GAIAK

San Ferminek kalea itzultzen ez badit, behintzat utzi suziria botatzen

Bai, oso ausartak zarete periodiko honetara nire karikatura ekartzen. Ui, ze iraultzaileak… Duela mende eta laurden ikusi nahiko zintuzketet, hiri honek 30.000 biztanle jainkojale inguru zituenean, eta horien erdia nire aurka manifestatzera atera zirenean.

Basilio Lacort. (EXPRAI)

Zergatik mugitu ziren nire aurka? Bada, etxe azpiean inprimatzen genuen ‘El Porvenir Navarro’ aldizkarian apezpikuen luxuak eta Eskolapioseko apaizen grina txar lotsagarriak salatzeagatik. Martires de Cirauquin bizi nintzen, orain San Anton deitzen duzuen kale horretan, 72. zenbakian, 1908an hil arte. Apaizak ez ziren nirekin ahaztu, ordea, eta bi hamarkada beranduago oraindik kotxe barrura sartzen ziren prozesioa nire etxe azpitik pasatzen zenean.

Oso alternatibotzat daukazue GARAn zuen burua, baina eskumikatu al zaituzte inoiz apezpiku batek? Ni bai, ez behin eta ez bitan, hirutan baizik. Ni eta nire periodikoa irakurtzen zuen pertsona oro. Baita kazetari eta kolaboratzaileak. Denak infernura zuzenean. Lehenengoan eskumikatu eta gero egin zuten manifestazio lotsagarri hori, nork eta udalak antolatua. Eta zuek Ibarrolarekin kexu. Zinegotzi errepublikano gutxi batzuk kenduta, korporazioa jarri zen manifestazioaren buru, udaletxetik artzapezpikutzara. Han gotzaina limurtu, eta manifaren buru jarri zuten, udaletxera bueltan. Balkoia ireki zioten nire aurkariari nire kontra jotzeko. Gutxienekoa da niri ere plaza bera uztea orain. Zer da inprenta askatasuna erantzuteko eskubiderik gabe?

Madrilen Gobernu liberala omen zegoen boterean, baina ai, Madrilgo liberalak. Gobernadorea kikildu, eta karlisten aurka onartu zuten berme konstituzionalen etena baliatu zuen nire periodiko kuttunari giltzarrapoa jartzeko. Eta bai, zuek GARA egin zenuten, ‘Egin’ itxi zizuetenean, baina nik bi publikazio egin nituen, ‘El Azote’ eta ‘La Nueva Navarra’.

Esaidazue, atera al du Nafarroako erreakzioak zuen aurkako periodikorik? Nire aurka bai: ‘La Vieja Navarra’. «Semanario publicado para combatir las doctrinas sustentadas por el que dirige el excomulgado Basilio Lacort», hala zioen azalean. Duelurako erronka bota nion Benito Valencia zuzendariari, gure artekoa ezpata-kolpeka konpontzeko, baina itxoiteaz aspertu nintzen Takoneran.

Hiri honetako lehenengo egunkari subertsiboak egoskorki publikatu izana, orain stablishment deitzen duzuen hori nire kontra jarrita, ez al da ba nahiko meritu txupinazoa botatzeko? Erreparazioaren eta justizia poetikoaren izenean ere exijitzen dut: Errepublikak Zabalgunean eman zidan kalea San Ferminen izenean ostu zidatelako gero Frankistek. Jokaldi bikaina, ea orain nork kentzen dion kalea saindu beltzaranari.