2025 UZT. 14 - 06:00h Dementzia odol-tanta batekin detektatzeko gailu bat garatzen ari da MindSens MindSens proiektuko kideak Donostian aritu dira lanean bi hilabetez, nanoGUNEn, dementzia odol-tanta batekin detektatzeko gailu bat garatzen, III. Global Graphene Call Sariari esker. Taldearen xedea enpresa bat abiatzea da, burmuineko osasuneko diagnostiko eskuragarri eta unibertsalak bultzatzeko. Rica Asrosa Indonesiako ikertzailea, nanoGUNEn lanean. (Maialen ANDRES | FOKU) Maider Iantzi Rica Asrosa Indonesiako ikertzailea materialen zientziaren inguruko doktoretza amaitzen ari da Londresko University Collegen. Garapen zientifikoa merkaturatzeak motibatzen du. Industriara eta jendearengana iristeak, ez dadin bakarrik laborategian eta arlo akademikoan gelditu, baizik eta garatzen ari direna jendeak zuzenean erabil dezan. Donostian aritu da bi hilabetez lanean, nanoGUNEn, dementzia odol-tanta batez detektatzeko gailu berezi bat garatzen, III. Global Graphene Call Sariari esker. MindSens enpresa proiektuaren sortzaileetako bat da Asrosa. Berria da MindSens, joan den udan hasi ziren, oraindik ez dago enpresa bezala sortua. Beraz, hagitz eskertuak daude sariagatik. «Ziztu bizian doa dena, ez genuen espero hona etortzea eta jaso dugun bultzada guztia jasotzea. Are gutxiago konpainia hemen abiatzeko aukera aztertzen aritzea», adierazi digu, pozarren, 28 urteko ikerlariak. NanoGUNEn egin dugu hitzordua berarekin. Pozarren aurkeztu digu eraikitzen ari diren gailu iraultzailea. Etxean erabiltzeko moduko tresna eramangarri, zehatz eta merkea da, dementzia goiz diagnostikatzea posible egin dezakeena mundu osoko etxe eta kliniketan. III. Global Graphene Call Saria irabazi du proiektu horrek. CIC nanoGUNEk, BerriUpek, Grapheneak, Donostia Sustapenak eta BIC Gipuzkoak batera antolatutako deialdia da, grafenoa industrian eta teknologian erabiltzeko ideiak bultzatu eta erakartzeko. Sintomak agertu baino 15 urte lehenago MindSensg garatzen ari den gailuaren elementu gakoetako bat grafenoa da. Grafenoa erabiltzen du bere sentsoreetan, odol-tanta bakar bat erabiliz alzheimerra eta dementzia garaiz detektatzeko. «Odolean badira proteina batzuk dementziaren adierazle direnak eta guk horiek aztertzen ditugu dementziak gure gorputzean duen garapena ikertzeko. Sintomak agertu baino hamabost urte lehenago detekta dezakegu. Proteina horiek pilatu egiten dira urteekin eta guk pilaketa horiek monitorizatu ditzakegu», adierazi du Asrosak. Momentuz dementzian zentratuak daude, baina uste dute etorkizunean teknologia bera erabiliz bertze eritasun batzuk ere detektatzen ahalko dituztela. «Gure odolean proteina batzuk pilatzen dituen beste mota bateko gaixotasun bat baldin badago, gai izango ginateke grafenoaren dispositibo horrekin biomarkatzaile horiek identifikatzeko. Alde batetik hardwarea dago, grafenoz egindako gailu hori, eta bestetik, softwarea, eta softwareak gai izan behar du esateko biomarkatzaile horiek maila honetan daudenean hori etorkizuneko positibo bat izan daitekeen ala negatibo bat. Softwareak ere garatu behar du horretarako». Garatzen ari diren teknologiak minutu gutxitan ematen ditu emaitzak, zerrenda batean odol-tanta bat botata. (Maialen ANDRES/FOKU) Enpresa Donostian abiatzeko aukera aztertzen ari dira. Sustapenarekin eta BIC Gipuzkoarekin ikusten ari dira zer laguntza egon daitezkeen enpresa hemen hasiz gero Britainia Handiko, Suediako eta Indonesiako sei profesionalek osatzen dute MindSens. Diziplina anitzekoak dira eta bakoitzak bere zeregina du: exekutiboa, negozioaren garapena, produktuaren diseinua, softwarearen garapena eta I+G. Distantzian lan egitera ohituak badaude ere, gustura hartu dute sariaren aukera. Donostia Sustapenaren bidez, Ekinen hartu dituzte bi hilabetez. Aukera izan dute nanoGUNEra etortzeko behar zituzten testak eta garapenak egiteko, eta Grapheneak grafenozko transistoreak (GFET bezala ezagutzen direnak) eman eta hauek Mindsens-en esperimentu eta protokoloen arabera moldatzeko aukera eskaini die, haiek behar dituzten biomarkatzaileak antzemateko. Gainera, enpresa ikuspuntutik, BerriUP enpresa azeleragailuak garapenerako aholkularitza eta babesa eskaini die. Rica Asrosa, nanoGUNEko laborategietako batean. (Maialen ANDRES/FOKU) Orain enpresa Donostian abiatzeko aukera aztertzen ari dira. Horretarako, bai Sustapenarekin eta bai BIC Gipuzkoarekin ikusten ari dira zer laguntza egon daitezkeen enpresa hemen hasiz gero, BICen estrategia ere badelako interesgarriak izan daitezkeen proiektuak identifikatzea eta hasiera horretan bidelagun izatea. Gailuaren abantailak «Laborategiko test tradizionalek ez bezala –motelak izan daitezke, garestiak, eta laborategi zentralak behar dituzte–, garatzen ari garen teknologiak minutu gutxitan ematen ditu emaitzak, zerrenda batean odol-tanta bat botata. Ez du laborategiko ekipamendu garestirik behar, ezta hura erabiltzeko teknikari prestaturik ere», nabarmendu du Rica Asrosak. «Oraindik ez dago dementziarako sendabiderik, baina gailuak oso diagnostiko aurreratua egiteko aukera emango luke. Horrek tratamenduan lagun dezake» Gailu sentikor, eramangarri eta malgua egin nahi dute, mundu osoan barna erabiltzeko, baita baliabide gutxiko egoeretan ere, erresonantzia magnetiko bidezko irudigintza (MRI) edo laborategietako testak eskuragarri ez daudenetan.«Oraindik ez dago dementziarako sendabiderik, baina gailuaren abantailetako bat da oso diagnostiko aurreratua egiteko aukera emango lukeela. Horrek tratamenduan lagun dezake. Zenbat eta lehenago diagnostikatu, tratamendu hobea eman ahalko da orokorrean eta prozesua hobea eta luzeagoa izan dadin laguntzen ahalko da. Momenturen batean sendabiderik lortzen baldin bada, erreminta bat egongo da modu oso aurreratu batean diagnostiko hori egiteko. Hala, sendabide hori ere eraginkorragoa izango da lehenago hartzen dugulako», azaldu du ikerlariak. Hurrena, proba klinikoak Ordenagailuan erakutsi digu egin nahi duten gailuaren diseinua. Grafenozko dispositiboarekin eta detekzio sistemarekin frogak egiten ari dira gailua gehiago garatzeko. Dagoeneko testak baliozkotu dituzte giza odolarekin, laborategian. Hurrengo pausoa kliniketan gainditu beharreko probak pasatzea izanen da. Ospitaleetan frogak egin beharko dituzte dispositiboarekin, ikusteko benetan ari diren detektatzen detektatu behar dutena. Horietan zuzenean hartuko dute pertsonen odol tanta, gero analisiak egiteko. Hori egin bitartean, diseinua garatzen ari dira, txikiagoa egiteko. Izan ere, grafenozko dispositiboa laborategian irakurketa egiteko erabiltzen diren makina handi batzuetara konektatu behar da. Orduan, laborategiko dispositibo hori txikitzen ari dira irakurketa hori egin ahal izateko beraien dispositiboan bertan. Fase klinikoa pasa ondoren, ideia da dispositiboa nahiko prest edukitzea aurrera egiteko eta zabaltzeko. Datorren urtearen erdian bukatuko dute laborategiko etapa. Gero, proba klinikoekin hasiko dira. Urtebete edo bi urte artean iraunen dute horiek eta dena ongi badoa, hiru urteren buruan gailua merkaturatuko dute.