GAIAK

‘Patient Advocacy’, minbizia duten pazienteak ikerketaren erdigunean jartzeko ekimena

Minbiziaren Ikerketaren Munduko Egunaren bezperan aurkeztu du Minbiziaren Aurkako Elkarteak ‘Patient Advocacy’ proiektua, hots, pazienteak ikerketen erdigunean jartzea xede duen ekimena. Parte hartzen ari diren pazienteetatik bost dira bizkaitarrak.

Laborategi baten artxiboko irudia. (EUROPA PRESS)

Ikerketa onkologikoaren erdigunean minbizia duen pertsona jartzean, bere ahotsa minbizia ikertzeko proiektuen ebaluazio-prozesuetan txertatzen da, hartara ikertzaileek bere iritziak eta gomendioak entzun ditzaten. Xede horrekin sortu dute ‘Patient Advocacy’, Minbiziaren Aurkako Elkarteak sustatutako proiektu aitzindaria. Bizkaiko bost paziente ari dira parte hartzen.

Minbiziaren Ikerketaren Munduko Egunaren bezperan aurkeztutako ekimenak minbizia duten pertsonen beharrizan klinikoen ikuspegi benetakoagoa eta hurbilagoa ematea du helburu. Halaber, ikerketaren barruan erabakiak hartzeko orduan pazienteek eragile gako gisa duten zeregina indartzen du eta, aldi berean, beren beharrizanetara egokitutako irtenbide medikoak sortzeko prozesuan bidelagun izan daitezkeela erakusten du.

Minbizia duen pertsona lehenesten duen ikerketak ondorio zuzena du osasun publikoan, elkartearen arabera. Izan ere, eragina dauka tratamenduak, osasun-politikak eta prebentzio-estrategiak diseinatzeko orduan eta, gainera, ikerketa mediko inklusiboago eta lankideago baterako joera globalari erantzuten dio. Halaber, uste dute bide horretatik soilik gainditu ahalko dela 2030erako % 70eko biziraupen tasa.

Gaur egun, minbizia duten 30 pertsona baino gehiago daude programan, espainiar Estatuko 11 probintziatakoak. Partaide horiek aktiboki parte hartzen dute sei laguntza-deialditan, besteak beste ATTRACT laguntzetan, ezohiko minbizien aurkako botikak garatzeko nazioarteko sareak sustatzea xede, eta AECC Katedrak laguntzetan, minbizia humanizatzeko bidean aurrera egitea xede. Bizkaian, duela hiru urte jarri zen martxan programa hau, eta bost pertsona ari dira parte hartzen.

Ikerketa, biziraupenerako bermea

Minbiziaren Aurkako Elkartea da Estatu mailako ikerketa-sare handiena; 38 probintziatan dauden 146 ikerketa-zentrotako 2.300 ikertzaile baino gehiagori ematen die laguntza, gaixotasunaren garapen-fase guztiak lantzeko, prebentziotik metastasiraino.

2024an zehar guztira 366 aurrerapen lortu dira minbiziaren aurkako ikerketan; hau da, egun bakoitzeko emaitza bat. Gaur gaurkoz, Elkarteak 27 entsegu kliniko babesten ditu, horietatik % 33 nazioartekoak. Bizkaian, egun, 35 proiektu daude martxan, 10 ikerketa-zentrotakoak, guztira 7 milioi eurotik gorako balioa dutenak.

Minbiziaren Ikerketaren Munduko Eguna dela eta, Bizkaiko Elkarteak hainbat jarduera antolatu ditu irailean, ‘Minbiziaren ikerketak bizitza gehiago sortzen du’ lelopean. Irailaren 24an, bihar, kaleko ekintza bat egingo dute, 11.00etatik aurrera, Bilboko Bizkaia plazan, herritarrak minbiziaren ikerketari buruz kontzientziatzeko eta arlo honetan aktibatzeko. Ekintza berdina beste herri batzuetan ere egingo dute: Zornotzan egingo dute hilaren 25ean, 11.00etatik 13.00etara bitartean, Karmen kalean; hurrengo egunean Bermeon izango dira, 12.00etan, Lamera parkean; eta Balmasedan irailaren 30ean, 17.00etan San Severino plazan.

Halaber, irailaren 29aren eta urriaren 9aren artean bisitak egingo dituzte minbizia ikertzen duten Bizkaiko hainbat zentrotara, pazienteekin, senideekin, boluntarioekin eta Elkarteko profesionalekin batera. Transfusio eta Giza Ehunen Euskal Zentroa, CIC bioGUNE Biozientzietako Ikerkuntza Kooperatiboko Zentroa, Euskal Herriko Unibertsitatea, Biobizkaia Euskal Osasun Ikerkuntza Institutua eta AZTI Itsas Ingurunean eta Elikaduran espezializatutako Zentro Teknologikoa bisitatuko dituzte, 2 ordu inguruz.