Xole Aramendi
Erredaktorea, kulturan espezializatua

1969tik gaurdainoko abestien antologia plazaratu du Antton Valverdek

Arnas luzeko musikaria da Antton Valverde. 60eko hamarkadaren bukaeran hasitako ibilbidean aukeratutako 35 kanturen antologia eman du argitara Elkarren eskutik. Disko bikoitzeko lana Anjel Valdesen hitzaurrearekin eta Anjel Lertxundiren testuarekin osatu da.

Antton Valverde, gaur, Donostian.
Antton Valverde, gaur, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

«Omenaldia zor genion Antton Valverderi», aitortu du Andres Camio ‘Jitu’k, Elkar argitaletxeko musika alorraren arduradunak. «Aspalditik genuen ideia kaxoian gordeta eta iaz Donostiako Udalaren Adarra Saria jaso zuenez hauxe izan da proiektuan aurrera egiteko momentua», jarraitu du.

Omenaldia egitearekin batera, «etorkizuneko belaunaldientzat eredu» ere izan nahi du disko bikoitzak Anjel Valdesek hitzaurrean argitu duenez. «Oroitzapenez eta sentipenez ereindako gure Asaba Zaharren baratzean, egunen batean uzta oparoa bilduko dugun itxaropenaz». Aitak –Antonio Valverde margolari ezaguna– kaleratu zuen lehenengo singlearentzako egindako azal bera darama antologiak.

Bi iturrietatik edan du Antton Valverdek (Donostia, 1943) bere kantugintzan. Bertso zaharretara eta poetengana jo izan du. Lizardi, Lauaxeta, Gandiaga, Mirande... disko bilduma labur eta pertsonalaren jabe da. Xabier Leteren ondoan makina bat agertokietara igotakoa Xenpelar, Txirrita, Otaño eta beste askoren bertso zaharrei hautsa kenduz. Oskarbi taldeko kide ere izan zen.

Franco hil ostean urriak izan dira bere lan diskografikoak eta zuzeneko emanaldiak.

«Musika ikasketak egina, pianoa izan du konfidente, nahiz gitarra ere jo duen. Lehena izan du tresna kuttuna», esan du Camiok. Hamar disko ditu argitara emanak antologiaren aurretik.

Valdes arduratu da abestien aukeraketa egiteaz eta Victor Sanchez estudioko soinu ingeniariak nahastu ditu Adarra Saria jaso zuen egunean oholtzan abestutako bi piezak, eta berak eman dio soinuaren aldetik batasuna bildumari.

«Anjel Lertxundik testu zoragarri idatzi du, biografia modukoa. Mimoz eta kariñoz egina da, nabaria da harreman estua izan dutela biek», zehaztu du Camiok.

«Oso kontent»

«Gogo onez eta kuidado handiz egina da antologia, oso kontent nago», izan dira Valverderen lehen hitzak ostegun honetan egindako aurkezpen ekitaldian.

Denera 35 abesti aurkituko ditugu disko bikoitzean, ehundik gorako bilduman aukeratuak. «Lertxundik idatzia irakurtzeko gomendatzen dut, serio hartu du bere lana», esan du.

Atzera begira jartzean zein sentipen nagusitzen zaion galdetu diogu. «A ze ahotsa nuen! Sendoa... Gero aldatu egin zen nire ahotsa, baita kantatzeko era ere, ez du zerikustekorik oraingoarekin», adierazi du irribarre artean. Ahotsa aldatu, eta era berean esperientziaren zakua bete, bota diogu. «Mikrofonoa ondo erabiltzea da gakoa, gaztetan ez duzu horren beharrik baina gero inportantea da», gaineratu du. 

Lauaxetari eskainitako diskoa nabarmendu du, «ondo egindako lana izan zen, bere ikuspegi guztietatik erakusten du».

Francoren heriotzatik mende erdi pasa den egunean, 70eko hamarkadako urteak «garai konplikatua» izan zirela esan du. «Pasadizo ugarikoak. Tranpak egiten saiatzen ginen baina ez zen posible guk egin nahi genuen dena egitea».

Jox Anton Artzek Pisako Dorrearekin alderatu zuenekoa gogoratu du. «Bazirudien hil zela baina ez guztiz, orain badakigu hori. Primo de Rivera ere kristoren pertsonaia izan zen», esanez amaitu du.