«Jaiak ahalik eta errespetu handienarekin pasa behar ditugu, inolako eraso matxistarik gabe»
Endika Saez de Adana Txirrita kuadrillako blusa da. Blusen eta Nesken Batzordeko presidente izandakoa da eta nabarmendu du jaiak ahalik eta errespetu handienarekin bizi behar direla, «inolako eraso matxistarik gabe». Tamalez, berak dioenez, «horretan badugu oraindik bide luzea egiteko».

Nola bizi dituzu Gasteizko jaiak?
Beti bezala, hasieran, urduritasun pixka batekin, baina, gero sartzen zara dinamikan eta ondo sentitzen zara. Azkenean, gure herriko jaiak dira eta pila bat gozatzen ditugu, gauza asko daudelako egiteko. Leku batetik bestera gaude, baina, oso oso gustura pasatzen ditugu egun hauek.
Blusa izanda, modu berezian bizitzen dituzu?
Bai. Azkenean, jaiak bizitzeko beste eredu bat da, barrutik. Goizean goiz kalean gaude, ekimenak egiten. Bada jaiak beste era batean bizitzeko modua.
Nola animatu zinen blusa izatera?
Bada, ez dut gogoratzen, uste dut hauxe dela nire 20. urtea, edo 21.a. 16 urteekin animatu nintzen. Blusa kuadrilla batean atera nahi genuen lagun talde bat elkartu ginen, eta lagun baten aitak, Txirritan ateratzen zenak, gonbidatu gintuen beraiekin ateratzera. Hor hasi ginen eta gaur arte.

Blusa eta Nesken Batzordeko presidente izan zinen. Orain lasaiago bizi zara?
Ez dakit lasaiago nagoen edo ez. Izan ere, Batzordeko presidentea izan nintzen eta orain Txirritako bozeramailea naiz Blusa eta Nesken Batzordean, eta Txirritako batzordean jarraitzen dut. Mila kontutan sartuta nago, baina gustura.
Zein da jaietan gustukoen duzun ekitaldia?
Gustuko dudana, eta nik uste dut orokorra dela, abuztuaren 5a da, jaietako egun handia. Eta gero, Iruñean esaten duten bezala, kuadrilla bakoitzak baditu bere ‘momentikoak’. Gure kasuan, 7an Etxebidea egoitzara bisita antolatu dugu, bertako jendearekin ere disfrutatzeko. Horrelako momentuak bereziak dira, eta eskertzen dira.
«Iruñean esaten duten bezala, kuadrilla bakoitzak baditu bere ‘momentikoak’. Gure kasuan, 7an Etxebidea egoitzara bisita antolatu dugu, bertako jendearekin ere disfrutatzeko»
Gasteizko jaiak asko aldatu dira azken hamarkadan, cavarik ez dago abuztuaren 4an, ezta zezenketarik ere. Zerbait faltan botatzen duzu?
Desagertu den zerbait edo eskuratzeko dugun zerbait?
Bata eta bestea.
Desagertu diren gauza gehienak inertziaz desagertu dira. Gasteizen ez zegoen zezenketarako zalegorik ezta beharrik ere, ikusten genuen bazela beste garai bateko kontua zen eta pixkanaka, gizarteak horrela eskatuta, joan da desagertzen. Eta lortzeko duguna, ez soilik Gasteizko jaietan, da jaiak ahalik eta errespetu handienarekin pasatzea, inolako eraso matxistarik gabe. Eta, horretan badugu oraindik bide luzea egiteko.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu

Pantxoa eta Peioren ‘Azken dantza’-rako sarrerak agortu egin dira

