Pluma, Morla eta Laida izeneko itsas dortokak berriro sartu dira itsasora, Donostiako Aquariumean egindako berreskurapen prozesuaren ondoren. EHUko Plentziako Itsas Estazioak GPS gailuak itsatsi dizkie oskolean, ikertzaileek migrazio bideak jarraitu ahal izateko.
Udaberrian zehar iritsi ziren Aquariumera eta bertan arazo larriengatik tratatu zituzten. Desnutrizioa, deshidratazioa, arnas infekzioak eta bigarren mailako infekzioak pairatu izan dituzte hiru dortokek. Aquariumeko langileek azaldu dutenez, sartzean bakoitza diagnostikatzeko, erradiografiak egin behar izan zizkieten eta berrogeialdiko zonaldeko akuarioetan kokatu zituzten, 25 graduko tenperatura konstantean mantenduz. «Tratamendua antibiotikoak, kolirioak eta bitaminekin aberastutako dieta askotarikoaz osaturik izan da», gehitu dute.
Hirurak bere bizitzaren zatirik handiena itsasoan eta sakonera txikiko kostaldeko uretan igarotzen duen Caretta caretta espeziekoak dira. Oso gutxitan ateratzen dira hondartzara, izan ere, emeak bakarrik habiak induskatzeko eta arrautzak erruteko bisita laburrak egitera hurbiltzen dira.
Orain berriz ere itsasoratu direla, Guillermo Lopez Torrents arduratuko da satelite bidezko transmisioko gailuak dituzten itsas dortoka horien jarraipena egiteaz, Plentziako Itsas Estaziotik zuzendutako EHUko doktoretza ikerketa baten parte gisa. ARGOS sateliteak jasoko dituen dortoken kokapenaren datuek haien migrazio bideak zehazten eta Caretta caretta espeziea kontserbatzeko politikak ezartzen lagunduko dute.
Adituek azaldu dutenez, azken urteetan EAEko Kostaldean ahuldutako dortoken hondartze kopurua nabarmen handitu da, SAREUS (Euskal Hondartze Sarea) proiektuak hainbat ale berreskuratu eta berriz ere itsasoratzea ahalbidetu du eta. Proiektua zenbait erakunde ezberdinen kolaborazioari esker aurrera atera da, izan ere, ez zatekeen posible izango Donostiako Aquariumaren, Plentziako Itsas Estazioaren eta Tragsatec enpresaren arteko lankidetzarik eta Biodibertsitate Fundazioaren eta EAEko Gobernuaren finantzaketarik gabe.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu

Pantxoa eta Peioren ‘Azken dantza’-rako sarrerak agortu egin dira
