Iragana eta etorkizuna lotuz
Gaur Getariara goaz, zehazki, Zarautz jauregira. Gipuzkoako kostaldeko herri xarmagarri honen bihotzean dagoen eraikinaren zaharberritze prozesua burura eraman du Garazi Aranguren arkitekto eta 7K-ko kolaboratzaileak eta lehen pertsonan deskribatzen du bertan egindako lana.

Getariaren bihotzean dagoen eraikin berezi honen hormetan milaka istorio jasotzen dira, eta horregatik, Zarautz jauregiko esku-hartzea sentsibilitatez eta maitasunez eginiko lana izan da, lehen pertsonan bizi ahal izan dudana eta guztiok ezagutzera gonbidatzen zaituztedana.
Proiektuaren xedea argia zen hasieratik: udalerri txiki baina bizi baten behar kultural eta publikoak asetzea, horretarako bere hirigune historikoaren barnean hondamendi egoeran zegoen ondare eraikin bat birgaituz eta honen iraunkortasuna bermatuz.
2004az geroztik bertan eginiko indusketa arkeologiko, analisi estratigrafiko, eta bestelako ikerketak laguntza handia izan dira bide horretan. Horiei esker dakigu, adibidez, fatxada nagusian ikusten dugun itxura gotikoa, izatez, garai ezberdinetako pixkanakako handipen eta birmoldaketen emaitza dela. Elkarri gainjarrita daude, XIII. mendeko dorretxetik XVII. mendera arte hazten joan ziren horma-faseak, zeinaren gainean, suteek, gudetako kanoikadek eta erosioak beren aztarnak utzi dituzten.

Jauregiaren altxor handienak, ordea, barnean daude, hala nola erromatar garaiko aztarnak, arrokan zizelkaturiko morteroa, dorre gotikoaren zimenduak eta elementu errenazentistak.
Horietatik guztietatik nabarmenena, baina, izkina batetik sartu eta eraikinaren hiru solairu okupatzen dituen San Salvador elizaren kontrahorma da. Harrizko masa handi hau Elizaren eta Zarauzko jaunen arteko botere-norgehiagokaren sinbolo fisikoa da, eta bere presentzia ikusgarriak definitu zituen gure esku-hartzearen nondik norakoak hasieratik.
Horrela, proiektua kontrahorma honen inguruan patio eskultoriko bat sortzetik hasten da, sartu eta berehala topatzen dugun “hutsune” handi bat sortzetik, argi zenitalaz argiztatua. Ondoren, honen inguruan “hutsunearen negatiboa” antolatzen da, erabilerak jasoko dituena: Behe solairuan turismo bulegoa, tarteko solairuetan Elkano eta lehen mundu-bira omentzen duen espazioa eta teilatupean erabilera anitzeko gela. Zurezko egitura prefabrikatu berri hau, garabi batekin piezaz pieza sartu behar izan zena, harrizko hormek mugatutako espaziora egokituz diseinatu da, pisu guztia lurreko zimenduetara transmititzen duelarik.

ITSASOARI BEGIRA
Azken mailan, hormen geometria irregularrei erantzuteko, zutabeen egitura eten eta erdiko pilarea tripode alderantzikatu gisa deskonposatzen da, gailurraren posizio posibleetara egokitzeko aukera emanez. Honek eta hormen gainean kokaturiko alfeizarraren soluzioak, hormen egonkortasuna hobetzeaz batera, estalkiaren pisua uniformeki transmititzea bermatzen digu, espazio diafano bat sortuz aldi berean. Xehetasun honen lanketari esker, horma eta estalkiaren artean leiho-lerro garbi bat sortzen da, begien altueran eta teilatu-hegalaren ilunpean ezkutatuta geratzen dena, itsasoari begira.
Eraikineko protagonista nagusiak, ordea, honen fatxadak eta bere hutsuneak bihurtu dira. Hutsune hauek, guztiak ezberdinak, XX. mendean adreiluz eta zementu morteroz estaliak izan ziren, hormen egonkortasuna bermatzeko. Irudi zaharrei esker bagenekien hauetako batzuk desitxuratuta zeudela eta adreiluak kentzen ahaleginduz gero gehiago apurtzeko arriskua zegoela. Horren aurrean, bi estrategia bide hartu ziren: irekitzen ez ziren hutsuneetan, adreilu-oihalak kare-morteroz estali eta gainean metalezko plaka beheratu bat jarri zitzaien, bertan existitu zela dokumentatua zegoen hutsunearen irudi abstraktu bat lortuz. Irekitzen zirenen kasuan, adreilu zatiak kendu, harrizko egitura berreraiki, eta marko metaliko autosostengatu bat egin zitzaien, harria ukitu gabe, forma aldakorretara egokitzen zena. Horrela, fatxada narratibo bihurtzen da, garai ezberdinen hainbat irakurketa modu didaktikoan gainjarriz.
Vaumm Arkitektura-rekin eginiko proiektu honen bidez, horma hauen balio historikoa nabarmentzea lortu da, eta, aldi berean, birgaitze fasea eraikuntza prozesu historiko zabal baten beste atal bat bezala txertatzea, eraikina biziberrituz eta etorkizunari begira jarriz
Navidades invertidas

«Ser los más salvajes tiene su belleza, y yo ahí me siento muy cómodo, porque es coherente con lo que pienso, digo y hago»

El mercado de Santo Domingo, a debate

La mercantilización de la menopausia
