
Pantxoa eta Peiok 2027ko urtarrilaren 10erako iragarri duten kontzerturako sarrerak ordu gutxitan amaitu dira. Bikoteak hunkituta adierazi du ez zutela halako harrerarik espero, eta belaunaldi gazteen aldetik jaso duten errespetua eta maitasuna azpimarratu dute. Ongi aztertu ostean, bigarren data bat iragartzeko erabakia hartu dute: 2027ko urtarrilaren 9a. Sarrerak pantxoaetapeio.eus atarian jarriko dira salgai, astelehenean 10.00etan.
«Negar egiteko gogoa ematen du. Zein ederra den jendearen maitasuna, eta guk bueltan itzultzea», adierazi du Pantxoa Carrerek. Bikoteak emozio handiz hartu du iragarritako kontzertuak jasotako erantzuna. «Harrigarria» dela azpimarratu du Peio Ospitalek eta «bihotz-bihotzez eskerrak eman» nahi izan dizkie zale guztiei. Publikoak eman dien babesa ikusita, bikotea bigarren data bat aurkeztera ausartu da, azken kontzertu hauek ahal bezainbeste jenderekin partekatzeko ilusioz.
Kontzertu hori 2027ko urtarrilaren 9an eginen da, Barakaldoko Bizkaia Arena - BEC!en.
‘Azken Dantza’ izeneko emanaldiarekin amaiera duin eta partekatua eman nahi diote euskal kulturaren historian arrasto nabarmena utzi duen proiektuari. 1969an lehen kantuak argitaratu zituztenetik 2009ra arte, milaka kantaldi eta 18 argitalpen utzi dituzte, euskarazko kantagintzaren ondarean funtsezko lekua hartzen dutenak. 2011ko urte amaieran oholtzaratu ziren azkenengoz, eta etenaldi luze eta aurreikusi gabe baten ondoren, 2027an iritsiko zaie agur esateko unea.

Diez bandas navarras rinden homenaje al trovador Fermin Balentzia con un disco tributo

Descubren un colosal «valle de los dinosaurios» en el Stelvio con miles de huellas fósiles

Ikerketa batek eskolen jangeletako menuetan desoreka nutrizionalak antzeman ditu

Pantxoa eta Peioren ‘Azken dantza’-rako sarrerak agortu egin dira
