Amaia Uribe
IRITZIA

Uda (edo)

Asteak dira uda hasi zenetik, baina nik aurten ez daukat uda denaren sentsaziorik. Lanean jarraitzen dut, ohi baino beranduago hartu ditut oporrak eta behin baino ez naiz joan hondartzara. Aurten, gainera, orain arte sekula sentitu ez dudana sentitu dut: kontziliatu ezinaren antsietatea. Eguneko udalekuetara eramaten dugu semea. Ustez, konponbide ona zirudien, baina laguntza baino gehiago, ardura bihurtu da niretzat. Semea campusera eraman, hartu, egun bakoitzeko ekintzetako motxila prestatu, campuseko kamiseta beti garbi eduki, lanera joateko norbaitekin utzi, begiraleek sortutako Whatsapp taldera adi egon… Eskerrak hiru aste bakarrik izan diren.

Gogoan ditut umetako uda amaigabeak. Lagunekin jolastea, bizikleta hartu eta herriari buelta ematea, lagunekin jolasean jarraitzeko atun bokadiloa afaltzea, hondartzako hareazko gazteluak, igerilekura salto egitea… Gogoan ditut, baita ere, gaztaroko udak. Herriz herri juergan ibiltzea, lagunekin hondartzara joatea, txosnetako kalimotxoak, gaupasak, udako zinea, lehen muxua… Dena udan gertatzen zen eta uda topera bizi genuen. Tamalez, uda haiek ez dira itzuliko eta agian hori jakiteak ez dit uzten uda dela barneratzen. Horri nekea, antsietatea eta kezkak batzen badizkiogu, uda baino, guda niretzat.

Badakit pribilegiatu hutsa naizela. Badakit pribilegiotik idazten dudala. Lana daukat, soldata duina eta 22 opor egun hartzeko. Estatu Batuetako nire lagunek 10 egun baino ez zituzten izaten. Japoniako langileek ere 10 opor egun izaten dituzte ordainduta. Mexikon 6 eta 12 egun artean, eta Txinan, 5 baino ez. Nola demontre egiten ote dute lana eta seme-alaben zaintza uztartzeko?

Horri buruzko gogoeta egiten ari naizela, titular deigarria irakurri dut egunkarian: “Gurasoen %60k estresa sentitzen du seme-alabek oporrak hartzen dituztenean.” Orain arte esajeratuak iruditzen zitzaizkidan titular horiek. Aurtengo udan, baina, portzentaje horren barruan nago.