GAIAK
Silver Sister itsaslabarrak. (GETTY)

Itsaslabarrak, bertigoaren handitasuna


Kuriosoa da. Behetik ikusita, itsaslabarrak erraldoi bihurtzen dira, baina, behin tontorrera igo ondoren, pare-parean duzun handitasun amaigabea da bertigo atsegina eragiten duena. Ikuspuntua erabat aldatzen da. Eta mundua ere distortsionatu egiten dela dirudi une batez.

Europako hamalau itsaslabar jaso ditugu erreportaje honetan. Batzuk, altueragatik; beste batzuk, berriz, kokapenagatik. Baina guztiek handitasunaren irudi zirraragarria eskaintzen dutelako, bertigoaz gozatzeko gaitasun natural berezia dutelako, beldurra espektakulu bilakatzen dutelako.

Preikestolen, Noruegan. Lysefjord fiordoa zabaltzen da harkaitz erraldoi honen azpian. Munduko kostaldeko itsaslabarrik altuenetakoa da (600 metro). Ez da altuena, baina bai, ordea, ikusgarrienetakoa. Izena bera ere esanguratsua da: Preikestolen hitzak esan nahi du ’Harrizko plataforma’. Eta horxe da, hain zuzen ere, ‘Pulpitoa’ren tontorrean bisitariak  aurkituko duena bost kilometroko bidea egin ondoren.

‘Seven Sisters’. Sussexeko kostaldean, Mantxako kanalari begira, Dover inguruan, itsaslabar zuri-zuriak bisitariaren arreta erakartzen dute, ikusgarriak baitira, benetan, urrutitik ere. Haizearen higaduraren ondorioz biluztutako gandorrez osatuta, itsasoaren enbatak jasaten ditu sarri. Paisaia zoragarria denez, hamaika zine-zuzendarik aukeratu dituzte itsaslabar hauek pelikulak egiteko.

Irlandako Moher. Amildegi luzea –8 kilometro– eta zenbait puntutan altura handikoa –214 metro–. Bertigoa dutenentzat ez da gomendagarria. Ertzera hurbiltzeak hainbesteko errespetua ematen du, ezen ausartak ere etzan egiten baitira ustekabeko haize-boladak jotzen duenean. Dena dela, gehiegi hurbildu gabe, itsaslabarren ertza zeharka daiteke harresien arteean egokitutako bide bati esker.


Normandiako Etretat eta Abaleko itsaslabarrak. Côte d 'Albâtre kostaldeko zatirik ikusgarrienetakoa da eta, seguruenik, Normandia iparraldeko txokorik liluragarrienetakoa. Étretat herritik bidezidor berezia abiatzen da; hau da, milioika urtean haizeak eta itsasoak harkaitzetan pazientzia handiz zizelkatutako arkitektura agerian uzten duen ibilbidea. Claude Monet eta Gustave Courbet artistek, besteak beste, euren obretan islatu zuten itsaslabarrek sorrarazitako lilura. Ezaguna da, bereziki, ‘Orratzaren begia’ izeneko arku naturala.

Gásadalurreko itsaslabarrak. Danimarkako Feroe uharteetan dago Gásadalur herrixka, zehazki Vágar irlan. Oso ezaguna da Europa mailan; batetik, irudi eszeniko erakargarria eskaintzen duelako –kostaldeko ordoki batean kokatuta– eta, bestetik, itsaslabar ikusgarriak dituelako; are ikusgarriagoak ur-jauziak zarata ateratzen duenean, munduaren bukaera gertu balego bezala.


Madeirako San Lorenzo. Baso berdeak ez ezik, beste hamaika natur altxor ere eskaintzen ditu Madeirak; besteak beste, San Lorentzo ertza, uhartearen ekialdeko muturrean. Pare-parean Atlantiko zabala duten itsaslabar ikusgarriak daude bertan eta, gainera, bidezidor egokiak prestatuta daude paisaiaz ahalik eta errazen gozatu ahal izateko. 1996tik babestutako eremua da, eta foka fraidearen, hegaztien eta landare endemikoen habitata.

Flyscha, Zumaia, Deba eta Mutriku artean. Zumaia, Deba eta Mutriku arteko itsaslabar ikusgarri hauek gure planetaren historiaren 60 milioi urtetako informazioa gordetzen dute, harri geruza bakoitza liburu erraldoi baten orrialdea izango balitz bezala. Ingurune honetako egitura geologikoari flysch izena ematen zaio.

Noruegako Trolltunga. Trolltunga, ‘Trolaren hizkuntza’ norvegieraz, itsas mailatik 1.100 metrora dago, eta Ringedal aintzira ospetsuaren gainetik 700 metrora. Norvegiako harkaitz eraketarik deigarrienetakoa da. Hardangervidda mendiko ordokiaren mendebaldeko muturrean dago, Odda herri txikitik gertu. Harkaitzak eraketa eta forma berezia du eta, geologoek diotenez, badu arrazoi zehatzik: zenbait glaziazioren ondoren, izotz geruza batek Eskandinaviako zatirik handiena estali zuen eta horrelaxe sortu zuen Trolltunga. Ezaguna da harkaitzera daraman mendi-ibilaldia.

Tenerifeko erraldoiak. Tenerifeko mendebaldeko kostaldean kokatuta, seiehun metroko altura du. ‘Infernuko harresiak’ esaten zioten guantxeek. Bertaratzen direnentzat aholku bat: ikuspegirik onena Teno puntatik lortzen da.

Dingliko itsaslabarrak Maltan. Esaten dute Maltan eguzkia sartzen ikusteko tokirik gomendagarriena Dingliko itsaslabarrak direla. Uhartearen hego-mendebaldean kokatuta, itsas mailatik 250 metrora dago: beraz, Mediterraneo itsasoaren ikuspegi berezia eskaintzen du. Horrez gain, bertatik ibilbide ugari abiatzen dira Gruta Urdinera joateko.
Itsaslabarren tontorrean, Santa Maria Magdalena kapera dago, inguruneko eraikin bakarra, XVII. mendean eraikia.

Vixía Herbeirako itsaslabarrak. Europako itsas mailaren gainetik kotarik altuena duten laugarrenak dira, 613 metrorekin. Galizan daude, Cariñon, Cedeira eta Ortigueira itsasadarren erdibidean. Goialdean, XVIII. mendeko talaia dago, Herbeirako garita, nondik bista ikusgarriaz goza baitaiteke.

Eskoziako Yesnaby itsaslabarrak. Stromness-etik hamar kilometro iparraldera, Orcadas uharte eskoziarretan, Yesnabyko itsaslabarrak daude. Bere monolitoa, Yesnaby Castle, 35 metroko altuera duena, ezaguna da oso; ezaguna eta ikusgarria, batez ere olatuen erasoa jasaten duenean, irudi basatia eskainiz.

Slieve League, Irlandan. Ez dira Moherreko amildegiak bezain ezaguna baina ia hirukoiztu egiten dute haien altuera. Itsas mailatik 601 metrora dagoenez, Irlandako itsaslabarrik garaiena da eta Europako altuenetakoa. Donegaleko kostaldean dago eta Bunglass omen da amildegiaz gozatzeko punturik egokiena.

Dubrovnikeko harresia. Adriatikoko Perlaren harresiak Europako itsaslabarrik ikusgarrienetako baten gainean daude. XII eta XVII. mende artean altxatu ziren etsaien erasoetatik babesteko eta Dubrovniken historiaren lekuko zuzenak bilakatu dira. Mendebaldean, San Lorentzo gotorlekua dago 37 metroko altueran, itsasoaren aurrean. Pare-pare.