NAIZ

Hibai Rekondo abeslaria, «herriaren esnatzaileetako» bat, hil da

70. hamarkadan egin zen ezagun Hibai Rekondo. Kantagintzak «herriaren esnatzaile» izateko zeregina zuelakoan ekin zion abesteari. Eroriko batek sortutako kalteen ondorioz hil da. 

Hibai Rekondo, 1973. urtean.
Hibai Rekondo, 1973. urtean. (Badok Wikimendiaren bidez (CC BY-SA 3.0))

Urruñako Pausu auzoan bizi izan zen Hibai Rekondo eta Gasteizen ere egin ditu hainbat urte. Erorketa baten ondorioz hil da Zaragozan 71 urte zituela.

Caracasen jaioa 1954an, artean haurra zela. Hibai izena, H-z, jarri zioten lapurterazko testu zaharretan bezala. 1962an, Euskal Herrira etorri zen gurasoekin eta anai-arrebekin. Ama bizkaitarra zuen, aita gipuzkoarra. Seme-alabak Euskal Herrian hezi nahiak bultzatu zituen gurasoak maletak hartu eta Ozeanoa gurutzatzera. Zarautzen hartu zuten bizitokia. Imanol Urbieta izan zuen Hibai Rekondok lehen maisu.

Gertutik ezagutu zutenek gogoan dute «Telesforo Monzon ezkutatuta ibili zenean, espainolek hil behar zutela eta, rekondotarrek Igeldon zuten baserrian gordeta egon zela».

Musikaren arra txikitatik sartuta, Ibai Rekondoren ahotsa 70. hamarkadan egin zen ezagun. Lourdes Iriondo, Xabier Lete, Mikel Laboa, Benito Lertxundi eta beste batzuen kantuak abesten zituen. 

Kantagintzak «herriaren esnatzaile» izateko zeregina zuelakoan ekin zion abesteari. «Irrika nabarmenez entzuten digu herriak. (...) Jabetu egin behar du herriak bizi duen hil ala biziko kinka larriaz baina guardasola ahazten dugu, Herriaren esnatzaile izan nahi nuke», adierazi zuen 1972ko elkarrizketa batean.

‘Aseari’ goitizena erabili zuen bere ibilbidean. 1976. urtean ikusi zuen argia bere lehen diskoak Elkarren eskutik. Berak sortutakoak edota moldatutakoak ziren abesti gehienak. Bitoriano Gandiaga poetaren hainbat olerki hautatu eta haiei musika jarri zien lan hartan. 1977ko azaroan Durangoko Liburu eta Disko Azokaren barruan Gandiagari egindako omenaldian parte hartu zuen Rekondok. ‘Euskaldun jaio’, ‘Bakoitzak’ eta ‘Baina aurrera beharbada’ bezalako kantuak entzun zituzten bertaratutakoek.

‘Euskal Herria 76-77: negu luze hotzetik’ bigarren diskoan (Elkar, 1977) bide beretik jo zuen Rekondok. Orduakoan Aranduru, Gorriti, Pablo Neruda eta Augustin Zubikarairen hitzak musikatu zituen. Kantaldiak aldarrikapen politikoak egiteko erabiltzen ziren garaia zen, eta Rekondok horietariko askotan parte hartu zuen han-hemen.

1976ko martxoaren 6an ‘24 orduak euskaraz’ ekimenean partaide izan zen euskal kulturgintzako beste hainbat izenekin batera. 

Hurrengo urteetan zinemara egin zuen jauzi Imanol Uribe zuzendariaren eskutik. 1977an Rekondoren eta Artze anaien musika erabili zuen Uribek ‘Ez’ film laburrean, eta bi urte geroago Rekondori ‘El proceso de Burgos’ filmarentzako soinu banka sortzeko enkargua egin zion.

Urte batzuk geroago, ‘Amaiur, gaztelu baltza’ (Elkar, 1986) lana etorri zen, garai hartan Rekondok sinatutako azkena. McFarland irlandarrarekin elkarlanean ondutako diskoa izan zen. Estepan Urkiaga Lauaxeta-ren poemak (‘Iturri negarra’, ‘Amaiur, gaztelu baltza’…), herri doinuak eta Rekondok zein McFarlandek sortutakoak biltzen ditu diskoak.

Ez zen bere ibilbideko azkena izango. Rekondo 2009an itzuli zen disko berri batekin, ‘Suaren desira’. Euskal Herriaren egoera kontuan hartuta, eduki filosofikoa eta transzendentea duten abestiak eskaintzeko beharra sentitu zuen. «Gaur egungo egoera politikoari eta sozialari aurre egiteko jakituria beharrezkoa da. Une honetan, egoera erabakigarrian eta itxaropentsuan gaude murgilduta, eta horrek gizakiaren kontzientzia aldaketa exijitzen du», esanez azaldu zuen.