Enpresa eta erakundeen eguneroko lanetan lagungarri izango den euskarazko txatbot bat garatu du Orai zentroak, Kimu izendatu duena. Eredua arina denez, enpresa eta erakundeen zerbitzarietan eta ordenagailuetan instala daiteke, eta horrek datuen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna zaintzeko aukera ematen du.
Xabier Saralegi Oraiko NLP Teknologietako arduradunak ohar batean azaldu duenez, hizkuntza arrunta baliatuz erabiltzaileak euskaraz eskatutako hainbat ataza ulertu eta gauzatzeko gai da Kimu: «Lanerako hainbat atazatan erabil daiteke, besteak beste, itzulpenak eta laburpenak egiteko, dokumentuen gaineko galderei erantzuteko, informazioa erauzteko, testuak zuzentzeko, egokitzeko…». Enpresen eta erakundeen beharren arabera, eredua eginkizun zehatzetarako espezializatzeko aukera ere badago, «emaitzen kalitatea are gehiago hobetzeko».
Bestalde, euskararako sortu arren, Kimuk «emaitza onak ematen ditu beste hainbat hizkuntzatan ere: gaztelania, ingelesa, italiera…».
Txatbot honen abantaila nagusietako bat bere tamaina txikia da: 9.000 milioi parametro ditu, eta hizkuntza eredu txikien (SLM, Small Language Models) kategorian kokatzen da LLMen artean.
«Hizkuntza eredu txiki libreek emaitza lehiakorrak ematen dituzte hizkuntza handietan (gaztelania, ingelesa eta abar); ez, ordea, baliabide urriko hizkuntzen kasuan, hala nola euskaraz erabiltzean. Eta hizkuntza txikiek ez dute baliabide nahikorik horrelako ereduak zerotik sortzeko», dio Oraik. Hala, hizkuntzen arteko transferentzia baliatuz euskarazko gaitasunak hizkuntza eredu txikietan txertatzeko ikertzen ari dira Oraiko ikertzaileak.
Azaldu dutenez, ChatGPT, DeepSeek, Claude eta bestelako LLMen aldean, SLM ereduek, nahiz eta txikiagoak izan, kalitate lehiakorra eskaintzen dute batez ere behar berezietarako egokitzen direnean, eta hainbat abantaila nabarmen dituzte oro har: arinagoak eta azkarragoak dira, baliabide gutxiago eta energia gutxiago behar dute.
«Eredua zerbitzatzeko hardwarearen kostua nabarmen murrizten da. Alegia, makina merkeagoa behar da eredu hau instalatzeko. Eredu libre handiagoek askoz makina garestiagoak behar dituzte, eta emaitzen kalitatean eskaintzen duten hobekuntza ez da hain handia hainbat atazatan. Beraz, emaitzen kalitatearen eta kontsumoaren arteko orekari erreparatuta, euskarazko eredu hau paregabea da», adierazi du Saralegik. Gainera, halako eredu arinak errazago pertsonaliza daitezke domeinu jakinetara egokitzeko, eta jasangarriagoak dira ingurumenaren ikuspegitik.
Kimu ereduaren gaitasun eta potentziala erakusteko asmoz, Beta webgune bat sortu du Oraik: https://kimu.orai.eus. Bertan, Kimu ereduarekin probak egiteko aukera izango dute erabiltzaileek, eta sarbidea gonbidapen bidez eskuratu ahal izango da oraingoz.
Adimen artifizialeko zentro bat da Orai, hizkuntza naturala prozesatzeko puntako soluzio teknologiko adimendunak ikertzen espezializatua. «Emaitza arrakastatsu asko» lortu ditu, 20 urtetik gorako esperientziari esker.

Rozalén y Fernando Velázquez publican una versión del villancico ‘Hator hator’

El rock escocés homenajea al artista norteamericano Dennis Hopper

La verificación de la edad con selfis, un sistema de identificación cada vez más frecuente

‘La Revuelta’ astindu du Zetak-en ikuskizunak... eta Euskararen Nazioarteko Egunean
