Udako azala
Kresala azalean, lakartutako ilea, hondar arrastoak behatz artean beti. Marmoka bat, uretako betaurrekoen beste aldean. «Ez naiz gehiago bainatuko». Patata-tortilla ogira itsatsita. «Ama zenbat falta da digestioa egiteko?». Arrautza txanpua, nocilla sandwichak igerileku izkinan, gorritutako masailak, after sun. Limoizko jela izozkiak, bainujantzi berria, igerian ikasteko ikastaroan ia itotzea. Belarretara joatea, urardoa, suge txiki batekin ikaratzea. Lagunekin petrilean eseri eta pipak jatea. Akelarre, zikiro-jana, txanda txosnetan. «Ama utzi joaten, lagun guztiak joango dira...». Negoziaketa, negoziaketa, negoziaketa. Zuritoa, xolomo-gazta ogitartekoa, patata frijituak furgofarran. Ligatu dutenen zerrenda, haserretu direnena. Kanpin-denda muntatzeko komeriak. Soka-dantza, salda-banaketa, oilasko-biltzaileak. Hondartzan kuadrillako horri arrain-ezkatak aterako zaizkiola pentsatzea; besteari bularrak noiz atera zaizkion galdetzea zure buruari. Txorizo ogitartekoa.
Gauza ederra izan daiteke uda, kanpoko azala janzten dugun sasoia. Urte guztiek badute uda bat. Kanporako moduko eguraldiak egiten omen du berezi. Neguan barrura begirako trajea janzten omen dugu. Neguko jaiak ere herri barrukoak omen, gertukoekin ospatzekoak, erritu txikiagoak, bertatik bertarakoak. Udan, baina, askoz gehiago hedatzen omen gara, luzatu eta zabaldu egingo bagina bezala. Udako jaiak beste herrietako jendea ezagutzeko diseinatuak omen daude, azala azalarekin, beroaren aitzakian.
Beharrezkoak ditugu udak. Ordutegia guraizez ebakitzea, planak inprobisatzea, herriak bere jaien bidez ezagutzea, herritarrak jaietan ezagutzea. Adinaren arabera, usain desberdina hartzen du. Sasoi batean udak txosna eta izerdi usaina dauka eta sandaliak lurrari pegatuta geratzen dira ordu txikietan. Azal usaina dauka, gehiegi gerturatzen diren hatsena, mingainena. Ezagutu berri direnen usaina, aspaldiko ezagunak hobeto ezagutzen direnekoa.
Usain zoragarriak, gustu duenak probatzeko. Etxetik abiatzerako ispiluaren aurrean jarri eta norbere buruari gogorarazi behar ‘gustu duenak’. Gerta daiteke norbaitek gustuko ez izatea, bidean damutzea, jolasa eten nahi izatea. Gerta daiteke lehen muxuan, edo hamargarrenean.
Nik nire buruari ‘uda’ esan eta piztu zaidan oroitzapen segidaren kolore eta usainen parekoak desio dizkiet emakume guztiei. Haserretu izan gara udan, azala erre zaigu hondartzan eta negar egin dugu komun eramangarri zikin batean. Baina uda esan eta memoriaren azala tentetzen zaigu, gustuz. Ez da asko eskatzea, ezta?
No mirar arriba

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos

Izaskun Ellakuriaga, Azoka hauspotu zuen emakume ekintzailea

