AMAIA URIBE
IRITZIA

Ikusezinak

New Yorkeko F metroko hirugarren bagoia. Ez da puntako ordua baina jende dexente dago. Halako batean, mutil gazte beltz bat sartu da. Bozgorailu txiki bat lurrean jarri eta musikaren erritmoan dantzan hasi da.

Lehenengo mugimenduen ostean, indar eta oreka erakustaldia iritsi da. Metroko barra luze horietako baten jarri da modu horizontalean eta segundoak eman ditu hor eskegita, trebezia itzela erakutsiz. Ostean, buruan daraman txapela lurrean utzi eta hankarekin ostiko txiki bat emanez berriro buru gainean jarri du. Ikuskizun ederra eskaintzen ari da baina nire inguruan eserita daudenek begiratu ere ez diote egiten, dolarrik eman beharrik ez izateko agian. Mutila bera ere konturatu da. Baina, badakizue, «the show must go on» esaten da eta txilinbuelta batekin amaitu du F metroko hirugarren bagoiari eskaini dion ikuskizuna.

Txapela pasatu du eta bik bakarrik bota diogu dirua, beste guztiek aurpegira ere ez diote begiratu. Eta eztanda egin du mutilak. «Aizue, ez naiz ikusezina. Ez duzue zertan dirurik eman ez baduzue nahi, baina gutxienez ikusi zer egiten ari naizen eta jo txalo batzuk amaieran. Zuetako batzuk metroko leihotik kanpoko iluntasunera begira egon zarete, hori ni baino interesgarriagoa izango balitz bezala. Bronxekoa naiz, familia pobre batekoa. Nire gurasoek ezin izan zizkidaten dantza ikasketak ordaindu eta nire kontura ikasi dut. Orduak eman ditut ikuskizun hau prestatzen eta existituko ez banintz bezala egin duzue. Pertsona bat naiz eta ez naiz ikusezina». Etsita, hurrengo bagoira alde egin du mutilak baina nik ezin dut esan duen guztia burutik kendu.

Errealitateari lepoa ematen diogu sarritan. Lurrean botata dauden eskaleei begiratu ere ez diegu egiten, Gabonetako maratoi solidarioak egiten dituztenean bakarrik gogoratzen gara gosez hiltzen ari diren umeez eta aspaldi ahaztu genuen Yemeneko gerra.

3-4 urteko umeek uste dute begiak ixten dituztenean ikusezin bihurtzen direla eta amaren errieta ekiditeko sarritan egiten dute hori. Agian, helduok ere, ingurukoa ikusi nahi ez dugunean erruduntasun sentimendua eta kontzientziaren errieta ekidin nahi ditugu. Badakigu pribilegiatu hutsak garela, jende gehiegi dagoela gu baino okerrago eta egiten ari garena baino askoz gehiago egin dezakegula beraiei laguntzeko.

Begiak ixten jarraitu dezakegu baina munduko arazoek hor jarraituko dute. Eta metroko mutilak ere bai.