GAIAK

.EUS domeinua .COM bezain ona eta segurua dela baieztatu du Majestic ranking ospetsuak

Majestic SEO analitika enpresa ospetsuak munduko lehen milioi webgune erreferentziatuenak zerrendatu ditu ‘Majestic One Milion’ izeneko rankingean. Eta .EUS domeinuko 85 webgune agertzen dira zerrenda horretan.

Puntueusen bosgarren urteurrenaren ospakizun ekitaldia, 2019ko ekainean Bilbon. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Majestic SEO internet munduan dagoen ranking ezagunenetakoa. Webgunerik erreferentziatuenak zerrendatzen ditu. Duela urte batzuk Majestic One Million izeneko atala sortu zuten, rankingeko lehenengo milioi webguneak ikusteko. Google, Facebook, Youtube, Twitter eta Instagram agertzen dira sailkapen honen buruan.

Majestic analitika zerbitzuak SEO edo webguneen posizionamenduan lan egiten du eta horren arabera sailkatzen du.

Nabarmentzekoa da egunero eguneratzen den ranking honetan .EUSek duen presentzia. Domeinuaren inguruko datu oso interesgarriak ematen ditu, izan ere, .EUS diren 85 webgune agertzen dira munduko milioi erabilienen artean. Lehena, ‘euskadi.eus’ izango litzateke eta 10.017. lekuan aurki daiteke; ondoren, ‘ehu.eus’ agertzen da 11.056. posizioan; eta, atzetik, ‘eitb.eus’ (17.215), ‘guggenheim-bilbao.eus’ (20.823) eta ‘deia.eus’ (28.528 posizioan) ikus daitezke.

13.300 .EUS eta 161.300.000.COM sarean

Majestic SEOren rankingean dagoen .EUS webguneen kopuruak domeinuak ongi funtzionatzen duela adierazten duela azpimarratu du Josu Waliño Puntueus Fundazioko zuzendariak.

Momentu honetan sarean 13.300 .EUS domeinu eta 161.300.000 .COM daude, azken hauetatik 497.503 daude Majestic One Millionen rankingean, %0,31 hain zuzen ere. Proportzioan .EUSen askoz domeinu gehiago dago zerrendan (%0,65).

«Ezin gara modu absolutuan konparatu .COMekin. Haiek 161 milioi domeinu dituzte eta, horietatik ia 500.000 Majesticen dituzte, baina proportzionalki, bai».

«Proportzionalki, .EUS erabiltzen duten webgune gehiago daude Majesticen kalitate handieneko rankingean sartuta .COM eta besteen kasuan baino. Ondorioz, .EUS domeinua SEO aldetik .COM bezain ona eta segurua dela esan dezakegu», nabarmendu du Waliñok.

GeoTLDek osatzen duten munduko domeinu geografiko eta komunitarioen kasuan, .EUS bere antzeko domeinuekin pareka daiteke. Gaur egun 69 GeoTLD daude munduan, horien artean .cat, .scot edo .berlin bezalakoak. Horien artean .EUSek posizio ona du Majestic rankingean: bosgarren tokia. «Horrek adierazten du .EUS domeinua erabiltzen duten webguneen kalitate maila handia dela», dio Waliñok.

Majestic SEO

Majestic SEOk web orri baten posizionamenduari buruzko eremu posible guztiak kontrolatzen ditu. Horrez gain, ezinbestekoa da backlinking estrategia perfektu bat lortzeko, izan ere, ia mundu osoko loturei buruzko informazioa biltzeko gaitasuna baitu.

SEO estrategiak lantzearekin zerikusia duen guztia errazten du eta, beraz, eremu horretan ezin hobeto funtzionatzen du. Azken batean, webgune bateko bisita kopurua hobetzea ere lortzen du, behar bezala erabiltzen jakinez gero.

PuntuEUS elkarteak 2012an sortu zuen fundazioa eta urte horretako maiatzean, .eus domeinuaren eskaria aurkeztu zuen ICANN erakundearen aurrean. Fundazioa bera izan zen 2013ko abenduan ICANN erakundearekin kontratua sinatu zuena, eta ordutik aurrera .EUS domeinua kudeatu, kontrolatu eta administratzeko ardura duen erakundea da.