Unai Jorge Fernandez - Salto Training
KIROLA

Kartzela eta jarduera fisikoa

Jarduera fisikoa egitea modu bikaina da osasun fisiko eta mental onaz gozatzeko eta bizitza osasuntsua izateko. Hori dela eta, kirola edo ariketa fisikoa egitea ezinbestekoa izaten da krisi garaian, baita espetxeetan ere, non mugikortasuna mugatuagoa den eta itxialdiaren baldintzek ez duten baikortasunerako aukerarik uzten.

(Getty)

Antzinatik egon dira espetxeak, baina urteen poderioz horien esanahi edo helburua aldatzen joan da, eboluzionatzen. XVIII. mendearen aurretik kartzelen funtzio nagusia zaintza eta zigorra ziren, maiz monarkaren edo Jainkoaren autoritatearekin lotuta. Mende horretatik aurrera, gizarte eta filosofiaren aldaketekin eta Ilustrazioa iritsita, espetxeak ikuspegi arrazionalago eta humanistago bat izaten hasi ziren; horrela, zigorraren bitartez, gizabanakoa errehabilitatzea zen jomuga, honen birgizarteratzea bilatuz. Aldaketa nagusia XIX. eta XX. mendeetan gertatu zen, gaur egun ezagutzen dugun espetxera hurbilduz. Horrela, kartzelen helburu nagusiak aldatu egin dira eta gaur egun, teorian, xede hauek ditu: lege-hausleei zigorra ezartzea; atxilotuta, delitugileak epaiketa izan arte gizartetik urruntzea; horiek errehabilitatzea, berriz ere gizartean bizi ahal daitezen; eta prebentzioa, pertsonek delitu bera errepika ez dezaten.

Logikoa denez, XX. mendetik aurrera kartzelek hartu zuten norabide berria ikusita, presoen gizarteratzea lortzeko, espetxeek preso bakoitzaren behar indibidualak kontuan hartu behar lituzkete. Horrela, programa integralak eskaini beharko liratezke, non hezkuntza, lanerako prestakuntza, laguntza psikologikoa, osasun zerbitzuetarako sarbidea, jarduera fisikoa, kirol eta aisialdiko jarduerak… jorratu beharko liratezkeen. Programa horiek eskuragarriak eta borondatezkoak izan behar dira, presoen giza eskubideak errespetatuz.

Espetxeetan jarduera fisikoa sustatzeak helburu nagusitzat presoen osasun fisikoa eta mentala hobetzea du, ohitura osasuntsuak sustatuz eta, bide batez, estresa eta antsietatea murriztuz. Espetxea ez da leku atsegina eta tentsioa gailentzen den egurats horretan egoteak estres egoera larriak sor ditzake. Jarduera fisikoa ere aterabide psikologiko egokia izan daiteke presoarentzat. Gainera, zeharkako beste hamaika helburu bete daitezke jarduera fisikoa erreminta gisa erabiliz. Argi dago kartzelan orduak luze joan daitezkeela eta, mugimenduaz baliatuz, denbora huts hori bete daiteke. Gainera, zentzuzko helburuak ezartzen badira, diziplina eta autokontrola sustatzen dira, bakarkako jardueretan batik bat (korrika, indar lana, yoga, igeriketa…). Talde kirol edo dinamiketan (futbola, saskibaloia, acrosport, txapelketak…) trebetasun sozialak lantzen dira.