Logroño, sormenaren laborategi
Concentrico-k, Logroñoko Arkitektura eta Diseinuaren Nazioarteko Jaialdiak, 10. urteurrena ospatu berri du. Ekitaldi honek espazio publikoa bizitzeko modu berriak aztertzen ditu. Hiriak nolakoak nahi ditugun hausnartzeko gogoz dauden nazioarteko sortzaile asko biltzen ditu ekimenak.

Hamar urte pasatu dira Concentrico jaialdiaren lehen ediziotik, eta azkena, aurtengoa, duela bi aste ospatu berri da. 2015ean sortu zenetik, Arkitekturaren eta Diseinuaren Nazioarteko Jaialdiak hiri-laborategi bihurtu du Logroñoko hiria, eta bizitzeko modu berriak irudikatu dira. Ekimenaren hedadura handitzen joan da urtez urte, proiektu iraunkorrekin, nazioarteko ibilbideekin, erakusketekin eta hezkuntza-programekin. Testuinguru horretan, jaialdiak hirien oraina eta etorkizuna pentsatzeko plataforma kritiko eta ireki gisa jardun ohi du, komunitate sortzaileak, erakundeak eta herritarrak prozesu berean konektatuz.
Aurtengo programazioa lau gai handiren inguruan egituratu da, gaur egungo bizimoduaren funtsezko dimentsioak jorratzen dituztenak: elikadura, klima, ura eta prozesu sozial nahiz erritualak. Hausnarketa horiek eraldatzen ari den hirian zeharreko ibilbidea proposatzen dute, non diseinua etorkizun posibleak irudikatzeko tresna bihurtzen den, elkarbizitzarako modu desberdinak esperimentatzeko eta espazio publikoaren inguruan hamar urteko pentsamendu kolektiboa ospatzeko.

Muturreko beroari aurre egiteko helburuarekin bi instalazio iragankor kokatu dira, uraren eta herritarren parte-hartzearen bidez espazio publikoaren erabilera birpentsatzeko. “Monumental Splash” (SalazarSequeroMedina) instalazioak Esparteroren Iturria aldi baterako igerileku publiko bihurtzen du, oasi irisgarria, ludikoa eta inklusiboa sortuz. Esku-hartzeak hirien erdigunean gune freskagarrien beharra nabarmentzen du. Instalazioak urarekiko interakzio zuzena sustatzen du, krisi klimatikoaren aurrean duen balioa ikusaraziz. Aldamio eta panel berrerabilgarriz osatutako egitura zirkularrak monumentuen rol estatikoa zalantzan jartzen du, herritarren egungo beharretara egokitzea proposatuz. “Round about Baths” (Leopold Banchini Architects) proiektuak, berriz, normalean iritsezina den biribilgune bat komun publiko bihurtzen du. Higienea eskubidetzat defendatzen zuten XIX. mendeko gizarte-mugimenduetan oinarrituta, instalazioak aldagela, lurruna eta ur hotza ditu, eta intimitatea eskaintzen du hirigune zalapartatsuan. Zurezko egiturak ahazturiko espazioen potentziala agerian uzten du, eta hura zer izan litekeen hausnartzen du. Aldi baterako bi azpiegiturek, berrerabilgarri eta kostu txikikoek, eguneroko esperientzia eraldatzailea bilakatzen dute.
Naturaren eta ekologiaren ikuspegitik pentsatzera gonbidatzen gaituzte, aldiz, beste zenbait proposamenek. “A Third of Life” (Suomi-Koivisto & IC-98) esku-hartzeak lehortearekiko erresistentea den lorategi batean murgiltzen gaitu Logroñoko alde zaharreko zabalgune betean. Ingurune intimo eta begetala sortu dute, hiriko gainontzeko bizidunen presentziaz ohartarazteko, hala nola intsektuez, tximeletez kasu, eta landarediaz. Bestalde, “La batalla del jardinero planetario” (Borneo) instalazioa Gilles Clement-en filosofiatik abiatzen da; hirugarren paisaiaren inguruan hausnartuz, aniztasunaren babesleku gisa aurkezten da hiri-hutsunea. Instalazioaren egitura parte-hartzailea eta ludikoa da, eta herritar bakoitzak ingurunea babesteko duen kontzientzia ekologikoa eta rol aktiboa sustatzen ditu, planeta zaintzeko modu berriak irudikatzera gonbidatuz. Bi proposamenek klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko alternatiba sentikor eta poetikoak eskaintzen dituzte.

Eskala txikiagoko esku-hartzeak ere izan diren arren, begirada berriak zabaldu dituzte, beste espezieekiko loturak sortuz eta kontzientzia ekologikoa aktibatuz. “Picos” (Chris Kabel) hegaztientzako babesleku gisa diseinatutako mikroarkitektura da; lau ohol erabiliz, estetika geometrikoa zein funtzio ekologikoa betetzen ditu, eta mehelin biluzia besteen bizileku izan daitekeela erakusten du, kanpoaldeaz bereizten gaituen geruzaren funtzioa haratago zabalduz. “Reciclar la ecología” (Abad) ere ildo horretatik doa, eta plazetan aurki daitezkeen hiri elementuetan oinarrituz, saguzar, tximeleta, txolarre edota katuentzako habitatak proposatzen ditu. Hala nola hirian bazterkeriari eta babes faltari aurre egiten dioten beste bizimodu batzuentzat “etxebizitzak” sortuz. Bi ekimen horiek, txikiak izan arren, hausnarketa indartsua sustatzen dute eguneroko espazioak beste izaki batzuekin partekatzeko moduari buruz.
Oro har, esku-hartze guztiek hiri sentikorragoak, anitzagoak eta irekiagoak irudikatzera gonbidatzen gaituzte, hainbat erronkari modu sortzailean erantzuna emanez eta hiritarrak imajinario berrietara gonbidatuz. Ea nola txunditzen gaituen hurrengo edizioak; irrikaz geratuko gara zain.

«Saltsa Nostra», falta pan para tanta salsa

Por una actitud más saludable en Navidad

Paula Ostiz e Imanol Etxarri, una simbiosis de éxito mundial

Mirando a los ojos del pueblo saharaui
