IñIGO OCAMICA
AKITEKTURA

Hamaika galdera, hirigintza proiektu sentsiblerik ez

Egun hauetan biziki sentitu ditut nire jatorrizko Zarauzko ezkien mozketaren inguruko berriak. Lerro hauek argitaratzen direnerako, pasatua izango da jada hilabete osoa Tiloak plataformak udaletxean mozketa geldiarazteko mozioa aurkeztu zuenetik. Udaletxeak ez du inongo atzerapausorik eman, ezta mahai gainean duten proiektua 6.000 herritarrek adierazitako ardura eta sentimenari egokitzeko inongo ahaleginik egin ere. Herrialde honetan dinamika halakoa izatera ohituta gaituzte. Dena den, Zarauzko kasua beste adibide bat besterik ez da. Astigarragan, Donostian, Bilbon… ere beste hainbeste gertatu da, arrazoi eta argudioak diferenteak badira ere.

Honakoan, aitzakia teknikoa da, maiz izaten den bezala, erraz baketzen dituztelako herritarrak argudio teknikoen kartarekin. Saneamendu sarea eta ur hornikuntzako sarea berritu behar dira; instalazioak berritzeko, hodiak espaloietatik pasatu behar dituzte errepidea Diputazioarena delako; tartean ezkien sustraiak daude. Hortaz, erraza da ebazpena. Zuhaitzak eragozpen bat dira ekuazio honetan, eta ezabatu egin behar dira kanalizazioak berritzeko.

Datu hauek guztiak egiazkoak dira, egin beharreko lanak direla ukaezina da. Alternatibak ordea, ez dira kontzientziaz bilatu, hori ere argi ikus daiteke. Erresistentzia gutxieneko bidea hartu da, maiz administrazioak hartzen duen bezala. Beharbada, bilatu ostean ondorio konkretu berdinera helduko lirateke, baina begirada zabaltzerakoan, bilaketa prozesuak berak aterako litzatekeen emaitza ere leunduko luke. Arkitektura eta hirigintza ez direlako inoiz txuria edo beltza, tartean ehunka grisen ñabardura aurkitu dezakegu.

Aitzakiak aitzakia, lehenengo fase honetan ia 60 ezki mozten laster hasiko dira. Eta planteatuta dagoen ordezkapena ez da, inondik inora, gaur egun dagoen ondare berdearen baliokidea. Ezta 2022an, krisi klimatikoaren aurrean, jasangarria izan nahi duen herri baten erantzuna ere. Agerian geratzen dena arazo konkretutik atera eta herria epe luzean amesteko ikusten den imajinazio falta da. Baita ere epe ertainean arazoak aurreikusi eta hauei aurre egiteko estrategien antolaketa falta. Zarauzko hiribide handienaren transformazioa, haren itxura eta egitura osoa, saneamendu hodi batzuk aldatu behar izatearen argudioarekin hasiko da.

Non dago etorkizunean nahi dugun herriaren hausnarketa? Zergatik ez da egin, herritarren parte-hartzearekin, gainera (bai aurretiko parte-hartze prozesuekin, bai lehiaketa publiko baten bitartez, proposamenen kalitatea sustatzeko), herria ertzetik ertzera gurutzatzen duen ardatz honi buruzko eztabaida irekia? Zergatik ez da behar bezala pentsatu Zarauzko Nafarroa kalea zer-nola bilakatzea nahi dugun, eta ez soilik uneko egoerari erantzun erraza eman? Arkitekturak eta hirigintzak herri eta hiriak imajinatu, estrategikoki planifikatu, diseinatu eta proiektuen bitartez gure egunerokotasuneko errealitate bihurtzen ditu. Burututako ekintzek, gure herri eta hiriak moldatu eta, erraz, mende erdi baterako definitzen dituzte.

70eko hamarkadan Nafarroa kaleko zuhaitz ilara guztia moztu zuten

Zein izango dira Nafarroa kaleak izango dituen zuhaitzak, ezkiak kendu behar badira, edo zein dira mantendu daitezkeen ezkiak, eta nola? Zenbatekoa da edukiko dituen espaloien zabalera, eta nolakoa izango da horien akabera? Zenbat berde sartu ahal dugu zuhaitzez gain? Zenbat zoladura izan daitezke iragazkor, eta hortaz nola kudeatuko da euri ura? Zenbat aparkaleku mantendu eta zenbat kendu behar dira, oinezkoei, bizikletei edo berdeari bide emateko?... Hamaika galdera, hirigintza proiektu sentsible baten bitartez erantzun beharko genituzkeenak.

Zarauzko Hiri Mugikortasun Jasangarrirako Plana Tiloak plataformaren mozioa errefusatu zen bilkura berean berretsi zen. «Jasangarria» hitza izenburuan duen udaletxeak aurrera eramandako dokumentuak ere ez du hurrengo hamarkadetako Zarautz hobeago bat imajinatzen. Pena da, ohikoa den bezala, politikariak behera begira egotea, momentuko arazoei epe laburreko perspektiba mugatuarekin aurre eginez hurrengo hauteskundeak salbatu arte. Gora eta aurrera begiratzeko momentua da, ezkien adaburuen artean, gure herri eta hiri jasangarriak nolakoak izango diren amesteko.