Aktualitateko erredaktorea

Bilboko txosna guztien diseinuek ‘Txosnak, Gureak, Denonak’ kanpainari babesa adieraziko diote

Bilboko Konpartsen Federazioak 2025eko Aste Nagusirako antolatu duen egitaraua aurkeztu du. Iragarri dutenez, txosnak babesteko kanpaina txosnaguneko protagonista izango da. Gainera, 600 jarduera baino gehiago prestatu dituzte gustu guztientzako ekintzez beteta.

Bilboko Konpartsek 2025eko Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dute.
Bilboko Konpartsek 2025eko Aste Nagusiko programazioa aurkeztu dute. (Aritz LOIOLA | FOKU)

Bilboko Aste Nagusirako hamabi egun geratzen diren honetan, Bilboko Konpartsek aurtengo jaietako egitaraua aurkeztu dute astelehen goizean Arriaga plazan egindako agerraldi batean.

Konpartsen Federazioak Jai Batzorde Mistoarekin batera 600 jarduera baino gehiago antolatu dituzte bederatzi egunetan zehar gustu guztientzako ekintzez betetako Aste Nagusiaz gozatzeko.

Herritarrek programazioaren berri izan dezaten, Bilboko Konpartsek egitaraua liburuxkaren 15.000 kopia inprimatu dituzte etxez etxe banatzeko. «Bertan jasoko dira, esaterako, umeentzako jarduerak, sukaldaritza tailerrak, puzgarriak, txotxongilo eta pailazoak, goitibera eta txosnak eraikitzeko tailerrak», azaldu dute.

Agerraldian jakinarazi dutenez, gazteen artean kultura sustatzeko asmoz, aurreko bizpahiru urtetan «nobedade arrakastatsu» izan diren skate tailerra eta rap tailer-emanaldia errepikatuko dituzte. Bi tailer horiek, bertsolariekin eta txalaparta tailerrarekin batera, Arriaga plazan egingo dituzte.

Horrez gain, kirolari presentzia handia emango diote Bilboko Konpartsek. Izan ere, hainbat ekintza prestatu dituzte, besteak beste: xake lehiaketa, swing dantza tailerra, goitiberak, piraguak, ur-jolasak, waterpolo lehiaketa, rubik lehiaketa eta igel-toka.

Ildo horretatik, Konpartsek iragarri dute Hiri Krosa ostiralean izango dela eta saskibaloi lehiaketa asteazkenean, Arriaga plazan.

Musika eskaintzari dagokionez, 250 kontzertu antolatu dituzte konpartsek, horien artean: Naxker, Chulería Joder, Ezpalak, Kaparrak, TOC, Sembrando Kaos. «Horiez gain, musika estilo eta giro anitzeko DJak eta pintxadak ere egongo dira txosnetan», gaineratu dute.

Jarduera guztiak kontsultatzeko, konpartsek iaz martxan jarritako aplikazioan egongo dira ikusgai, noiz eta non izango diren jakiteko. Aplikazioan, txosnen mapa eta erasoen aurkako protokoloa ikus daitezke. Horrez gain, https://astenagusia.bilbokokonpartsak.eus/ webgunean programazioa ikusteko eta deskargatzeko aukera izango dute herritarrek.

Txosnak babesteko diseinuak

Maiatzean «ondare inmaterialeko kultur ondasun» izendatzea eskatu zuten txosnek. Hori lortzeko nahian, 20.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko. Horrez gain, agerraldian jakinarazi dutenez, aurtengo txosna guztien diseinuek ‘Txosnak, Gureak, Denonak’ kanpainari atxikimendua islatuko dute.

«Txosnak bakarrak dira munduan, goxo kozinatzen dugunon sukaldeak, iraultzaileon barrak, mundu berri batekin amesten dugunon etxeak, eta horiek babesteko kanpaina aurtengo Aste Nagusiko txosnaguneko protagonista izango da», azpimarratu dute Konpartsetako bozeramaileek.