Kazetaria / Periodista

MTV kanala itzaltzen da; agur bost saio mitikoren bidez

Aurtengoa azkena izango da. 2025arekin batera itzaliko da telebista-kanala, lau hamarkadatan zehar eragin handia izan ondoren. Agur honen atarian, zenbait une esanguratsu ekarri ditugu gogora.

Janet Jackson, BECen ospatutako European Music Awards delakoetan, 2018an.
Janet Jackson, BECen ospatutako European Music Awards delakoetan, 2018an. (Lluis Gené | AFP)

Agur MTV, agur ‘Music Television’: 1981ean jaiotako telebista-kanalak 2025. urte hau izango du azkena. Musika eskaintzeko helburuarekin sortu zen, baina era berri batean: bideoen bitartez. Eta lehendabiziko bideoaren aukeraketa ez zen kasuala izan: The Buggles taldearen ‘Video killed the radio stars’. Horrekin dena esana zegoela irudikatu nahiean-edo... 

Baina, pantailak irratiko izarrak benetan hil al zituen? Nork izan du azken hitza? Egia esanda, irratiak sasoi betean dihardu gaur egun ere, eta MTV... ez.

Hala ere, 44 urtetan zehar kate horrek eragin nabarmena izan du gizartean, eta gutxienez bi edo hiru belaunaldik bere audientziak igoarazi zituzten. Azken finean, ‘laborategiak’ funtzionatu egin du, emaitzak eman ditu, nahiz gaurko arora iritsita zentzua galdu duen: irrati-kate batzuek, adibidez, haren kanal propioa abiatu dute eta telebista bidez ere ikus daitezke emisioak, entzun soilik egin beharrean. Orokorrean esan daiteke MTVko eredua hor geratzen dela. 

Kanala agurtzeko bost programa mitiko gogoratuko ditugu; ospetsuenetako batzuk, alegia. 

Video Music Awards 

Autoerreferentzialtasuna, edo meta-telebista: txapa post-modernoekin irakurlea aspertzeko asmorik ez dugu, baina begibistakoa da gizartearen aitortza lortzeko ez dagoela sari bat (edo sailkapen bat) asmatzea baino gauza hoberik. Egiaztapen honetatik datoz Video Music Awards, Music Televisionek antolatua. Alfonbra gorri bat gauza emankorra da beti. 

Nork emititzen zituen bideoak? MTVk. Nork erabakiko zituen zeinzuk ziren onenak? MTVk, jakina. Urtean behin katearen ekitaldirik handiena bilakatu zen. Artista saridunak, eta ez-saridunak, bertara joaten ziren eta garaikurren bat jasoko zuten gehienetan: Bideorik Onena, Gizonezko Onena, Emakumezko Onena, Talde Onena... dozena bat sari ematen zituzten.

Inoiz momentu eskandalagarri edo deigarriren bat gertatzen zen, Madonna protagonista zela esate baterako (beti sendo holako agerraldietan), eta horrekin beste artista batzuk guztiz fokutik kanpo geratzen ziren. 

 

Oroitzapen bat dut bereziki: 1998. urtean European Music Awards ekitaldia, Europako bertsioa, Europako publikoarentzat, Milanen ospatzen zen eta nik 16 urte nituen, oso inozoa nintzen beraz. Nire klasekide batzuek EMA ikusi nahi dute bai ala bai, eta haren gurasoak sarrera lortzeko ilara egitera behartu zituzten. Zorterik gabe, noski. 

Astean zehar burutzen zen European Music Awards hura, azaroan, eta ni Milaneko erdigunera hurbildu nintzen, besterik gabe, norbait ospetsua topatuko nuen esperantzan. Oso informazio eskasa zegoen, ez zen gaur egun bezala, baina nik Natalie Imbruglia maite nuenez (ez bere lana, bera bakarrik), kaleetan topatzeko ametsa nuen, sariak lortzeko hautagaien artean zelako. 

Erdigunea jendez lepo zegoen, ez nuen Natalie Imbruglia ikusi baina EMAko aurkezle bat bai: Jenny McCarthy, modeloa, eta ‘Playboy’ aldizkariaren protagonista izandakoa. MTVn bere programa zuen Jennyk, ‘Jenny McCarthy Show’. Hotel batetik ateratzen ari zela, jendea agurtu zuen. Giroa horrelakoa zen, erabat auroerreferentziala.

2018an Barakaldoko BECen ospatuko ziren European Music Awards hauek. Plataforma zabal bat sortu zen makroebentoen eredu horren kontra eta aurrekontu publikoen hiru milioi euro bideratu izana salatuz, ‘Piztu Bilbo, Itzali MTV’ lelopean.

«Unplugged»

MTVko lehentasuna musika hedatzea zen, edota musikari buruz hitz egitea: kanalaren izenak argi adierazten zuen, Music Television, ez besterik. Bideoklipen bidez programazioa ia beteta zen jada, baina tarteka programazioan ekitaldi oso bereziak ematen ziren, ‘Unplugged’ kontzertuak. Akustikoak, alegia. 

Artistek giro ia intimoa partekatzen zuten, eta norbaitentzat bereziki harrigarria zen hura. Estudio batean, argi leunen azpian, abeslari batek edo talde batek kontzertu bat osatzen zuen: publikoa bertan zegoen, baina une berean emanaldia etxetik ikus zitekeen. 

Ehun ‘Unplugged’ baino gehiago antolatuko ziren MTVn, 1989. urtetik 2021. urtera bitarte. Besteak beste, Sinead O'Connor, Pearl Jam, Bruce Springsteen, Bob Dylan, Lenny Kravitz, Alanis Morissette eta, agian, ‘Unplugged’ eraginkorrena, Nirvana taldearena. Seattlekoek 1993ko azaroarean 18an grabatu zuten kontzertua eta berehala diska izatera heldu zen.

Zergaitik hain eraginkorra? Nirvanaren estiloa akustikoaren kontrakoa zelako, oso zaratatsua: Kurt Cobain, Chris Novoselic eta Dave Grohlen taldeak, gainera, beste artisten lan batzuk kantatzea erabaki zuen, esate baterako David Bowieren ‘The man who sold the world’ eta Lead Belly-ren ‘Where did you sleep last night’, Unplugged haren bukaera izan zena.

 

Inork ez zekien, gainera, Kurt Cobainen oihu hura, kantua bukatzean, artistaren azken irudi publikoa izango zela, 1994ko apirilan bere buruaz beste egin baitzuen.

Oso jende gutxik espero zuen Nirvana honelako formatu batean entzutea. Horren gainetik, MTVren ‘Unplugged’ kontertzu haiek beti entretenigarriak izan ziren, eta agerraldietatik argitaratuko zituzten diskoek salmenta bikainak izango zituzten orokorrean. 

«Celebrity Deathmatch»

Imajina dezagun bi pertsona famatuen arteko borroka bat: kolpeak, ostikoak, oso liskar bortitza. Saio hartan dena zen posiblea, modu ironiko batez beti ere. Azken finean, ‘Celebrity Deathmatch’ izenburuak horixe esan nahi du: ‘Famatuen arteko heriotza arteko norgehiagoka’.

Hillary Clinton versus Monica Lewinsky, Noel Gallagher bere anaia Liamen aurka (edo alderantziz)... Jada hilda ziren pertsonen arteko talkak ere irudikatu zituzten: George Washington eta Abraham Lincoln, AEB-ko presidente izandakoak, bata bestearen kontra, aurrez aurre.

 

Nola garatzen zuen hori ‘Celebrity Deathmatch’ saioak? Oso modu simple batez, pertsonai famatuak (Celebrityak) ez ziren benetakoak, plastilinezko panpinak baizik. Efektua marrazki bizidunena bezain ikusgarria zen.

Programaren egitura boxeo lehia baten antzerakoa zen. Bi esatari, Johnny Gomez eta Nick Diamond, eta ring batean epaile bat (Nils Lane; edo, hobeto esanda, benetako Nils Lane boxeo-epailearen plastilinazko panpina). Gehi bi protagonista famatuak borrokan, nor baino nor, kolpez kolpe, azpikeriak eta odolkeriak tarteko. Dena oso errealista eta oso faltsua aldi berean. 

Sei denboraldi iraun zituen saioak eta atal batean, noski, celebrity handiena agertuko zen: Donald Trump. Hori 1999. urtean gertatu zen eta bere aurkaria Don King izan zen, ‘ile elektrikoa’  zuen boxeo-antolatzaile ezagunena. Azken hauteskunde kanpainan Don Kingek parte hartu zuen Trumpen ekitaldi batean, ‘TheDonald’en alde jakina. ‘Celebrity Deathmatch’ hartan, aldiz, kontua nor zen ‘Donaldik handiena’ erabakitzea zen. 

Partehartzaile baten heriotzarekin amaitzen zen programa bakoitza (panpina hilda, alegia). «Good night and good fight», horrela bukatzen zen: «Gabon eta borroka on». Esaldi hura ere modakoa bihurtu zen. 
 
«Jackass»

Gehiegizkoa, bihurria... nazkagarria: programa honek pare bat urtez iraun zuen bakarrik MTVn, 2000ean eta 2001ean, baina arrasto handia utzi zuen. ‘Jackass’-ek, hau da, ‘Tonto’ hutsak sekulako arrakasta izango zuen, ia frankizia bat bilakatzeraino, besteak beste hiru pelikula izenburu honekin ekoiztu zituztelako. 

Johnny Knoxville, Steve-O, Bam Margera, Chris Pontius, WeeMan nanoa: hauek ziren protagonistak. Denak mutilak. Zertan zebiltzan? «Don't try this at home» abisua agertzen zen beti, programa hasi aurretik eta bukaeran ere bai. Etxean egiten ez saiatzeko, alegia. 

Johnny eta bere lagunak bikoiztaileak ziren, zineman benetako aktoreen ordez eszena arriskutsuenak egiten zituztenak. Normalean, lan hori nolabait fidagarria, serioa, zeharo profesionala izan behar zen, baina ‘Jackass’en guztiz kontrakoa gertatzen zen. Protagonistek ekintza oso arriskutsuak egiten zituzten, baina ez pelikula baterako, baizik eta zoramen adierazpen modura, kaleetan gehienetan, esketx bidez.

Deigarrienetako batzuk: hagin bat kentzea Lamborghini auto batez, airera salto egitea komun kimiko (eta erabilitako) baten barruan, pertsona baten izerdia ‘edatea’ ariketa fisikoak egin ondoren...

Atal batean Euskal Herriarekin lotura ere egin zuten: AEBetako Jai Alai frontoi batean bi ‘Jackassekoak’ hormari begira jarri ziren, apur bat makurtuta, eta hor pilotakadak jaso zituzten. Hala ere, puntistek ez zuten larrruzko pilotarik jaurti, laranjak baizik. 

 

 

Protagonistak gustora agertzen ziren mina jasoz, umore absurdoa erabiliz. Eta publikoa ere gustora, itxuraz, gazteak batez ere: dena harrigarria zen, dena ikusgarria, dena muturrekoa. «Ea hauek noraino iristen diren», efektu hori sortzen zuen saioak. Arrakastaren sekretuetako bat ere saioaren iraupenean zegoen, eta emisio-orduan: ‘Jackass’en atal bakoitza 30 minutuz bakarrik luzatzen zen eta gauerdian ematen zen; ordu hartan, normalean, jende nagusia ohean zegoen. 

Programatik atera ziren pelikulek, egia esan, ez dute aparteko berezitasunik. Eta protagonistak berriro ikustean, iraganean baino dexente zaharragoak, inolako graziarik ez du. Steve-O ‘Jackass’ honen ikur bihurtu da beharbada. Bere jardunak beti arriskutsuenak eta zoroenak ziren, baina horrelako mutil batengandik zer espero zitekeen ba? Gerrian bere aurpegiaren tatuajea zeraman.
 
«Beavis & Butthead»

MTVren meritu handienetakoa musika zabaltzea izan da, noski, baita entretenimenduarekin batera egitea ere. Nola izango zen posible, bestela, egun osoko musika-programazio bat mantentzea? Horretarako irratiak izan baziren, baina MTV ez zen irrati bat: bere asmoa handiagoa zen, handiegia nahi bada, benetako iraultza bat. Honaino heldu da, baina itzal handia utzirik.

‘Beavis & Butthead’-k ikonikoki garrantzi handia izan du, bi protagonisten aurpegiak mundu osoan ezagun egin direlako. Beavis, ile horiduna eta Metallicaren elastikoa soinean; Butthead (‘Ipurdiburu’ da izenaren itzulpena, literalki), AC/DCren kamiseta darama. Bata bestearen kontrakoa da izaeraz, baina haien aurpegiak, haien sudur luzea eta nolabait haien itsuskeria ospetsuak izan dira.

Hastapenean abiatu zen saioa. Izan ere, 1993an dagoeneko lehen emanaldiak hasi ziren, eta hiru hamarkada luzez jardun du. Beste edozein komikitan bezala, Beavis eta Butthead ez dira sekula aldatu: argalak, beti gazteak, apur bat zikinak, seguraski desatseginak, beren egunerokotasuna erakusten. Eta batez ere rockzale sutsuak, bizimodu bat. 

MTVrentzat oso garrantsitsua bilakatu zen ‘Beavis & Butthead’ hau, musika «alternatiboa» eskaintzen zuelako. Rockzaleak ziren bi protagonistak, baina MTVk normalean pop musika ematen zuen, salmenta handietara bideratua zegoela (irrati-kate gehienek bezala, egia esanda). Horrenbestez rock edota heavy metal alboratuta zeuden, ‘Beavis & Butthead’ honetan izan ezik. 

 

Eguneko momenturik onena, bi pertsonaientzat, etxera bueltatzea zen, haien musikarik gogokoena entzun ahal izateko. Egia da ere garai hartan Metallica, adibidez, ‘moteldu’ egin zela, baina behingoz ordura arte MTVko programazioan tokirik ez zuen taldeak bere txokoa aurkitu zuen. Oro har MTVk beti itxura alternatiboren bat irudikatu nahi izan du, programa honi esker helburua bete zuen.