Paris, hirigune berdearen ametsa
Klima aldaketari aurre egiteko eta bizilagunen bizimodua hobetzeko, Parisek biodibertsitatea sustatu nahi du bere teilatu eta kale ederren larritasunerako irtenbide berdeekin. Munduan gehien bisitatzen den hirietako bat irtenbide ekologiko, eraginkor eta merkeak bilatzen ari da.

Hirien jasangarritasunaren inguruko eztabaida abiatu dute azkenaldiko bero boladek, euri jasek eta bioaniztasunaren galeraren inguruko kezkek. Klima aldaketa oraina moldatzen ari den errealitatea da. Azken mendeko urbanizazioaren hedadurak espazio trinkoak, grisak eta iragazgaitzak utzi ditu oinordetzan, egungo erronkei aurre egiteko gai ez direnak. Hala ere, badira hiri garapenaren eredua aldatu dutenak, eta, horien artean, Paris kolore berdeko eraldaketaren aldeko laborategi gisa kokatzen da.
Arkitektura eta hirigintza protagonista diren birmoldaketa ekologiko sakonari ekin dio Frantziako hiriburuak. Natura kaleak hartzen ari da, eta badirudi norabide beretik jarraituko duela. Zuhaitzei eta landarediari lekua egiteko, 500 kale oinezkotu eta 10.000 aparkaleku kenduko diren berria aste gutxiko kontua da. Espazio berde berri horiei azken urteetan eraldaturiko ia beste 300 kale gehitu behar zaizkie. Ekimenaren atzean ezkutatzen den helburua argia da: herritar bakoitzak begetazioaren presentzia altua duen kale bat izatea etxetik 300 metro baino gutxiagora. Horrela, ibilgailu kutsatzaileen kantitatea murrizteaz gain, espazio publikoa erresilienteago bihurtzen da, muturreko klimetara moldatzea ahalbidetuz. Parisko hiriaren %40k landaredia izango du kaleetan hiru urteren buruan (2020an zifra hori %12 zen), hiri eredua erabat egokituz XXI. mendeko garaietara.
Parisko berdatzea ez da, ordea, kale mailara mugatzen, estrategia berritzaile eta oparoenetakoa estalkien eraldaketa da. Arlo horretan, Roofscapes nazioarteko esparru akademikoan sortutako enpresaren lana da, egokitzeko eta berrerabiltzeko arkitektura proposatzen duena. Hutsetik eraiki edota eraitsi beharreko egoeren aurrean, esku hartze zehatzen eta ekologikoen aldeko apustua egiten dute, Parisko hiri paisaia behar berrietara egokitzeko. Azalera grisak eta erabilerarik gabekoak lorategi bihurtzen dituzte tenperaturak leuntzeko, euri ura xurgatzeko eta karbonoa harrapatzeko asmoz. Birmoldaketak, gainera, erabilera komunitario berriak sustatzen dituela esan beharra dago, gizartea indartuz planetaren zaintzaren alde. Roofscaperen filosofia erro sendoetatik abiatzen da: espazioa irekita dago, hortaz, bizigarria egitea soilik falta da, orainaldiko zein etorkizuneko klimara egokitzeko. Haien ustez, arkitekturak garai hauetako gizarte eta ingurumen beharrei erantzun behar die, eta ez iraganeko logika zaharrei.
Bulego berritzailearen metodologiak moldagarritasunean oinarritzen da, irtenbide pertsonalizagarriak garatzen dituzte, hainbat testuingurutan errepikatu daitezkeenak, tokiaren ezaugarriak eta sentsibilitatea galdu gabe. Abian dituzten proiektuen artean, 2024ko udaberrian buruturiko proiektu pilotua dago, laugarren barrutian dagoen udaletxe zaharraren estalkian kokatua, gaur egungo Académie du Climaten egoitza. Prototipoa Parisko udaleko Trantsizio Ekologiko eta Klimarako Departamentuak finantzaturiko I+Gko kontratu baten esparruan garatu da, eta Roofscapesen klima egokitzapenerako proiektuen eragina baldintza errealetan neurtzea du helburu.
Klima aldaketaren aurkako borrokak ez duela beti azpiegitura handien beharra erakusten dute, eta hiriko ekosistema edozein espaziotan birsor daitekeela gogorarazi nahi dute.
Honako ereduari erreparatzea ongi legoke, izan ere, berdatzea ez datza zuhaitzen landaketa soilean, baizik eta bizi garen moduari bueltak ematean eta hura birpentsatzean, partekatzen dugu espazioaren erabileraren eta ingurunearekin daukagun harremanen inguruan hausnartzean.