Nerea Lauzirika
Aktualitateko erredaktorea / Redactora de actualidad

Bizitza berri bat hasteko aukera, alkohola alde batera utzita

Euskal Herrian oso errotuta dago edatea, egunerokoan normalizatuta daukagu. Hala ere, askorentzat bizitza desegitera heldu daitekeen gaitz bilakatzen da. Alkoholik Gabeko Nazioarteko Egunean, Alkoholiko Anonimoak elkarteak arazo hori dutenekin egiten duen lana aletu du NAIZek.

Alkoholiko Anonimoen laguntzarekin bizitza berri bati ekin ahal izan zion Fernandok.
Alkoholiko Anonimoen laguntzarekin bizitza berri bati ekin ahal izan zion Fernandok. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Berri on bat edo urtemugak ospatzeko, lanetik ateratzean erlaxatzeko, penak itotzeko... Erraz aurkitzen dugu edateko aitzakiaren bat. Gehienek poztasunarekin eta jai giroarekin lotzen duten alkohola; gaixotasuna da, ordea, askorentzat. Alkoholik Gabeko Nazioarteko Eguna den honetan, Alkoholiko Anonimoetako Fernandorekin izan da GARA.

Askotariko jendea gerturatzen zaie. Desberdintasunak daude, hori bai, emakumeen eta gizonen artean, alkohola kontsumitzeko moduari erreparatuz gero. Horrela, anonimoa izaki, abizenik eman nahi izan ez duen Fernandok azaldu du gizonek kalean edaten duten moduan, emakumeek, oro har, etxean kontsumitzen dutela. Argi utzi du alkoholismoa gaixotasuna dela eta, horregatik, edonori eragin diezaiokeela. Oro har, Alkoholiko Anonimoetara senideek bultzatuta joaten zaie jendea, baina badago psikiatrak edo medikuak bideratuta joaten zaienik ere.

Jatorriak, klase ekonomikoak... Ez dute zerikusirik. Fernandoren aburuz, pobre zein aberats, berdin eragiten du alkoholismoak, izan ere, «aberatsa ere pobretuko da alkoholismoan sartuta badago».

Besterik geratzen ez zaienean joan ohi dira elkartera, «desesperaziotik, bizitza apurtuta daukatenean, behea jo dutenean, halako batean ez daukatenean hona etorri beste irtenbiderik». Hortik batzen dute jendea, «besteok ere horrela ibili garelako». Elkarri laguntzen diote, horretarako «obligazio morala» duela sentitzen du Fernandok. Azaldu du bertara jotzean aurkitzen dutela jende bat txukun jantzita, irribarrez, eta jakiteak norbera bezala ibilitakoak direla itxaropena pizten duela. «Egiten duguna da gure esperientziak partekatu, elkarri laguntzeko».

Sinplea da egiten dutena, baina eraginkorra. Jarduna aurrera ateratzeko ezer gutxi behar dute eta horregatik, ez dute dirulaguntzarik, donaziorik ezta oparirik onartzen. Hori ez da arrazoi bakarra, ordea. Fernandok azaldu duenez, haien buruari tentaziorik ez jartzeagatik ere egiten dute. Izan ere, alkoholak «lehenengo burua lesionatzen du, eta gero beste guztia», azpimarratu du.

Estigma

Alkohola edatea ohikoa bada ere, alkoholiko eta alkoholismo hitzek estigma handia daukate euskal jendartean. Ezagutza falta nabarmendu du Fernandok, bereziki gaitz hori duen jendea artatzerako orduan. Horregatik, azpimarratu du edatearekin arazo bat duen pertsona bati ezin zaiola gomendatu gutxiago edateko, «utzi behar du hutsean, bestela jarraituko du».

Aspaldi izan bazen ere, gogoan du bere bizipena. «27 urte neuzkala benetan galduta nengoen. Ez neukan dirurik, arroparik, lagunik, familiarik...», kontatu du. Orduan aipatu zion ezagun batek Alkoholiko Anonimoak elkartea. Esan zion bera ere antzera ibilitakoa zela eta urtebete zeramala han. «Ez nion sinetsi, ez nintzen gai egun bat bera ere emateko edan gabe», baina, ordurako berak ere bazekien bere arazo guztien jatorria alkohola zela. Lortu zuen uztea eta, denborarekin, «lagunak egin nituen, lana aurkitu nuen, ezkondu nintzen eta familiak amaitu zuen nigan sinesten, ikusita egiten ari nintzena». Urte asko igaro dira ordutik, hala ere, argi dauka gaur egun hasiko balitz kopa bat edaten, zulora joango litzatekeela berriz. AAk beste bizitza berri bat eskaini zion.