BABESLEDUN EDUKIA

Jai giroa nagusituko da asteburu honetan Larrabetzun, Erromon eta Berangon

Abuztuarekin jai giroan murgilduko dira Bizkaiko hainbat herri eta auzo. Hala nola, Larrabetzun Gazte Eguna egingo dute larunbatean, hilaren 2an, eta egun berean hasiko dira Erromoko Santo Domingoko eta Berangoko jaiak ere.

Iaz bertso saioa egin zuten Erromoko jaietan.
Iaz bertso saioa egin zuten Erromoko jaietan. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Urteroko hitzordua da herriko zein inguruko gazte jendearentzat Larrabetzuko Gazte Eguna, aurten abuztuaren 2arekin ospatuko dutena. Goizean goizetik abiatuko dute jaia, Kittu taldearen eskutik herriko kaleak musikaz alaituta. 15.00etan izango dute bazkaltzeko hitzordua eta tripa ondo beteta egingo dituzte olinpiadak. 17.00etan. Ostean, berriz ere herria zeharkatuko dute gazteek, Elektrokela Elektrotxarangaren erritmoan, 19.00etatik aurrera.

Aldarrikapenerako ere baliatuko dute Larrabetzuko Gazte Eguna, izan ere, elektrotxarangaren ondoren manifestazioa egingo dute Hori bai gaztetxearen alde, ‘Gaztetxeak defendatu!’ lelopean. Berriz ere musika nagusituko da gaueko 23.00etatik aurrera, herriko plazan Naxker, Toc, Biznaga eta Skabidean taldeek eskainiko baitituzte kontzertuak. Halaber, Gaztetxean gauerditik aurrera izango dira Stepiselektah, Santa Klaux eta Elena Barker.

Larrabetzuko Gazte Eguneko erakunde eta establezimendu laguntzaileak: Larrabetzuko Udala, Aretxabala herriko taberna, Etorki taberna, Gazteleku taberna, Irusta taberna, Sarrikola okindegia.

Erromo ere jai giroan murgilduko da asteburu honetan, nahiz eta txupina hurrengo asteazkenera arte, hots, abuztuaren 6ra arte ez duten botako. Larunbatean Felix Arnaiz Frankismoaren biktima omenduko du Ahaztuak 1936-1977 elkarteak Ibaiondon, urtero egin ohi duten legez. Ostean, txosnak irekiko dituzte eta bertan egongo da 19.00etatik aurrera elkartasun taloak dastatzeko aukera. Kontzertuak 20.30ean hasiko dira Txosnagunean, Romo Reggae Festival delakoaren baitan Itziarren Semeak, Taiwan MC eta Smooth Beans arituko baitira.

Igandean nekazari, artisau eta bigarren eskuko azoka izango da, goizeko 10.00etatik arratsaldeko 17.00etara bitartean, eta astelehenean Plater Irekia egongo da, hau da, lehiaketa gastronomikoa. Asteartearekin kuadrillen arteko lehiak jarraituko du, besteak beste, bazkaria eta goitibehera jaitsiera egingo baitituzte.

Txupina abuztuaren 6an jaurtiko dute, 19.30ean, egun osoa Gazte Egunaren bueltan antolatutako ekimenekin jai giroan eman ondoren. Gauean, Las Fellini izango dira Ganetan eta DJ Bull Txosnagunean.

Jaia eta kirola uztartzeko aukera izango dute erromotarrek ostiralean, Herri Krosa egingo baitute 19.00etan hasita. Gauean, Kop, Arene 6 eta Radiocrimen taldeek kontzertuak eskainiko dituzte txosnagunean.

Hilaren 8an Kuadrilla eguna ospatuko dute eta larunbatean Portuaren Eguna izango da. Putxera lehiaketa izango da eta baita kontzertuak ere, Doloresen STR eta Erromepunk taldeak izango baitira.

Igandean amaituko dira Erromoko jaiak, baina gauerdira arte luzatuko zaizkie, orduan botako baitute amaierako traka. Egunean zehar egitarau oparoa antolatu dute, besteak beste, bertso saioa txosnagunean, Andoni Egaña, Eli Pagola, Arrate Illaro eta Gorka Pagonabarraga bertsolarien eskutik.

Horretaz guztiaz gain, erromotar gaztetxoenentzat Txikigunea antolatu dute abuztuaren 7tik 9ra, 11.00etatik 13.30era eta 17.00etatik 19.30era, Santa Eguenia plazan.

Erromoko jaietako establezimendu laguntzaileak: Texas taberna, Billares Barria taberna, Aingara bordatuak.

Berangoko jaiak ere larunbatarekin abiatuko dira, eta abuztuaren 10ez amaitu. Santo Domingo jaiei abuztuaren 2an emango diete hasiera, besteak beste, kuadrillen igoera eta haien arteko hainbat proba egingo dituzte. Gauean, Anestesia taldea eta Lehian erromeria izango dira.

Igandean, Pala txapelketa eta, arratsaldean, Haur Parkea izango dituzte, baita The Half Nelsons eta Noran taldeen kontzertuak ere. Astelehenean, adinekoek haientzako espreski antolatutako hamaiketakoa izango dute eguerdian eta arratsaldean, besteak beste, mus txapelketa egongo da.

Kuadrillen Egunean, hots, abuztuaren 5ean, bazkaria egingo dute eta Andoni Oilokiegiren emanaldiaren ostean DJa eta karaokea izango dituzte.

Jaiei amaiera emateko, Makailo Egun Herrikoia egingo dute. 11.00etatik 14.00etara bitartean eta 16.00etatik 18.00etara arte umeek ur parkean ibiltzeko aukera izango dute eta arratsaldean Ekhy taldearen eskutik dantzaldia egongo da.

Berangoko jaietako establezimendu laguntzaileak: Iturgitxi Berria jatetxea, Nebarrebak taberna, Ambigu Moreaga taberna.