Aitor Maiza Apezetzea - Salto Training
KIROLA

Jarduera fisikoa naturan, eta honen onurak

Udaberria gainean dugun honetan, gero eta jende gehiago ikusten dugu natura inguruetan jarduera fisikoa praktikatzen. Izan ere, hainbat eta hainbat dira jarduera fisikoa inguru naturalean burutzera bultzatzen gaituzten arrazoiak; besteak beste, eguzki ordu gehiago izatea, udako ordutegia eta tenperatura epelen etorrera, natura inguruen berdetasun ikusgarria… Kontuak horrela, aldaketa hauek baliatuz, jendeak jarduera fisikoa natura inguruetan praktikatzea begi onez ikusten da.

Garbi dago jarduera fisikoa eta naturarekiko harremana gizakion bizi kalitatea hobetzeko tresna paregabeak direla, eta zer esanik ez bi tresna hauen konbinazioa. Reyes eta Campos-ek (2020) adierazten dutenez, “jarduera fisiko berdeak” ongizate psikosoziala eta jarduera fisikoarekiko atxikimendua areagotzen ditu, funtzio fisiko eta psikologikoak potentziatzen ditu eta hilkortasun tasak murrizten ditu.

Bestalde, Lawton et al.-ek (2017) erakusten dute, erregulartasunez natura inguruan jarduera fisikoa praktikatzen dutenek antsietate somatiko maila baxuagoak izan ohi dituztela, natura inguruetan jarduera fisikoa praktikatzen ez duten norbanakoekin alderatuta. Eta, hori gutxi balitz, jarduera fisikoa natura inguruan praktikatzeak berak jarduerarekiko atxikimendu handiagoa sortzen du.

Horrenbestez, argi eta garbi esan daiteke natura inguruko jarduerek onura handiak sortzen dituztela edozein norbanakorengan eta modu batera edo bestera praktikatzea komeni dela.

Baina, era berean, kontuan izan behar dugu naturan jarduera fisikoa praktikatzean, kanpo faktore askok parte hartzen dutela eta hauen arriskuak edo ziurgabetasuna ahalik gehien murriztea dagokigula. Azken batean, naturara irtendakoan, ibilbidearen eta lurzoruaren aldaketetara eta irregulartasunera egokitu behar dugu. Horretarako bi gauza kontuan izan behar ditugu: batetik, gure gaitasun fisikoetara egokitutako jarduerak praktikatzea; eta, bestetik, jarduera hauek burutzeko beharrezkoa den oinarrizko prestakuntza fisikoa izatea. Modu honetan, jarduera fisiko berdeez gozatu eta haien onura guztiak jasoko ditugu.