GALDER PEREZ
IRITZIA

Bizitza anitzaren ataza

Azken boladan gertatzen ari zaigun gaitz askoren iturria pandemia dela esaten dugu, gehiegitan, ziurrenik. Hainbeste konturako aitzakia bihurtu dugu, eta horretaz gehiegi baliatzen ari gara ia edozeren gabezia justifikatzeko. Munduaren akaberaren kontua ere gero eta gehiago entzuten ari gara, baina aldaketa klimatikoa lehenagotik ere bazetorren, gero eta nabarmenagoa izan arren, noski. Gure gabezia potoloetako bat kontzentratzeko arazoa dela uste dut. Askorentzat konfinamenduan hasi zen kontu hau. Baina atzera begiratzea baino ez, askoz lehenagoko gaitza dela jabetzeko. Ataza anitzaz hitz egiten da gure kontzentrazio faltari erreferentzia egiteko, zer eta termino hain teknologikoa, giza hutsunea deskribatzeko. Baina egia da, zalantzarik gabe, teknologiek areagotu zutela gure kontzentratzeko gaitasuna, pantaila anitzekin bizitzen hasi ginenean.

Gauza mordoa aldi berean egiten ari garela pentsatu ohi dugu eta, okerrena, hori dena une bakar batean egiteko benetan kapaz garela sinetsita gaude. Aldi berean zazpi aplikazio erabili, hiru artikulu irakurri, txio madarikatuak birtxiokatu eta gure bihotzeko lagunei maite ditugula ahots mezuz goxo esan. Baina kontzentrazioaz aztertuz gero, ziurrenik ez gara gauza asko egiten ari. Beharbada bat bera ere ez. Hamaika fronteri aldi berean aurre egiteko gaitasuna dugula sinetsarazten diogu geure buruari etengabe. Gure burmuina, ordea, momentuz ez dago horretarako prest. Etorkizuneko pertsonak, inoiz jaiotzen badira, horretarako prest egongo dira agian. Eta bitartean, gauero oheratzerakoan, gauza bakarra egin behar dugunean, lo eta atseden hartu, frustrazioaren mamuari gure arima harrapatzen uzten diogu, eta ezer gutxi ganoraz egin dugulako sentsazioak espidikoki esnatzen gaitu. Antza, gure bihotz aldarte, arima, burmuin eta gorputz babesgabeek gauza berrien beharra dute. Dopamina etengabe sortzen ibili behar dugula dirudi, eta pantailak edo aldibereko mila eginkizun dira gure drogak. Gero eta anitzagoak diruditen pantaila itxurako adikzioak, gero eta ezdeusagoak bihurtu gaitzaketen praktikak.

Udako hilabete eder hau estreinatu berri dugun honetan, bada, ederra litzateke gauza bakarrean jartzea arreta. Praktika bakarrean murgildu eta horretan ehuneko ehun kontzentratu. Momentuan, ez zait sanferminak baino aukera hoberik bururatzen. Parrandari dena eman, mundua akabatzen ari den aitzakia hartuta jaiaren adarretara errenditu. Horretan, behintzat, kontzentratzen badakigu oraindik. Beharbada horretan baino ez dakigu benetan kontzentratzen, praktika askatzaile horretan gu geu sentitzen baikara eta elkarrekin mila jarduera burutzen ditugunean beste zerbaitetik ihesean ari gara, gugandik ihesi, hain zuzen ere.