2020/02/09

Gurutzegrama
Gurutze Anduaga
098_iruditan

Eskuz egindako marrazki bat dirudi lerroon gainean ikusten duzun irudiak. Izan liteke marrazkilariak jende talde bat marrazteko beharrari erantzutea, gizatalde desberdin bat bere silueta partikularrekin osatzea, apenas kolorerik gabeko eraikuntza eta gizabanakoen munduan, hondo argitsu batez horniturik, kolore zertzeladarik apenas erabili gabe. Kasu honetan, ordea, ez dago marrazkilaririk. Begien aurrean duzuna Myanmarren ateratako argazkia da, Taungthaman aintziran.

Turista talde bat da kameraren objektiboaren barruan hartutakoa, egunaren amaierako argiarekin egindako jolasa, marrazki fotografiko bat, klik bakarrean hartutako istant labur baina esanguratsua.

Postureoa? Izan liteke, argazkiko pertsonaiek iradokitzen baitute nahita jarritako pertsonen itzalak ageri direla irudian. Ezkerreko emakumetik hasita. Zutik, kapela buruan eta mugikorrari begira. Bankuan eserita dagoen gizonezkoa, eta eserleku berean pausatuta dagoen bikotea. Kontrako norabidean gurutzatzen diren bi pertsona. Oinez jarraitzen duen giza multzo txikia eta kontran aterkia eskuan hartuta datorren azken pertsona bat. Elkarrekin baina nahastu gabe leku berean elkartu den gizabanako taldea. Ez al da ba egunerokoa bera norabide desberdinetan doazen bizitzen gurutzegrama? Marrazkilariak aurrez pentsatuta ere ez luke hobeto egingo.