AMAIA URIBE
IRITZIA

Telebista

Umea nintzenean telebista bakarra genuen etxean eta afalostean denok batera esertzen ginen sofan telebista ikusteko. “Goenkale”-n Lasa anaiak mokoka ikusten genituen, “Farmacia de guardia” ikusterakoan «para dentro, Romerales» esaten genuen aho batez eta geure apustuak egiten genituen “Qué apostamos” programarekin. Beti denok ez ginen konforme egoten telebistan jarrita zegoenarekin baina pantailan ageri zena gustatzen ez zitzaigunean ere ez ginen altxatzen sofatik.

Urte batzuk geroago bigarren telebista erosi genuen eta hor bai, familia erdibitzen hasi zen. Aitak txirrindularitza ikusten zuen bitartean, “Al salir de clase” ikusten genuen ahizpak eta biok. Noizbehinka borrokan ere hasten ginen, telebistako mandoa hartzen zuen lehenengoak aukeratzen zuelako zer ikusi. Baina orduan ere, konformatu egiten ginen eta ahizpak eta biok telebista batera ikusteko ohitura hori mantentzen genuen.

Gaur egun, baina, ohitura hori ia galdu dugu. Netflix, HBO, Disney+ eta antzeko plataformak agertu zirenetik, gero eta telebista gutxiago ikusten dugu.  Bart, adibidez, senarra “Stranger Things” ikusten zegoen bere ordenagailuan, semea “Cars” ikusten bere tabletan eta ni “Intimidad” ikusten nire ordenagailuan. Eta seguru zuetako askoren etxean ere antzekoa gertatzen dela.

Faltan botatzen dut senideekin sofan eserita telebista ikustea, mandoagatik borroka egitea eta pantailakoa gustatzen ez zaidanean ere hortxe geratzea

Argi dago mundua aldatu egin dela eta ikus-entzunezkoak kontsumitzeko modua ere aldatu egin dela. Gero eta aukera zabalagoa dugu eta eskaintzen digutena ikusteko gailu gehiago ditugu etxean. Eta lehen pantailak batu egiten gintuen arren, orain pantailek banandu egiten gaituzte. Kafetegietan gero eta ohikoagoa da mahai berean eserita dauden bi lagun elkarrekin berbetan barik, bakoitza bere mugikorrera begira ikustea. Gertu baina urrun. Umeek futbolean edo ezkutaketan jolastu ordez, Pokemonak harrapatzen dituzte mugikorrarekin. Aurrez aurre barik, birtualki jolastuz. Eta bizi garen munduaren erakusle da hori. Gero eta indibidualistagoak gara, gero eta balio gutxiago ematen diogu komunitateari eta gero eta gehiago begiratzen diogu gure zilborrari. 

Faltan botatzen dut senideekin sofan eserita telebista ikustea, mandoagatik borroka egitea eta pantailakoa gustatzen ez zaidanean ere hortxe geratzea. Polita zen barreak partekatzea, sustoak batera hartzea eta ikusten ari ginenaren inguruko iruzkinak egitea. Beraz, ea “Goenkale” itzultzen den familiak telebistaren aurrean berriro elkartzeko!