NAIZ

Francis Diez, Aste Nagusiko pregoilaria: «Debozioa eta betebeharra bateratzen saiatuko naiz»

Bilboko Aste Nagusirako 18 egun besterik ez dira geratzen. Pregoilariak, Francis Diezek «erantzukizuna hartzeko unea» zela adierazi du eta «debozioa eta betebeharra» bateratzen saiatuko dela. Olatz Agirre txupinerak indarkeriarik gabeko Aste Nagusi baten alde egin du.

Olatz Agirre eta Francis Díez, gaur goizean Bilboko udaletxean uniformea jantzita.
Olatz Agirre eta Francis Díez, gaur goizean Bilboko udaletxean uniformea jantzita. (Bilboko Konpartsak)

Bilboko Aste Nagusia urbil da eta duela aste batzuk jakinarazi zuten nortzuk hartuko zuten jaietako pregoilari eta txupinera erantzukizuna, baina gaurko ekitaldian hedabideen aurrean traje tradizionala jantzita egin dute aurkezpen ofiziala. Bertan pregoilariak, «erantzukizuna hartzeko unea» zela eta «debozioa eta betebeharra» bateratzen saiatuko dela adierazi du, «izarra» alde batera utzi eta jaietan jendearen esanetara egoteko. Txupinerak, bere aldetik, festetan indarkeriarik ez dela onartuko azpimarratu du.

Itziar Urtasun zinegotziak, Jai Batzorde Mistoko presidenteak, Marijaiarekin batera jaietako protagonistak izango diren bi pertsonak aurkeztu ditu, «aurpegirik esanguratsuenak» izango direla azpimarratuz. «Marijaiarekin batera, herritarren erreferente izango zarete bederatzi egun hauetan. Etengabe kaleko protagonista bihurtuko zarete», adierazi du.

Francis Diezek aitortu du aurrekoetan pregoilari izatea saihesten saiatu zela, baina aurten «ardura hartzeko eta aurrera egiteko» momentua dela sentitu du. Dioenez, pregoilari lana «lana bezala» hartuko du, eta «jendearen eta konpartsen eskura» egongo da. «Ohorea da, bai; topikoa dirudi, baina egia da», azpimarratu du.

Urtasunek azaldu du festa batzordeak «aho batez» hautatu zuela Doctor Deseo taldeko abeslaria, «Bilboko izena beti aldean daraman bilbotar maitatua baita», eta «Aste Nagusiarekiko pasio sakona ere baduelako». Olatz Agirre ere oso pozik agertu da txupinera izendatua izateagatik, eta azaldu du konpartseroen ordezkari izan nahi duela: «Txori Barrotekoa naiz, baina aurten ez naiz zuri eta beltzez jantziko, baizik eta gorriz eta zuri, herri osoarena naizelako», gehitu du.

Agirrek herritarrak, inguruko bizilagunak, komertzioak eta langileak gonbidatu ditu festetan parte hartzera, «denontzako lekua dago. Aste Nagusia guztiona da». Horrez gain, festetan indarkeria guztiz onartezina dela azpimarratu du txupinerak, «ondo pasa dezagun, baina pasatu gabe. Inork ez dezala jai giroa zapuztu bortxaketez edo erasoekin. Horrelako zerbait ikusten edo jasaten badugu, konpartsetara jo dezagun, protokoloak martxan jartzeko prest gaude».