Klima aldaketaz
Sua eta sua. Uda honetan ere milaka hektarea kiskali dira. Oraingoan, Gaztela eta Leonen, Extremaduran, Galizian eta Asturiasen. Aurretik, Portugalen edota Grezian. Uda iristen denean, suteak albiste izaten dira, eta urteak daramatzagu horrela.
Argi dago ez dela kasualitatea. Argi dago ez dela zorte txarra. Argi dago klima aldaketaren eraginetako bat dela. Uda lehorrak + muturreko tenperaturak = sute gehiago eta larriagoak.
Azken bi hilabeteotan inoiz baino abaniko gehiago ikusi ditut inguruan, eta lagunen arteko hizketagai bihurtu dira haizagailuak. «Egongelan daukadanarekin ez da nahikoa, eta nik beste haizagailu bat erosi dut logelarako». «Nik gauean ere martxan izaten dut, bestela lorik ere egin ezin!». Tenperaturek marka guztiak gainditu dituztela uste genuenean, marmotaren eguna. «Sekula egon den udarik beroena izan da honakoa». «Inoizko tenperatura altuenak utzi dizkigu bero oldeak». Non geratu dira uda epelak, iluntze freskoak eta iparraldeko tenperatura gozoak?
Munduko txoko guztietara iritsi da beroa, eta gero eta gehiago dira klima aldaketari aurre egiteko aurrekaririk gabeko ekimenak sustatzen ari diren herrialdeak. Danimarkan zerga jarriko diete behien korrokadei. Jakin badakigu behiek eta txerriek modu horretan isurtzen dutela metanoa, eta metanoa da berogailu efektua duen gasetako bat. Hala, ez duen zerga honekin, behi bakoitzeko 100 euroko zerga izango dute abeltzainek. Suedian, berriz, hirigintzan jarri dute fokua, eta ekoauzoak eraiki dituzte aldaketa klimatikoari aurre egiteko. Arkitektura moderno eta jasangarriari esker, energia berriztagarriekin funtzionatzen dute auzo hauek eta isurtzen dutena baino CO2 gehiago xurgatzen dute.
Konpromiso politikoa ezinbestekoa da, eta konpromiso pertsonala ere bai. Politikariei begira egon barik, geuri dagokigu ohiturak aldatu eta neurriak hartzea. Okela gorri gutxiago kontsumitzea, bigarren eskuko arropa erostea, hondakin gutxiago sortzea, autoa hartu ordez oinez ibiltzea. Aukeratu nahi duzuena, baina egin zerbait.
Donald Trumpek eta Voxek klima aldaketa ukatzen jarraituko dute, baina aspaldi iritsi zen gurera, eta ezer egin ezean gorriak ikusiko ditugu. Tenperatura gorrietan gorrienak.
No mirar arriba

Iraultza eta erresistentzia lekuak, memoria kolektiboaren gordailu

«Itxaropentsu nago herri honek borrokarako grina daukalako»

Un «time-lapse» por seis décadas de recuerdos personales y colectivos
