GAIAK

Indiea, elektronika eta musika beltza, Bilbao BBK Liven protagonistak

Ostegun honetan hasi eta hiru egunez, musika eskaintza zabala izango da beste behin ere Kobetamendiko lurretan. Euskal artista ugari izango dira egunero kartelean, nazioarteko izen garrantzitsuez inguratuta. Askorentzat izen handiak falta diren arren, kartel interesgarria osatu dute.

Hirugarren aldiz igoko da Kobetamendiko oholtzara Nathy Peluso. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Jaialdien uda sasoiari hasiera eman diete berriki Azkena Rock Festival eta Euskal Herria Zuzenean-ek, Gasteizen eta Arberatzen; sanferminak gainean ditugun honetan, ordea, Kobetamendin izaten du hitzordua musikaren maitale askok, Bilbao BBK Liven txanda izango delako uztailaren 10etik 12ra bertan.

Geroz eta konplikatuagoa da kartelburu handiak topatzea halako jaialdietan, estadioak betetzen ari baitira han eta hemen nazioarteko musikariak, eta horrek guztia garestitzen du udako jaialdien promotoreentzat. Hala ere, izen interesgarri ugari pilatuko ditu beste behin Bilbon egingo den BBK Live jaialdiak.

ANIZTASUNA, ETXETIK HASITA

Asko dira azken denboratan jaialdien kartelez kexu agertzen direnak, baina jaialdi hauen esentzia nabarmenena bertan topa daitezkeen proposamenen aniztasuna eta ezezagunak ekarri dezakeen sorpresa atsegina dira.

Hala, etxeko bi artistek emango die irekiera aurtengo jaialdiari, ohiturari jarraika. Hau bada oraindik ere zintzilik dugun eta hobetu behar den zerbait, etxeko taldeei ordu zentralagoak emateak bai baitu garrantzia. Eider Saez lazkaotarra bere pop unibertsoarekin izango da aurten lehenengo emanaldia eskainiko duena, eta ordu laurden beranduago, Mirua tolosarrek beren ‘‘Miruenea’’ disko berria aurkeztuko dute. Ostegunean izango da hori, uztailaren 10ean, 17.30ean hasita. Saezen atzetik Tatta eta Denso arituko dira Kobetamendi barruan jartzen duten negutegi itxurako karpan, eta gauerdia pasatu arte ez da berriz ere Euskal Herriko proposamenik izango.

Iluntzearekin batera, Japanese Breakfast talde estatubatuarraren txanda izango da, NAIZ Irratiko uhinetan maiz jarri izan dugun taldea; indie-pop musika egiten dute Pennsylvaniatik etorriko diren musikariek, eta aurten izango da nolabait ere konstante bat gisa horretako musika entzutearena. Musika beltza izango da bigarren lerro nagusia aurtengo edizioan, eta horren adierazleetako bat izango da Michael Kiwanuka ingelesarena. Ottis Redding edota Bill Withers bezalako artista historikoekin konparatu du kritikak maiz. Iaz plazaratutako ‘‘Small changes’’ lana aurkeztuko du Bilbon. Ordu bertsuan, beste ingeles batzuk arituko dira, English Teacher; iaz urteko disko onenaren Mercury saria irabazi zuen taldea. Atzetik, ordea, Pulp taldearen txanda izango da, eta denak ere oholtza nagusiaren bueltan pilatzea espero da, 1978tik zuzenean dabilen Jarvis Cocker abeslariak zuzendutako banda entzutera. Hogeita lau urte eta gero, ‘‘More’’ disko berriarekin etorriko dira Bilbora.

Gauerdia pasatuta, Hofe artista iruindarraren txanda izango da, baina ordu berean Ca7riel eta Paco Amoroso biko argentinarra izango ditu Hofek, urteko fenomeno horietako bat izaten ari den proposamen musikala. Trap munduan hasi, eta egun latin-band horietako batek lagunduta ari dira zuzenekoak eskaintzen han eta hemen. Ausartenek, Kaytranada eta Bicep proiektuen elektronikarekin gozatu ahal izango dute ordu txikiak arte. Edota Cala Ventoren rock bereziaren hautua egin, iaz izan zuten harrera eta gero errepikatu egiten baitu aurten biko katalanak.

AZKEN ORDUKO KARTELBURUA OSTIRALEAN

Inork gutxik espero zuenean, ostiralerako Belfasteko Kneecap hirukoaren iragarpena egin zuen Bilbao BBK Live jaialdiak duela egun gutxi. Azken egunetako Glastonbury jaialdian izandako emanaldi eta haren inguruko zentsuraren ostean iritsiko dira Bilbora, eta asko gara gogotsu gaudenak gerta daitekeen ikuskizunerako. Aurretik Xsakara bermeotarra izango da arratsaldeko lehen emanaldia eskaintzen, eta Julieta katalanaren eta Saldelcoche bilbotarren kontrastearekin jarraituko dugu. Doinu urbanoak, popa eta indie musika berriz ere protagonista. Amyl and the Sniffers taldearen gitarren unibertsoarekin jarraituko dugu aurrera, australiarren proposamen fresko eta dibertigarriarekin.

Gaua heldu orduko, bi proposamen pertsonal bezain berezi izango dira bata bestearen jarraian, ahotsek protagonismo berezia hartuko dute Kobetamendin. Amaia iruindarra izango da gaueko 22.00etan bi horietan lehenengoa. Pop mundutik edaten duen baina harago doan proposamen eklektiko bat eskaintzen ari da Amaia, eta zuzenekoetan publikoarekin erabateko lotura lortzen du emanaldi bakoitzean. Atzetik, r&b eta rap girora eramango gaituen Raye Londresko abeslariaren hitzordua izango da. Disko bakarra kaleratu duen arren, ‘‘My 21st Century Blues’’, artista handien biretan hartu du parte telonero lanetan. Hala nola Rita Ora, Years&Years, Lewis Capaldi, Kali Uchis, SZA edota Taylor Swiften biretan. Horrez gainera, Royal Albert Hall antzokian, Londresen, bertako orkestrarekin sekulako zuzenekoa ere eskaini zuen, mundu guztia liluratuta utzi zuelarik bere gaitasun bokalarekin.

Ordu berean hasita eta gaueko ordu txikiak arte doinu urbano eta elektronikoek izango dute protagonismo berezia, Rusowsky, Bad Gyal eta Baiuca lagun. Lehendabizikoak, berriki, Movistar Arenan irailean emango duen kontzerturako sarrerak agortu ditu. Bad Gyal katalana aurtengo edizioko kartelburu nabarmenenetako bat da, iaz ateratako ‘‘La Joia’’ diskoa aurkeztuko du ‘‘Bikini Badness Tour’’ delakoaren barruan. Eta bukatzeko, Baiuca ekoizle galiziarrak elektronika eta folka uztartzen dituen musikarekin emanaldi berezia egingo du Kobetamendin.

LARUNBATEAN DANTZARAKO PREST

Azken egunerako, gerria ondo berotuta igo beharko du jendeak Kobetamendiko zelaigunera. Rockarentzat tarte zabala izango den arren, hor egongo baitira Malko edota Viva Belgrado taldeak, musika dantzagarriago batentzat tarte zabalagoa izango da Bilbao BBK Liven. Lehen orduetan, bi talde horiez gainera, 2026rako diskoa iragarri berri duen Alice Phoebe Lou hegoafrikarra edota Carolina Durante talde madrildarra izango dira motorrak berotzen. Gitarra eta indiea, datorrenaren aperitibo moduan, beraz.

Hala ere, izen horien artean, Janus Lester taldeak ere izango du tokitxoren bat, eta Kobetamendin sorpresaren bat edo beste emango dute, ziur. Lehen disko dantzagarriaren ostean bigarrena intimoagoa den arren, uda sasoirako giro dantzagarriago bat ari dira bilatzen Pinatxo eta konpainia, eta, beraz, hor hasiko da oinen arintasuna frogan jartzen jaialdiaren hirugarren egunean.

L'Impératrice talde paristarrak Nu Disco eta elektro doinuak jorratuko ditu iluntzeko 21.20tik aurrera, eta, atzetik, Kilye Minogue australiarra eta Nathy Peluso argentinarra izango dira hurrenez hurren oholtza nagusietan. Pop eta dance doinuak Minogue artista historikoaren eskutik, eta Latinoamerikako doinuak Pelusorenetik. Minogue inoiz baino elektronika indartsuagoarekin dabil azken denboratan, ‘‘Tension Tour’’ delakoan azken bi urteetan ateratako izen bereko albumak ari da aurkezten. Peluso, berriz, ‘‘Grasa’’ lana aurkeztera etorriko da; kasu honetan, rap, r&b eta hip-hop munduan gehiago ibili da argentinarra.

Gaua borobiltzeko, berriz ere indie, rock eta gitarrak izango dira protagonista. Damiano David italiarra izango da batetik, Måneskin taldearekin egiten ari denaren paraleloan diskoa kaleratu baitu bakarka. Bestetik, Sidonie talde katalana izango da, udako jaialdietan hutsik egiten ez duen izen horietako bat; kasu honetan, 2023ko ‘‘Marc, Axel y Jes’’ diskoa dute kaleratutako azkena, baina abesti berri ugari entzun ditugu azkenaldian, eta katalanez ere egin dute beren azkena. Ea zer dakarten besapean.

EGUNEKO SARRERAK, ESKURATZEKO MODUAN

Oraindik ere bada bonuak eskuratzeko aukerarik, eta egunez eguneko sarrerak ere erosteko moduan daude jaialdiaren webgunean. Aipatutakoak eta askoz ere gehiago izango dira, baita Bilboko hirigunean ere, Bereziak ekimenaren barruan.