GAIAK

Irrikitaldia, «ñoñostiarrismoari» irri egiteko kale antzerkia

Iritsi da begiko partxea eta buruko zapia kentzeko eguna, jantzi dotore eta hurbildu Donostiako erdigunera, gaur da aristokraten egun handia, gaur da Irrikitaldia. Aste Nagusi ofiziala amaitu ostean, Donostiako Piratek amaiera eman nahi izaten diote festei, kritika sozialaz jositako antzerkiarekin.

Belle Epoque-ko jantzitegia izaten da nagusi Irrikitaldiko egunean. (Jagoba Manterola | FOKU)

Iritsi da bakea, iritsi da harmonia, alde egin dute pirata zalapartatuek Donostiatik, edo agian, hobe esanda, San Sebastianetik. Garbi sumatzen da goizean goizetik hiriko erdigunea; pamelak zein boinak buruetan, perlazko belarritako eta lepokoak, galtza-uhaldunak eta guardasolak… Berrehun urte atzera egin izanaren sentsazioa ematen du igande honetan Donostiako alde zaharrak. Irrikitaldia da.

20 urte betetzen ditu aurten Irrikitaldiak, haien itua tradizioa berreskuratu eta pirata malapartatuak hiritik kanporatzea da. Auzolanaren bideari egiten diote tira, 2018an hasi zen Aiert Ordoñez Irrikitaldiko lan taldean parte hartzen, eta berarentzat Aste Nagusiko «egunik onena» da. Nahiz eta ofizialki jada Aste Nagusia amaituta egon, festazaleen agendetan apuntatuko hitzordua izan ohi da: «Piratontzat oso egun polita izaten da, inork ez duelako ardurarik edota txandarik… aste osoko ardurak alde batera utzi eta disfrutatzeko eguna izaten da».

Aurreko belaunaldiarengandik jaso zuen egungo lan taldeak Irrikitaldia denaren definizioa-edo, halaxe azaltzen du Ordoñezek: «Guk aurreko belaunaldiarengandik jaso dugu antzerki satiriko bat dela, kalean egiten dena eta helburutzat kritika soziala egitea duena, urtean zehar gertatzen diren ‘politikeoko’ istorioak ere kritikatzen ditugu, antzerki xume baten bidez». Xumea dio, baina irudimena eta jendetza bateratzen dira urtero, ekintza arrakastatsua da, baina Ordoñezek zehaztu du parte hartzaileak ez direla «ez aktoreak ez eta profesionalak ere».

 

Munilla apezpikoa ere joan izan da Irrikitaldira.
Munilla apezpikoa ere joan izan da Irrikitaldira.


Boulevardeko kioskotik abiatzen dira urtero, eta Santa Maria elizara arte «pasilloa eta salbea» egiten dute Kale Nagusian zeharkatuz, elizako atarian amaitzen dute antzerkiaren bigarren zatia. Aurtengoan ere, ibilbide bera izango dute, hirian topatzen dituzten turistak saihestuz. Parte hartzaile guztiak joaten dira modu batera edo bestera mozorrotuta, Irrikitaldiko kideak bakoitzak nahi duen bezala joateko deia egin du, «gaitegia jakina da», norberak landu behar du irudimena.

Ehun urte atzera eta egungo politikeoa

Baina, non du festa honek jatorria? «Koktel batean sartutako nahasketa arraro bat da», erantzun du zuzen. Eta azaldu du bi garai daudela ekimenaren jatorrian elkarloturik. Batetik, belle epoqué deiturikoa dago, Espainiako erregina Maria Cristina uda pasatzera Donostiara etortzen zeneko garaia. 1893an hasi zen Gipuzkoko hiriburura oporretan etortzen, «eta berarekin batera aristokratak», gehitzen du Ordoñezek. Erregina Donostia hiri turistiko bihurtzeko prozesuan pertsona garrantzitsua izan zen, berak bultzatu zituen eraikin handi eta elegante hainbat ere, besteak beste udaletxea, bere izena daraman hotela, edota Koldo Mitxelena liburutegia.

Hortik beraz, belle epoqueko elegantzia. Eta bestetik, Ama Birjinaren egunean egiten zen salbea, agintari guztiak elkartzen zirena. «Garaiko autoritateekin prozesio antzeko bat egiten zen, bertan elkartzen ziren poliziak, apaizak, alkatea, politikari ezberdinak… eta Santa Maria elizan ospatzen zen mezaraino prozesioan joaten ziren», azaltzen du. Odon Elorzak utzi zuen 1995ean bertan behera prozesio hori, sortzen ziren iskanbilengatik, eta Eneko Goiak alkatetza eskuratu zuenean berriro martxan jartzeko imintzioa egin bazuen ere, momentuz, Irrikitaldikoek soilik jarraitzen dute prozesioan. Eszenatoki horri erantzuten diote urtero, «gaitegi hori erabiltzen dugu kritika satiriko bat egiteko» argitzen du.

Aste Nagusian zehar

Inprobisazioari eta parte hartzeari leku egiten diote, eta sinestezina badirudi ere, Aste Nagusian bertan elkartzen dira lehen aldiz: «Gidoi bat zehazten dugu, baita gutxi gora behera zein pertsonaiek hartuko duten parte ere, eta antzerkiaren ildoa. Pertsonaia bakoitza nork egingo duen zehazten hasten gara, eta ondoren, libre uzten zaio parte hartzaileari berak egin eta esan nahi duena egiteko, nahiko inprobisatua izaten da», kontatzen du Ordoñeñzek. Ahalegintzen dira antzerkian protagonista izan ez, baina parte hartzea bultzatuko dutenekin ere konplizitatea bilatzen, ikuslearekin hartu emanean.

Toreroek ere bisitatu zuten iaz Irrikitaldia.
Toreroek ere bisitatu zuten iaz Irrikitaldia.


Aste Nagusiko jai giroan egin behar izaten dituzte antzerkirako «fitxaketa» batzuk, eta azken momentura arte ibili ohi direla aitortzen du Irrikitaldiko kideak. Halere, beraien etengabeko helburua «jende berria lan taldera batzea» dela zehaztu du.
«¡Turistas sí, Piratas no!» oihuak entzun ziren iazko Irrikitaldian, eta tartean omen zeuden Eneko Goia alkatea eta Jose Ignacio Munilla apezpikua exiliatua; baita zezena, toreroa edota Loiolako militarrak ere. Azken edizioetan «Goia saria» banatu izan dute, pasa den urtean Iñigo Urkulluk irabazi zuen, «Euskadiren alde urte luzez lan egin eta gero jubilatu delako».

Sorpresak eta umore ona

Umorea lagun hartuta, urtero izaten da sorpresaren bat, eta Aste Nagusi osoan isilik eutsi behar izaten dute lan taldeko kideek. Hala eutsi dio Ordoñezek ere, baina zer edo zer iradoki du: «Beti saiatzen gara zerbait berezia egiten, eta zer esanik ez 20.urteurrena izanda. Kasualitatea da, baina guk 20 urte betetzen ditugu eta Eneko Goiak 10 urte bete ditu alkatetzan…».

Piratek utzitako lurra konkistatuko dute gaur aristokratek, beraientzat ohikoa ez den modu batean ordea, umoretik eta kritika sozialetik. Hori ere topatu baitaiteke «ñoñostiarrismoaren» tartean.