
«90 minututan rock and rollaren esentzia kontzentratuta duen diskoa da», esan du Andres Camio ‘Jitu’, Elkar musikako arduradunak ‘Petti & etxeko uzta, XX ta bortz urte zuzenean’ binilo bikoitzaren eta cdaren aurkezpenean. Berako, Atauneko eta Hondarribiko kontzertuak grabatu zituzten eta nagusiki Hondarribikoa jaso dute diskoan. Spotifyn diskoa ez jartzea erabaki du Elkarrekin batera, «Palestinarekin elkartasunez eta Israelgo Gobernuari ematen ari diren laguntzagatik».
Ez zen 2025erako hasieran zuen plana Berako musikariak, izan ere, estudioko disko berria kaleratzea pentsatu zuen: «Baina ikusita momentu honetan nola dagoen mundua, jendea, gizartea… ikusten ari garen sarraski guztiak ikusita, iruditzen zitzaidan estudioko disko lasai bat ateratzea baino egokiagoa izanen zela zuzeneko disko bat egitea kantu potenteekin. Zarata pixka bat ateratzea, eta garrasi egitea bizitzen ari garen momentu hauen kontra egiteko, kantu elektrikoak aukeratzea izanen zela egokiena pentsatu nuen nire kexa edo burrunba ateratzeko».
Guztira 17 kantu bildu ditu, aurrez kaleratutako abestiak «berrituta» sortu du diskoa. Bere lehendabiziko bi diskoetako kantuak ez ditu sartu, ‘akustikoak’ zirelako eta bilatzen zuen «elektrizitatearekin» ez zutelako guztiz bat egiten. Eta zuzenean grabatzeko motiboetako bat indar hori bera izan zen, «zuzenean kantatzeak indar gehiago hartzen du, momentuan bizitzen duzulako». Hondarribiko kontzertua sartu dute ia osotasunean, ‘Jituk’ azaldu duenez ez zutelako «nahasketa» bat egin nahi, eta Hondarribikoa atera zelako txukunen: «Lehena lehenengoa zelako, bigarrena etxean zelako eta urduriago zeuden, eta soinu aldetik hoberen atera zena izan zen».
Elkartu duen bandarekin pozik agertu da Petti, «betiko taldea» bildu duela azaldu du: Joseba Irazoki, Iñigo eta Igor Telletxea eta «nobedade bat», Ruben Caballero gitarran. Izan ere, besteren bat gitarrarekin laguntzeko badago, Petti bera lasaiago ibiltzen dela kantatzeko orduan aitortu du, «hitzak oroitzeko orduan eta», esan du umorez. ‘Amets bat’ diskoa egin zuen berarekin lan hau kaleratzea «amets bat» dela onartu du. Gaineratu du Estitxu eta Jokin Pinatxo lehengusuak ere lagun izan dituela, eta hauen lana txalotu du, beraien erregistrotik atera eta koroak egin beharrean estrofak ere kantatu dituztelako, «eztarriak izorratzen ikusiko dituzue, eta ez da ohikoena».
Ibilbide luzea
Lanaren izenburuak dioen bezala, 25 urte dira Pettik bere lehen lana kaleratu zuenetik, nahiz eta lehenago sartu zen musika munduan. Horren inguruan hausnartu du: «Hasieran parranda egiteko aitzakia bat zen musika, gero hasi ginen gauza serioago hartzen, daukan garrantzia ematen, eta uste dut denborarekin ikasi dugula jada ez dela bakarrik ondo pasatzeko modu bat, baizik eta gauzak azaldu, erran, garrasi egin eta kexatzeko modu bat ere badela».
Bide horretan, rockean ere aldaketak egon direla azaldu du, eta garai batean oso entzuna bazen ere, gero eta gutxiago daudela: «Rock and rolla maite dugunok zahartzen ari gara eta seme-alabak, txakurra, etxeko eginbeharreko kontuak ez digute denbora gehiegi uzten gero kontzertuetara eta mugitzeko lehen bezala». Bestalde, jaialdi handiek ere ez dutela laguntzen aitortu du, «orain dena makrojaialdietara begira dago, eta talde gehienentzat hori ez da batere ona, ahal den moduan jotzeko aukerak bilatu behar dituzu».
Bandako kideen agendak tarteko, aurkezpen kontzertuak abendura atzeratzea erabaki dute. Momentuz bi dituzte lotuta, abenduaren 10ean Gasteizen eta urtarrilaren 16an Hernaniko kultur etxean.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean

Glutenik gabeko garagardoak digestio mailako ondoeza eragin dezaketen konposatuak izan ditzake

