
Astebete baino ez da falta azken Hatortxu Rock abiatzeko. Uztailaren 24an irekiko ditu ateak jaialdiak, baina aspalditik dabiltza bertatik bertara lanean antolakuntzako kideak. Lan horien artean, eta jaialdiari «behar bezalako agurra» emateko asmoz, gizarte eragile ugarirekin bildu da antolakuntza, egitasmoari atxikimendua bilatu asmoz. Honela, esparru ezberdinetako 22 eragilek egin dute bat Hatortxu Rocken agurrarekin. Ostegun honetan Lakuntzan bertan egindako agerraldian eman dute honen berri.
Sare, Harrera, Etxerat, Nafarroako Torturatuen Sarea, Sortu, EH Bildu, Alternatiba, Eusko Alkartasuna, Ernai, Ikama, Xuti, Gazte Abertzaleak, Bf, AEK, LAB, EHNE, ELA, Steilas, Hiru, 40 Minutu, Ezkerraldea Fest eta EDH-k egin dute bat jaialdiarekin. Hau da, alderdi politiko, sindikatu, musika jaialdi eta abarrek ere parte hartuko dute agur festa honetan.
Guzti hauek jaialdiak aurkeztutako manifestua sinatu dute. Bertan, gogora ekartzen da zergatik jaio zen Hatortxu Rock: «Euskal preso politiko, iheslari eta deportatuen eta haien senideen defentsarako tresna gehigarri gisa» sortu zela nabarmentzen da, baita «auzolana izan duela lanabes gauza handiak egiteko aukera emanaz».
Eta azken Hatortxu hau bide beretik joanen da. Nabarmen ikusi daiteke jaialdia posible eginen duten boluntarioen kopuruan: 7.049.
‘Hator hator neska mutil etxera’ lelopean sortu zen Hatortxu. «Onartzen dugu leloan aipatzen den helburua lortzeko azken pausoa oraindik ez dela eman. “Etxera” hori erabat gauzatu gabe dago», azpimarratu dute antolakuntzako kideek.
Ekitaldi nagusia, uztailak 27, 13:00ean
Konponbidea «luzeegi» doala azpimarratzen du manifestuak eta konponbide horretan «euskal preso politiko, iheslari eta deportatu guztiak etxean behar ditugula» gehitu. «Etxean diogunean hitz horren esanahi zabalean diogu: etxean, bai. Baina bizitza duina aurrera eramateko baldintza guztiak beteta: etxebizitza, lana, osasuna...»
Eta horregatik izanen da agur jaialdi hau «herri honek ezagutu duen elkartasun jaialdirik handiena». Uztailaren 24 tik 27ra luzatuko da eta, azken egun horretan, ekitaldi nazionala antolatuko du jaialdiak. 13:00ean, Beriain gunean, ‘Etxera!’ lelopean. Bertan parte-hartzeko deia egiten diogu alderdi politiko, sindikatu, eragile, herri mugimendu zein norbanako orori, «etxerako aldarria ozen entzun dadin Lakuntzatik Euskal Herri osora».
NAIZ Gunea
NAIZek, ia hasieratik bezala, oraingoan ere jaialdiarekin bat egin du, euskal preso, iheslari eta deportatuen eskubideen aldeko aldarria gizartearen bihotzean bizirik mantentzeko konpromisoan.
Horretarako sinatutako hitzarmenak helburu argia du: aldarriaren ikusgarritasuna eta garrantzia zabaltzea, kultura eta komunikazioa tresna aktibo gisa baliatuta, bertan egotearen zentzua badelako mundura mezu argi bat helaraztea: elkartasuna bizirik dago, eta oholtza gaineko doinuen artean borroka kolektiboaren bihotzak taupadaka jarraitzen du. Informazio guztia NAIZeko webgune berezian jasoko da.
Eta NAIZ Gune berezi bat ere izango du jaialdiak.E ta aurten inoizko eskaintzarik zabalena izango du: espazio atsegin eta eroso bat, atseden hartzeko txokoa, terraza, gosariak, taberna eta bestelako zerbitzuekin (mugikor kargagailuak...). Baina, batez ere, pentsatzeko, entzuteko eta elkarrekin egoteko gunea izango da.
NAIZ Gunearen egitaraua:
-Ostegunean (24) Iker Gurrutxagak elkarrizketa musikatua egingo dio MASKAK taldeari, zuzenean, NAIZ Irratian ere entzungai.
-Ostiralean (25) NAIZ Irratiak ‘Kosta ala Kosta’ udako azken saioa NAIZ Gunetik bertatik emitituko du. Albina Stardust eta Divina Comedia-ren eskutik, Bingo trabesti musikatua egongo da eta Andoni Ollokiegik kontzertu berezia eskainiko du, espetxearen inguruko piezak bere errepertorioarekin uztartuz.
Horrez gain, Ane Martijak barkalariak kontzertua eskainiko du.
-Larunbatean (26), Iñaki Soto GARAko zuzendariaren gidaritzapean, presoen egoerari buruzko mahai-ingurua: Mikel Mundiñano (Sare), Aduna Mendizabal (Harrera) eta Onintza Ostolaza abokatua partaide.
Anuk eta Elene bikotearen kontzertuak.
Eta ‘Miseriak’ publikoaren aurrean egingo da, estreinakoz jaialdian.

Un libro recoge en más de 1.400 páginas cerca de 3.000 especies de plantas de Nafarroa

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

Bazofia sintética disfrazada de noticia para hacer política facha
