Familia, armairuak eta literatura

Netflixera telesail moduan eraman ostean egin zaigu ezaguna “Heartstopper”, baina akaso ezezagunagoa da aurretiaz Alice Osemanen komikia izan zela, zortzi milioi kopia baino gehiago saldu ditu itzuli den 40 bat hizkuntzatan. Orain, Naroa Zubillaga eta Astiberri etxearen eskutik euskaraz ere izanen dugu irakurgai Nick eta Charlie nerabe homosexualen maitasunezko eta oztopoz beteriko -armairutik edo- bizitzara ateratze istorio hau.
Fikziotik errealitatera salto eginez eta xalokeriari iskin eginez, krisalidatik ateratze bi -berea eta aitarena- dakartza ere Alison Bechdel estatubatuarrak “Fun Home. Familia-istorio tragikomiko bat” (Txalaparta, 2024) oroitidazki grafikoan. Danele Sarriugarte Mochales itzultzailaren erranetan, liburu honi esker sartu zen mainstreamean Bechdel. Hori gerta zedin osagairik nabarmenena: Bechdelen bizitzaren tragedia bera. Tragikomedia, umore ukitu batzuk ere ezinbertzekoak baititu hainbertzeko zorigaitzaren narrazioak. Izan ere, hemeretzi urte zituela konturatu zen Bechdel lesbiana zela, bere «heziketa paperjalearekin guztiz bat zetorren era batean» -«gogoaren errebelazio bat izan zen, ez haragiarena»-. Hortaz, literaturak lagundurik baino gehiago, hamaika egile eta obra unibertsalekin batera, hots, literaturatik egiten du «heteroarautik kanpo bizi nahi izateak (Danele Sarriugarteren hitzak erabiliz) pizten duen emozio (eta aldarte) sortari buruzko kontaketa hau: ausardia, beldurra, lotsa, poz sekulakoa. Horri guztiari erantsi familiarteko harremanak, sekretuak eta traumen herentzia».

Hain zuzen ere, aitaren erlazio homosexualen berri izanen du Alisonek bere ateraldiaren aldi berean eta aitaren irudia betikotz aldatuko zion bertze sekretu batena, baita handik egun batzuetara gertatuko zen heriotza traumatikoarena ere. Aita zorrotz, itogarri, tiraniko eta mingarriki urrun horrek edo, bere hitzak erabiltzearren, «marikoi maniako-depresibo» horrek, ttikitatik utzitako hari-mutur guziak lotuz, Alison bere mania obsesibo-konpultsiboaren sorburuaren bila abiatuko da. Bide horretan, gurasoen eta seme-alaben arteko komunikazio (ezaz) eta erlazioez mintzo zaigu, baina, intimotasun horretatik politikotasunera kulunkan, erpin guziak barne bilduz eta barren-barreneko problematizatze bati muzin egin gabe, maskulinitateari, bitartasunari eta homosexualitateari buruzko gogoeta aurkituko diogu erro-erroan. Finean, aitaren eta alabaren belaunaldi arras ezberdinen arteko aldea ikusaraziz, aske izateko norberak dituen eta gizarteak eskaintzen dizkion tresnen garrantziaz hausnartzeko ezinbertzeko lana dugu “Fun Home”.



