
2025eko Aste Nagusia berrikuntzekin dator Donostiara: aurten, jaia hiri osora zabalduko da eta Su Artifizialen Nazioarteko Lehikateren 60. edizioa izango da programazioaren ardatz nagusietako bat egitarau ofizialean. Astelehen honetan Eneko Goia alkateak eta Jon Insausti Kultura, Euskara eta Turismo zinegotziak aurkeztu dute egitarau zabala, Uliako mintegietako parkean egindako agerraldian.
Udalak eta Donostia Kultur Festak erakundeak elkarlanean antolatutako jaiek 378 jarduera eskainiko dituzte hiriko 34 gune ezberdinetan, eta horietako batzuk eremu berrietan izango dira, alkatearen hitzetan, hala nola, Uliako mintegia. Azaldu duenez, gune hori elektronikaz beteko du Dantz Point-ek «ingurunea errespetatzen duen publiko anitza bertaratzea sustatuz». Aurten ere, «boluntarioez gain, ia 2.400 profesionalek parte hartuko dute, kultura eta kirol eskaintza oparoarekin», gehitu du Goiak.
Gipuzkoako Elikagaien Bankuak —aurten Hiritar Merezimenduaren domina jaso du— eta Amara Berri Auzo Elkarteak jaurtiko dute aurtengo jaiei hasiera emango dien «kanoikada auzotarra eta solidarioa» abuztuaren 9an. Udal ordezkariekin batera ‘Artillero’ abestuko dute bi elkarteek 19.00ak baino minutu batzuk lehenago. Udalak modu honetan, auzoan hainbat jarduera antolatu ahal izateko inplikazioa eskertu nahi izan dio Amara Berri Auzo Elkarteari erdialdetik beste auzoetara egitaraua eramatea posible eginez.
Aste Nagusian ez dira faltako «klasiko» handiak: gastronomia lehiaketa «osasungarri eta jasangarriak», Erraldoi eta Buruhandiak, musika eskaintza zabala, herri kirolak Trinitate plazan, eta barraken guneak, aurten ere Gipuzkoa plazan eta Pasealeku Berrian izango direnak. Autismoaren kontzientziaren aldeko neurri gisa, zenbait egunetan musika kenduko da zortzi orduz barraketako guneetan.
Suek 60 edizio
Su Artifizialen Lehiaketaren 60. edizioan historian zehar saritu diren su-etxeak itzuliko dira Donostiara, horrenbestez, «bolbora, argia eta kolore erakustaldiaz gozatzeko aukera egongo da». Horretaz gain, Aste Nagusia itxiko duen ikuskizun piromusikala izango da eta «hiru zuzeneko esku-hartze musikal egongo dira, Izaro, Janus Lester eta Txaranga Joselontxos-en eskutik. Gainera, badiaren gaineko laser emanaldia DJ batekin eskainiko da, jaien egitaraua amaitutzat emateko.
Donostiako Aste Nagusia askotariko jendearentzat pentsatua izan da. Insaustik eta Goiak «dei egin diete herritarrei jaiak askatasunez, segurtasunez eta errespetuz bizitzeko, eta egitarau oparoaz gozatu dezatela» adierazi dute.

«Detrás de cualquier lujo hay un crimen»

La exposición temprana a pantallas se relaciona con cambios cerebrales en la adolescencia

El cantante estadounidense y exmarine Zach Bryan se casa en la Parte Vieja donostiarra

Edinburgoko Hogmanay jaialdiak euskaraz kantari agurtu du urte berria
