SUSTRAI COLINA
IRITZIA

Datez

S. apurgarria,

Martxoaren 8a izan zen atzo, martxoaren 9a da gaur eta “aste txuria”-ri kolorea aldatu behar litzaiokeela esan dizu semeak. Helena Tabernaren “Nosotros” ikusi duzu zineman, liburua ala pelikula hobetsiko zenukeen eztabaidatu, Nagore Laffage etorri zaizu gogora, izenik ez duena nola oroitzen den galdetu diozu L.ri, Polizia libre dabil karrikan, betikotzear daude zure baitako kontrolak, ezinezkoa da larunbat eguerdi batez erreserbarik gabe alde zaharrean bazkaltzea, dagoeneko estatu propio bat izateak ere ez omen luke katalana salbatuko, bere burua plazerez aditzen duelako hartu du bileran hitza 40 urte inguruko gizonezkoak, zu zara 40 urte inguruko gizonezkoa eta, hala ere, nahiago duzu ongi zaudela sinetsi. Zure burua inoiz gelditzen ote den itaundu dizu A.k, zure baitako ahotsak isiltzeko gai zaren, zer egiten duzun garuna itzali eta gorputzera jaisteko, zer sentitzen duzun esku bat bularrean eta bestea sabelean pausatuta. Orduan ohartu zara elkarrizketarako galderak pentsatzen dituzula ibai ertzetik lasterka zabiltzan bitartean, erosketak ordaintzeko ilaran zuzentzen dituzula oker kantatutakoak, eskolarako joan-etorriak probesten dituzula mandatuak egin eta lagunei telefonoz deitzeko, aspaldi ez duzula liburu bat gozamen hutsagatik irakurri, aspaldi ez zarela parkeko bankuko eguzkitan lokartu burua lepo gainetik erauzi eta ondoan paratuta. Ahaztu sistema, ahaztu kapitala, zu zara etengabe produkzioa erreproduzitzen duena. Politikoa intimoa eta intimoa politikoa bada, ez zenuke errudun sentitu behar. Ahal duzuna egiten duzu, ahal duzunean, ahal duzunetik, ahal duzunera arte.

Martxoaren 8a izan zen atzo, martxoaren 9a da gaur eta aste osoko oporraldia izan duten haurrak eskolara itzuliko dira bihar. Nolakoa litzateke zure egunerokoa semerik ez bazenu? Zerk lotuko zintuzke lurrera? Zerk ardaztuko luke zure egutegia? Denbora gehiago izango zenukeela ondorioztatu izan duzu. Denbora gehiago, pentsatzeko. Denbora gehiago, garuneko erreboluzioak oldartzeko. Denbora gehiago, asti gutxiago ukan eta lo gutxiegi egiteko. Ez zara ohartzen, baina semeek hezten zaituzte zu. Ez duzu jakiten askatasunarekin zer egin. Hurrengo astean beteko dira 5 urte etxean giltzapetu zintuztela. Hurrengo astean beteko dituzu 21 urte zure kautan preso. Gabonak ziren behiala, udaberria izango da noizbait.