Erreskateak
Gorbeian egon gara, eta mendi buelta lasaia izan behar zuena ezusteko erreskate bihurtu da. Gurutzetik jaisten ari ginela, emakume bat ikusi dugu lurrean botata. Alboan, senarra larri. Ea ondo dauden galdetu diegu, eta erori eta hankan min hartu duela esan digu emakumeak. Ez dauka itxura onik. Orkatila eskegita dauka, koskor handi bat erdian. Senarrak esan digu deitu duela 112ra eta, behe lainoa dagoenez, ez dutela helikopterorik bidaliko. Pazientzia izateko gomendatu diote. Gurekin mendira etorri den laguna erizaina denez, ahal duguna egiten hasi gara. Erosoago esertzen lagundu diogu. Ura eskaini diogu. Baina ez dago askoz gehiago egiteko. Itxaron, besterik ez. Kontatu digute Leioakoak direla eta bost seme-alaba dituztela. Udaleku batzuetan daude umeak, eta, hara non, atzo helikopteroz erreskatatu behar izan zituzten galdu egin zirelako. Nahi badugu, joateko esan digute, baina nola utzi hor bakarrik? Berba eta berba, ordubete joan da. Oraindik ez da inor ageri. Emakumeak min gero eta handiagoa dauka, aurpegian igartzen zaio. Behe laino gero eta handiagoa dago. Ordu erdi beranduago, txaleko hori batzuk ikusi ditugu urrunean. Haiek izango direla pentsatuz, aldapan behera joan naiz. Eta, bai, Ertzaintzaren erreskate taldekoak dira. Esan didate Anboton egon direla beste erreskate batean, eta min hartu duen emakumea non dagoen esan eta berehala walkie-talkietik abisua eman diete. «Suhiltzaileak Arabako aldetik igo dira; gurutzean daude eta biktimarengana hurbiltzen ari dira».
Alde batean, lau suhiltzaile eta bi ertzain ohiko erreskate bat egiten. Beste aldean, bost heldu eta bi ume ezusteko erreskate baten lekuko. Hanka immobilizatu diote eta manta termikoa jarri. Ostean, esku-ohera igo dute. Ikusten da erreskate taldeko kideak ohituta daudela halakoetara. Euretako batek Osakidetzako norbaitekin hitz egiten dihardu telefonoz. «43 urteko emakumea. Bere kordean dago». Suhiltzaile batek argi ikusi du: «Nik uste tibia eta peronea hautsi dituzula». Ebakuntza egin beharko diotela pentsatuz eta behe lainoa aldentzen ari denez, helikopteroa mobilizatu dute. Gure umeak ezin sinistuta daude. Ikuskizuna da beraientzat.
Iaz, 381 erreskate egon ziren Euskal Autonomia Erkidegoko mendietan. Eguneko erreskate bat baino gehiago. Batzuk ondo atera ziren, beste batzuk txarto. Baina erreskate horien %99 dohainik atera zitzaizkien biktimei. Gurean, arduragabekeriaz jokatzen dutenei bakarrik kobratzen zaizkie erreskateak. Adibidez, alerta egun baten mendira doazenei. Azken 4 urteotan 14 lagunek bakarrik ordaindu behar izan dituzte salbatze lanak, eta batez beste 1.000 euroko ordainketak izan dira. Pentsatu nahi dut arduraz jokatzen dugulako izango dela.
Leioako emakumearen kasuan istripu bat izan da. Edonori gertatu ahal zaio. Jakin-minez bazaudete, kontatuko dizuet, suhiltzaileak esan duen moduan, tibia eta peronea hautsi dituela, eta, ebakuntza egin ostean, etxean dago sendatze bidean.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos
