorde Mistoaren presidentea eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia; Asier Abaunza eta Garazi Perea zinegotziak; Alicia Fernandez, Rekalde Aretoaren zuzendaria; Alberto Salcedo, Bilbao Arteko ordezkaria; Susana Alaguero, Alde Zaharreko Merkatarien Elkarteko arduraduna; Andoni Calvo kazetaria; eta Bilboko Konpartsen ordezkari den Lorea Ureta.

Erabakia hartzeko kartelaren aniztasuna erabakigarria izan dela aitortu du Andoni Calvo kazetariak: «Azpimarratu dugu kartelaren aberastasuna, dinamismoa, eta agertzen diren elementu anitzak: hauek oso argi erakusten dute Aste Nagusiaren esentzia».

Dena den, azken erabakia hautaketa sistema misto baten bidez egin da: herritarrek online bozkatu ahal izan dute Bilboko Udalaren webgunean, edo aurrez aurre Abandoko Udal Zentroan, ekainaren 9tik 15era bitartean.

Txapelduna, hirugarren aldiz

3.000 euroko saria eskuratu du Larrinagak. Hirugarren aldia da Bilboko jaietarako kartela ondu eta saria irabazten duela: 2019ko eta 2024ko lehiaketak irabazi zituen.

Mario Larrinagaren kartelak jaietako elementu mordo bat erakusten du: Gastronomia agertzen da, pregoilaria, txupinera, Gargantua, Marijaia, dantzariak eta txistulariak.

Nolanahi ere, kartelean «akats larri» bat dagoela aitortu du barre artean artistak: «Ikurrinaren koloreekin erratu naiz. Aitortzen dut bizitza osoan egin dudan akatsa dela, baina zuzendu egingo da. Lehiaketaren baldintzek badakarte kartelaren konposizioa arriskuan jartzen ez duten akatsak zuzentzeko aukera. Baina bai, onartzen dut garrafala izan dela».

Elementu tradizionalak eta modernitatea uztartu ditu artista bilbotarrak. Azaldu duenez, kartelari eman dion ikuspuntu ezberdina gakoa izan da irabazteko: «Ideia asko egon ziren, eta honekin geratu nintzen, angelu ezberdin batetik ikusten baita; pozik nago emaitzarekin».