«Sold out»
Zetak, Gatibu, ETS, Fermin, Izaro, Bulego. Salgai jarri ahala agortzen ari dira kontzertu handietako sarrerak. Sold out. Bata bestearen atzetik. Tokatuko zitzaizuen goizean goiz ordenagailu aurrean egotea sarrerak erosteko. Urduri, ilara birtualean harrapatuta. 2 ordu, 27 minutu, 11 minutu. Ordainketaren orrialdea kolapsatuta. Kuadrillakoak Whatsappetik idazten, ea norbaitek zorterik izan duen. Eta azkenaldian kontzertu handietarako sarrerak lortzea kostatzen dena ikusita, loteria irabaziko bagenu bezala sentitzen gara ditxosozko QRa daraman e-maila iristen zaigunean.
Lehengoan lagun batek zioen marketin estrategia iruditzen zaiola hau guztia. Arrakastaren itxura emateko sustatzen dituztela abeslariek eta taldeek sold out-ak eta ilara luzeak. Ikusminaren irudia eman eta hurrengo kontzertuak betetzea lortzen dutela. Ez dakit estrategia izango den ala ez, baina itzela da euskal musikariak lortzen ari direna. Adin eta jatorri guztietako jendea eramaten ari dira kontzertuetara. Gabiriako lagunak, Etxarriko familia, Gasteizko klasekideak, Nabarnizeko lankideak. Lehen ikusten ez nuen aniztasuna ikusten ari naiz kontzertu hauetan eta esanguratsua da horrenbeste lagun euskal musikaren eta euskal kulturaren bueltan batzea.
Berri Txarrak-en betekadei segida emanez, kontzertuei beste dimentsio bat ematen ari dira egungo euskal artistak. Taylor Swift-en eta Coldplay-ren inbidiarik ez duten ikuskizunak egiten ari dira: argi, dantza, mugimendu eta jantzi aldaketekin. Txikiak garela esaten digutenei aurre eginez, handi eta boteretsu agertzen dira oholtza gainean. Euskarazko musikak egungo panorama globalean lehiatzeko gaitasuna daukala erakusten dute. Ozen kantatzen dute, ez garela inor baino gutxiago. Euskaldun izatearen eta euskal kulturaren parte izatearen harrotasuna sentiarazten ari dira eta horrek ez dauka preziorik. Beraz, ilara birtualak egiten jarraituko dut euskal artistak egiten ari direnari babesa emateko. Ez dakit zuek, baina nik behintzat ez dut sarrera barik geratu nahi.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
