Angel Lasa

Jose Inazio Ugartemendia: «Sei-zazpi litro esne erabiltzen ditut kilo bat gazta egiteko»







Behin helburua erabakita, lortu arte atzera egiten ez duten gizon horietakoa da Jose Inazio Ugartemendia. Umetatik ardiekin atera nahi izan zuen bizimodua, baina etxean sailik ez zeukatenez beste lanbide batzuetan aritu behar izan zen gaztetan...

... Alabaina, eskuratu zituen ardi gutxi batzuk, aisialdian haiek zaintzeko, eta erosi zuen hektarea bateko saila. Poliki poliki artalde ederra osatzera iritsi zen. Eta pauso bat aurrera emanez, azkenean artzain eta gaztagile profesionala bihurtu zen, bere jaiotetxearen izena -Gazpio- emanez Berastegin egiten dituen gaztei.



Artzainen artean estimu handiko gizona da Andres Etxeberria Iztueta berastegiarra, bere denboran artzain izandakoa, lan asko egindakoa eta askori asko erakutsitakoa, erretiroa hartzeko ordua iritsi zitzaion arte. Haren ustiategia Jose Inazioren lantokia da gaur egun, hemen egiten du gazta 2015ean fabrika utzi eta denbora osoz lanbide berriari ekitea erabaki zuenetik.



Bere ama eta amona etxean gazta egiten ikusita zegoen Jose Inazio, baina Andresen irakaspenekin -eta apunteekin- maila bat gora egin zuen gaztagintzan. Ondoren, urtero urtero joan izan da Artzain Gazta elkarteak antolatzen dituen ikastaroetara. Andres bera ere hasita zegoen hobekuntza genetikoa eta aplikatzen etxeko ardiei, eta Jose Inaziok bide horri jarraitu dio. 



Azaroaren erdi aldera hasten dira jaiotzen arkumeak eta San Ferminen ondoren antzuten da artaldea. Azaro bukaerarako gazta egiten hasita egoten da Jose Inazio, eta ekainera arte segitzen du, etengabe. Aurten, ustiategia bakarrik daramanez, ekainera lehertuta ailegatu da eta azkeneko esneak saldu egin ditu. 55.000 litro esne kendu die aurten bere ardiei, eta horiekin 8.000-8.500 kilo gazta egingo ditu. Hau da, 6-7 litro artean erabiltzen ditu bataz beste kilo bat gazta egiteko: «Esnea oso lodia datorrenean, gutxiago behar da, jakina» diosku.



55.000 litro esne kendu die aurten bere ardiei, eta horiekin 8.000-8.500 kilo gazta egingo ditu. Hau da, 6-7 litro artean erabiltzen ditu bataz beste kilo bat gazta egiteko

 

Semea, Oier, Fraisoron ikasten ari da eta gero eta gehiago ari da sartzen ustiategiko martxan. Gazta urdina egiten hastea gustatuko litzaioke, baina aitak uste du saltsa horietan sartu gabe ere badaukatela nahikoa lan betiko Idiazabal egiten, oraingoz behintzat. Naturala eta ketua, biak egiten dituzte, bai etxeko arkumen gatzaia eta bai likidoa erabilita.

Antz emanda dago Jose Inazio bezero gehienek gazta suabea nahi dutela, gutxi direla fuertea gustokoa dutenak. 

Hainbat modutan saltzen du gazta berastegiarrak: badira etxera bila etortzen direnak, hainbat azokatan ere erosi daiteke, eta bi supermerkatu kate handitan ere bai. Bitxikeria gisara, horietako batek, eskaria egiten dionean, erdi eta erdi eskatzen dio naturala eta ketua; besteak berriz, naturala nahi izaten du.

Bi urtez behin Zamorako azoka batera joaten da -eta oso ondo saltzen du- eta saiatzen da hango bezeroei ulertarazten gazta naturala eta artzain gazta dela, uste orokorraren aurka: «‘Idiazabal’ jartzen duten gazta guztiak artzainek egindakoak ez direla ere esplikatzen diet, industrialak ere izen hori daramala». 



Gazta nola zaindu?

Eta nola zaindu gazta behin etxera ekarri ondoren? Jose Inaziok oso garbi dauka erarik onena zati txikiak erostea dela: gazta osoa hasi beharrean laurdenka erosi eta lau alditan jatea, kuña bakoitzak bere krematasuna kontserba dezan hozkailuan. Hala egiten du berak gaztandegiko kameratik etxeko mahaira eramaten duenean.



Nora joan hango gazta probatu, hori egiten du Jose Inazioren familiak, oporretara edo doazenean. Asturiasen Cabrales eta Gamonéu, Landetan Camembert, edo Seo d´Urgellen tupi izenekoa: «Tupí hau oso fuertea da. Semea asko ondutako gaztaren zalea da eta hala, erosi genuen ba erosi bagenuen, baina etxean jaten hasi eta… ezin, ez Oierrek eta ez inork, hain zen eta fuertea».



Bere autoan igo gara mendira, ardiak larretzen ari diren tokira, Arramendira. Basoz inguratuta dago zelaia eta artaldea itzalean dago, baina artzainak txistu egitearekin batera abiatu dira berarengana. Irudi idilikoa osatzen dute benetan gizakiak eta animaliek. «Bai, ederra da tokia, eta urte garai honetan ederragoa. Geu ere lasaiago gabiltza orain. Ez da beti hola, ez pentsa: kanpaina betean, goizean goiz ardiak jeizten hasi eta iluntzeko bederatziak arte lanean bururik altxatu gabe askotan aritzen naiz ni. Eskerrak amak hamaiketakoa ekartzen didan…» dio Jose Inaziok ardiei muturrean laztan egiten dien bitartean.