Angel Lasa

Marta Perez Loperena: «Esne gordinarekin ari gara lanean, bizirik dagoen zerbaitekin»

Duela hamar urte, Marta Perez Loperena banketxe batean ari zen lanean. Bere familia, ordea, betidanik aritu izan zen artzaintzan...

Bizitzak ematen dituen kolpe horietako batean, aita eta osaba galdu zituen orduan Marta Perezek, eta etxera itzultzea erabaki zuen, artzain eta gaztagile lanari heltzea. Bere senarra ere, Carlos Caballero, kanpoko lana utzi eta abentura berrian sartu zen, Egozkue herrian. Ez dira damutu.

Etxean artaldea izanda, ardi erosten hasi beharrik ez zuen izan Perezek. Latxa mutur beltzekin egiten du lana, amaren familiak ere beti mota horretako ardiak izan ditu eta. Gazta egiten ere amak erakutsita ikasi zuen Perezek: hark etxerako egiten zuen gazta, pieza gutxi batzuk alegia, baina alabak eta suhiak lanbide bihurtu zuten gaztagintza. Inbertsioa egin, gaztandegi berria eta bestelakoak prestatzeko, eta lanera. Etxean oinarrizkoak ikasita, kanpoan ikastaroak eginez eta beste artzain batzuen laguntzarekin osatu zuten formazioa Perezek eta Caballero.

Hasieratik dago Loperena gazta Idiazabal jatorri izendapenean, baita Artzai Gazta elkartean ere. Gazta naturala eta ketua egiten dute, betikoa, eta etxeko artaldearen  esnea bakarrik erabilita. Asko azpimarratzen du Perezek artzain gazta ez dela jangai soil bat, atzetik historia, tradizioa eta izaera jakin bat dagoela, artzainen lanean islatzen dena.

«Merkaturatze zirkuito motza erabiltzen dugu, gaztandegitik bezeroarengana bidai laburra egiten du Loperenak», azaldu digu Perezek

 

Tokian tokiko ezaugarriak ditu tradizio horrek; esate baterako, Iruñeko iparralde honetan ez da egon gazta ketua kontsumitzeko ohiturarik. Perezek esan moduan, esne gordinarekin lan egiteak esan nahi du zerbait biziarekin ari zarela lanean, ondo zaindu beharrekoa prozesu guztian azkenean produktu paregabea lortuko bada.

Ohiturak ere aldatu egiten dira, ordea, eta nahiz eta oraindik ere askoz gehiago egin naturala ketua baino, etxera erostera etortzen zaizkien turistek, eta hainbat feriatan ere bai, ketuaren eskariak nabarmen egin du gora. Bezeroekin oso harreman gertukoa daukate Loperenan, asko etxean bertan saltzen baitute, edo inguruko denda eta azoka jakin batzuetan. «Merkaturatze zirkuito motza erabiltzen dugu, gaztandegitik bezeroarengana bidai laburra egiten du Loperenak. Hurbileko denda, harategi eta jatetxeetan topatuko duzu gure gazta» diosku Perezek.

Gazta ona egiteko, jakina, belar ona jan behar ardiek. Bada holakorik Egozkue inguruko zelaietan, baita gorago joanda ere, Baratxueta herriko mendian. Azaroan hasten dira jaiotzen arkumeak Loperenako artaldean, eta abenduan ekiten diote gazta egiteari Perezek eta Caballerok, hurrengo urteko ekaina bukaera edo uztaila hasieraraino. Urteko tarte gogorrena izaten da hori, egunero egin beharreko lanak direlako ardiak jaitzi, gazta egin, saltokietara eraman… Etxeko gazteenen laguntza ere izaten du bikoteak, esaterako artaldea sail batetik bestera eramateko artzain lan puru puruan [ikusi bideoa].

Garaikurrak

Orain, uda betean, ardiak mendira igota dauzkate eta lasaiago bizi dira artzainak. Guk ere bakean utziko ditugu, baina ez orain arte eskuratutako garaikurrak eta diplomei begirada bat bota gabe.

Beste batzuren artean aipatu daitezke World Cheese Awards sariketa entzutetsuan irabazitako urrezko, zilarrezko eta brontzezko dominak. Ederrena, ordea, zurezko oroigarri apal bat, «Izan zirelako gara, garelako izango dira» esaldia daramana.