2026 URT. 21 - 13:25h ‘Bilbao Colorido’ izango da Bilboko Aratusteen irudia Otsailaren 12tik 17ra Bilbon ospatuko diren Aratusteen irudia izango da ‘Bilbao Colorido’ kartela, Miguel Perera Gomezek diseinatua. Bilboko Udalak jakitera eman du 2026ko Aratusteak iragarriko dituen kartela. (BILBOKO UDALA) NAIZ Bilboko Udalak jakitera eman du 2026ko Aratusteak iragarriko dituen kartela. ‘Bilbao Colorido’ izeneko obra, Miguel Perera Gomezek diseinatua, izan da lehiaketako irabazlea; aurrez aurreko, online eta epaimahaiaren botoak gehitu eta gero, puntuazio handiena lortu du. Herritarren botoak izan du pisu handiena aukeraketan (%70). Guztira, bilbotarrek 3.431 boto eman dituzte. Hautatutako kartela jaietako irudi ofiziala izango da eta otsailaren 12tik 17ra ospatuko diren Aratusteen komunikazio eta promozio guztietan erabiliko da. Itziar Urtasun Bilboko Udaleko Jaietako Batzorde Mistoko presidente eta Berdintasun eta Jaietako zinegotziak kartel irabazlea aurkeztu du gaur goizean prentsaurreko batean, edizio honetako kartel lehiaketako epaimahaia osatu duten kideekin batera. Aurreko edizioetan bezala, epaimahaiko kideek 6 kartel finalistak aukeratu zituzten aurkeztutako 91 proposamenen artean. Lanak leku desberdinetatik iritsi dira: 14 Bilbotik, 28 Euskal Herriko beste toki batzuetatik, eta 49 beste herrialdeetatik. Ondoren, herritarrek botoa eman dute, pasa den ostiralerarte aurrez aurre Abandoko Barrutiko Udal Zentroan eta igandera arte, online, Bilboko Udalaren webgunean. Epaimahaiak gaur goizean egin du bozketa. Edizio honetan epaimahaia honako hauek osatu dute: Itziar Urtasun Jaietako Batzorde Mistoko presidente eta Berdintasun eta Jaietako zinegotzia, Asier Abaunza eta Esteban Goti zinegotziak, Bilboko Konpartsen ordezkaria, Alicia Fernandez Rekalde Aretoaren zuzendaria, Julia Dieguez Deusto Bizirik Elkartearen presidentea, Roberto Forcen kazetaria eta Alex Hernandez antzerki sortzailea. Era berean, epaimahaiak adimen artifizialaren erabileraren aholkularitza izan du Borja Sanz, Deustuko Unibertsitateko Ingeniaritza Fakultatearen doktore arduradunaren eskutik.