
Donostiako Piratek 2025eko Aste Nagusiaren egitaraua aurkeztu dute astearte honetan. Abuztuaren 9tik 17ra bitartean, hainbat jarduera eskainiko dituzte hiriko gune ezberdinetan, herri parte-hartzea, kultura eta aldarrikapen soziala uztartzen dituen proposamen anitz baten barruan.
Aurten ere, egitaraua egun osoko jarduerez osatuta egongo da, eta Flamenka zein hiriko beste hainbat txoko izango dira ekitaldien erdigune. Bertan, bertso saioak, kalejirak, kuadrillen arteko jolasak, playback lehiaketa, azoka eta herri bazkariak egingo dira, besteak beste. Haurrek ere izango dute beren espazioa: jokoak, hockey tailerra eta haurrentzako abordatze txikia izango dira horretarako prestatutako jardueretako batzuk.
Musika programazioari dagokionez, aurten ere eskaintza «anitza, euskalduna eta feminista» osatu dute. Bi eszenatoki nagusi izango dira: Flamenka eta Trinitate Plaza. Lehenengotik Orekka Erromeria, Izaki Gardenak, Olatz Salvador, Goxua’n Salsa, Merina Gris, La Txama, Hofe, Bengo edo Lukiek igaroko dira. Bigarrenak, Trinitate Plazak, «txikiagoen zale diren piraton gozamenera bideraturiko programazioa hartuko du: Revolutionary Brothers, Peppermint Sextet, Andoni Ollokiegi, Larre, Badmintones, ON, Ekiza & Xak, Pelax eta La Jodedera.
Eta, noski, mugimenduaren ikur bilakatu duten Abordatzea abuztuaren 11an: baltsak uretara botako dira, eta parte-hartze zabaleko jarduera horrekin aldarrikapen kolektiboa egingo da. Bestalde, abuztuaren 15ean ospatuko da Egun Nagusia, programazio bateratu eta berezi batekin.
Egitarauan beste hainbat jarduera nabarmentzen dira, hala nola abuztuaren 12an ospatuko den Kalejira Transfeminista, Maruxaken ikuskizuna eta Lumatza festa gauean.
Aldarrikapen sozialak, aurten ere presente
Aurten, Donostiako Pentsiodunen Mugimendua izango da egitarauko protagonista nagusietako bat. Antolatzaileek adierazi dutenez, mugimendu horrek urteetan egindako lana eta egungo borrokak lehen lerroan jartzea erabaki dute. Bereziki, gutxieneko pentsioa gutxieneko soldatara parekatzeko eskaera nabarmendu dute, eta horretarako egiten ari diren lan instituzionala eta soziala.
Era berean, indarkeria matxistaren aurkako neurriak indartuko dira. Kai inguruan puntu more bat jarriko da erasoak salatzeko eta behar duten pertsonak Bulebarreko artatze gunera bideratzeko. Udalak Emagin elkartearen bidez kudeatuko du arreta hori. Antolatzaileek azpimarratu dute ez dela nahikoa puntu bakarra izatea eta hirian zehar puntu gehiago behar direla.
Horrez gain, abuztuaren 16an, 19.30ean, autodefentsa feministaren aldeko mobilizazioa deitu dute. Erasoen aurrean erantzun kolektibo eta soziala emateko beharra nabarmendu dute, eta hiri inklusibo eta libre baten aldeko konpromisoa adierazi.

Akelarre, el hotel donostiarra de Subijana, entre los mejores del mundo, según Condé Nast

2027ko urtarrilaren 10ean egingo dute Pantxoak eta Peiok ‘Azken dantza’

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu
