Bernardo Atxaga
IRITZIA

Ez segi irudimenari

Zenbat engainatzen duen irudimenak!”, hots egin zuen piszina bateko belazean etzanda zegoen mutiko batek. Erne jarri, eta kexu haren arrazoiaz jabetu nintzen: zomorro batek hozka egin berri zion. Jakina, neguko egunetan, joan eta etorri ikastetxera, hartu oporrak gogoan, eta ez zuen mutiko hark ez eltxo, ez liztor eta ez ezpararik ikusiko. Soilik eguzkia, zeru urdina, gau garbi bateko izarreria. Bai, irudimenak engainatu egin zuen. Halaxe da beti. Halaxe gertatu zen, egutegiko puntu bat hartzearren, 1985eko uztailen 7ko gorabeherarekin ere.

Egun hartan, Joseba Sarrionandiak Martuteneko kartzelatik ihes egin zuen Iñaki Pikabearekin batera, eta jende askok gertaeraren eguzkitasuna, urdintasuna, izartasuna bereganatu zuen istantean. Baita nik ere. Lisboan ikusten nuen nire adiskidea, Praça do Comércio-n banillazko izozki bat jaten, edo bibote eta betaurreko faltsuekin Londresko pub batean kontzertu bat entzuten garagardoa edanez, eta iruditzen zitzaidan -ai, irudimena!- kartzelatik mundurako jauzia pertika batekin burutu zuela, edo bestela hegan. Geroago, entzun “Sarri, Sarri, Sarri” kanta alaia, ikusi jendea harekin poz-pozik dantzan, eta nire ustea finkatu egin zen.

Halako batean, ordea, zomorroen berri izaten hasi nintzen: hilabeteak egon behar izan zuela hertsirik Ainhoa jaio berriaren etxean; gero, berriz, herrari ibili zela naziorik nazio, eta, besteak beste, dezepzio galantak jasan zituela; portu seguruago batera iritsitakoan ere estu bizi izan zela luzaro, arroza beste jatekorik ez zuela.

Egun batez, gaueko tren bateko pasilloan, Imanol abeslariarekin egokitu nintzen ustekabean. Gogoratu: bera izan zen bafleak -baleak- Martutenen sartu zituena bertako bi jonas barruan gorde zitezen. Abailduta zegoen. “Gorrotoa besterik ez diat jasotzen Euskal Herrian. Ez zidatek inon kantatzeko deitzen. Ikusi al dituk nire kontrako pintadak? Hau merezi nuen, orduan?”. Negarrez hasiko zela ere iruditu zitzaidan. Gaueko trenaren burdinazko gurpilen zaratak ez zuen laguntzen, eta ezer taxuzkorik erantzun gabe itzuli nintzen nire eserlekura.

Irudimenari segituz gero, ezin dira sufrimendu gehienak ikusi. Ez Joseba Sarrionandiak edota bere familiakoek isilik jasandakoa; ez Ainhoaren gurasoena; ez Imanolen kalbarioa bere bizitzako azken urteetan. Eltxoak, liztorrak, ezparak. Ez da zuzena, arinkeria bat da, ipuinkeria bat ere bai, eta halakorik gerta ez dadin, utzi irudiak, ispilu kimerikoak, eta pentsamendua jarri beharko genuke gidari. Gezur bigunik ez, arren, belaunaldi berriei!

Bukatzera noa hurrengo puntuan: Joseba Sarrionandiari laudorioa egiteko ez da irudimenik behar. Nahikoa da haren lan apartekoen zerrenda irakurtzea. Oso gutxik izan ohi duten argitasun eta kemenez, bere eguzki, zeru urdin eta gau izartsuen atzetik ibili da betiere, zeinahi egoeratan, bai kartzelara joan aurretik, bai kartzelan, bai arroza besterik jaten ez zuen garaietan. Eta orain? Orain ere bai. Beldur naiz ez ote didan luze gabe kenduko nire HHK mundu-marka (herri-koxkorretan emandako hitzaldi kopurua neurtuta aitortzen dena, hain zuzen ere). Haren itzulerak emandako poz handia, horixe dut pena bakarra.