NAIZ

Usue Morik jasoko du 5. Gladys Saria, AA gizartearen ongizatera egokitzeko egindako lanagatik

Usue Mori donostiarrak jasoko du 5. Gladys Saria, adimen artifiziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko egindako bideagatik. Hilaren 26an jasoko du, EHUren Informatika fakultatean.

Usue Morik jasoko du 5. Gladys Saria.
Usue Morik jasoko du 5. Gladys Saria. (PUNTUEUS)

Usue Mori Carrascal donostiarra izan da Gladys Sariaren 5. edizioaren irabazlea, Puntueus Fundazioak astearte honetan jakinarazi duenez. Adimen artifiziala gizartearen ongizatera bideratzeko eta ezagutza transferitzeko urratutako bideagatik saritu dute.

Gladys Sariak ingurune digitalean ari diren emakume gazte euskaldunak saritu, gazteentzat erreferenteak sortu eta egiten duten lana jendarteratzea du helburu, Gladys del Estal informatikaria gogoratzearekin batera. Sari banaketa irailaren 26an izango da, goizeko 11.30ean, EHUren Informatika fakultatean, Donostian.

Epaimahaiaren arabera, Usue Morik «ibilbide zientifiko sendoa du; baina gaur egungo ‘eliteko’ ikerketa eredutik aldendu, eta adimen artifiziala gizartearen onurarako tresna gisa erabiltzea eta haren transferentzia lehenetsi ditu, horretarako, fakultateko beste ikerketa taldeetako kideekin ez ezik, jakintza arlo desberdinetako profesionalekin elkarlana bultzatu du. Haren lanari etorkizuneko eragin sozial positiboa aurreikusten zaio».

Mori EHUko irakasle agregatua da, Konputazio Zientziak eta Adimen Artifiziala sailean, eta 2024ko irailetik aurrera Adimen Artifizialeko graduko koordinatzailea ere bada. Matematikan lizentziatua da eta hainbat master egin ditu, besteak beste, modelizazio matematikoan, sistema adimendunetan eta irakaskuntzan. 2015etik irakasle da unibertsitatean.

Ibilbide akademiko oparoaz gain, Morik ikerketa akademikotik haratago joateko «hautu ausarta» egin duela azpimarratu du Puntueusek. «Haren helburua ez da soilik argitalpen zientifikoen kopurua handitzea, baizik eta adimen artifiziala gizartearen benetako beharretara egokitzea, eta ezagutza praktikara eramatea».

Ildo horretan, jakintzaren transferentziaren alde egindako lana nabarmendu du epaimahaiak. «Moriren proiektuek adimen artifizialaren ikuspegi soziala indartzen dute eta ezagutzaren emaitzak praktikara eramaten dituzte, gizarteak horien onura zuzenean jaso dezan. Haren jardunak erakusten du ikerketa ez dela zertan akademiaren barruan geratu behar, eta teknologia eraldatzaileak gizartearen zerbitzura jar daitezkeela».