AITOR MAIZA APEZETXEA - SALTO TRAINING
KIROLA

HRV edo bihotz maiztasunaren aldakortasunaz

(Getty)

Heart Rate Variability (HRV) bezala ezaguna den adierazlea garrantzi gero eta handiagoa hartzen ari da kirolarien egoera fisikoa eta errekuperazio maila ebaluatzeko orduan. HRV edo Bihotz Maiztasunaren Aldakortasunaz hitz egiten dugunean, bihotzaren taupada bakoitzaren artean dauden fluktuazioez ari gara, sistema nerbioso autonomoak erritmo kardiakoa erregulatzeko duen gaitasuna islatzen duela.

Aldagai hau sistema nerbioso sinpatikoaren (gorputzaren estres eta esfortzu erantzunak erregulatzen dituena) eta sistema nerbioso parasinpatikoaren (erlaxazio eta atseden egoerak bultzatzen dituena) orekaren araberakoa da. Hau errealitatera eramanda, bihotz taupaden arteko denbora oso erregularra bada (aldakortasun baxua), sistema nerbioso sinpatikoaren gehiegizko aktibazio bat dugula esan genezake, eta gorputza estres egoera batean dagoela erakusten du.

Kirol arlora etorrita, kirolari bakoitzak estres fisiko eta mentala nola kudeatzen duen neurtzeko balio digu aldagai honek, datu hauetatik abiatuta, entrenamendu prozesuan kargak modu zehatzagoan erregulatu eta hauek nola eragiten duten ezagutu ahal izateko. Modu honetan, gainentrenamendua ekiditea, intentsitatea lantzeko egun egokienak zeintzuk diren identifikatzea edo superkonpentsazio periodoak euren eragina izan duten egiaztatzea ahalbidetzen digu.

Hala ere, kontuan izan behar da HRV baxua, entrenamenduaz gain, beste zenbait estres faktorek eragin dezaketela: kalitatezko atseden baxuak, elikadura desegokiak, edari alkoholdunen kontsumoak, eguneroko estresak, arazo pertsonalak eta abar.

Nola neurtzen da? HRVa bihotz maiztasun monitoreen bidez neurtzen da, fitness eskuturrekoak, kirol erlojuak, bihotz maiztasun bandak eta badira mugikorreko kameraren bitartez neurtzen duten aplikazioak ere. Gailu hauek taupada bakoitzaren arteko denbora (milisegundoetan) neurtzen dute (RR bitarteak) eta, hortik abiatuta, beste zenbait indize kalkulatzen dira bihotz maiztasunaren aldakortasuna neurtzeko.

Amaitzeko, norberaren pertzepzioa eta auto-ezagutza lehenetsi arren, ezin daiteke ukatu laguntza baliagarria eskaintzen duen aldagaia dela HRVa.