NAIZ
Bilbo

Francis Diez eta Olatz Agirre izango dira 2025eko Aste Nagusiko pregoilaria eta txupinera

Bilboko Aste Nagusirako bi hilabete baino gutxiago geratzen diren honetan, Bilboko Udalak jakinarazi du Francis Diez, Doctor Deseo taldeko abeslaria, izango dela aurtengo edizioko pregoilaria. Olatz Agirre Txori Barrote konpartsako kidea, berriz, izango da aurtengo txupinera.

Francis Diez eta Olatz Agirre, pregoilaria eta txupinera.
Francis Diez eta Olatz Agirre, pregoilaria eta txupinera. (Bilboko Udala)

Bilboko Aste Nagusiak 45. edizioa beteko du aurten abuztuaren 16tik 24ra, eta bilbotarrek dagoeneko badakite zeintzuk izango diren aurtengo pregoilaria eta txupinera. Bilboko Udalak asteazken honetan jakinarazi duenez, Francis Diez Doctor Deseo taldeko burua izango da aurtengo edizioko pregoilaria. Olatz Agirre Txori Barrote konpartsako kidea, aldiz, izango da jaiei hasiera emateko txupina jaurtiko duen arduraduna.

Bilboko Udalaren Jaietako Batzorde Mistoak Francis Diez Rojo aukeratu du pregoia irakurtzeko abuztuaren 16an Arriaga antzokitik. Doctor Deseoko abeslaria Bilboko Uribarriko auzoan jaio zen eta «bilbotar peto-petoa» dela dio Udalak. «Doctor Deseo taldearen buruan, emozioz, indarrez eta poesiaren bidez bete ditu agertokiak hamarkadetan zehar. Bilboren eta bere Aste Nagusiaren miresle sutsua, bere burua jostari eta alai bezala definitzen du», azaldu dute Bilboko Udaletik.

Bestetik, Olatz Agirre Sagarna, Txori Barrote konpartsako kidea, izango da aurtengo txupinera, Bilboko Konpartsek izendatuta. «1969an jaioa, Santutxukoa da —gaur egun, baina, Alde Zaharrean bizi da— delineatzailea da ogibidez eta Bilboko Udalean lan egiten du. Ezkonduta dago eta bi seme-alabaren ama da. Eskulanak, sukaldaritza eta baratzezaintza ditu zaletasun, eta 17 urteko ibilbidea du konpartsako kide gisa», adierazi dute Bilboko Udalatik.

Itziar Ituño iazko pregoilariaren eta Nagore Urarte iazko txupineraren lekukoa hartuko dute Diezek eta Agirrek.